«Lasterketa batzuetan, emakumezko onenak 500 euro jasotzen ditu, gizonezkoak, berriz, 50.000 euro»

Josu Artutxa 2018ko api. 8a, 11:02

Kantu batek dio, eroriz ikasten dela oinez. Bada, Eukene Larrarte Arteaga (Tolosa, 1998) txirrindulariari gauza bera gertatu zitzaion bizikletarekin. Futbolean bizitako urteak atzean utzi eta pedalei eragiten hasi zen duela lau urte.

Orain, gaztetxoagoa zenean sinatuko lukeen palmaresaren jabe da, eta ez du denborarik galdu nahi. Entrenatzen jarraitzea da bere helburu bakarra, emaitzak onak hala txarrak izan, denborak erabakiko duelako noiz iritsiko diren.

Nola gogoratzen duzu txirrindularitzan aritutako lehen aldia?

Lehen aldia eroriko batekin gogoratzen dut. Beti oroitzen naiz aitarekin joaten nintzela ibiltzera, edo behintzat berarekin hasi nintzela, bere atzean jarri eta ibilbide ezberdinak eginez. Hasieran, deskonektatzeko ariketa moduan hartzen nuen zerbait izaten zen, baina ez nuen espero honetaraino iristea, guzti honen atzean dagoen mundua ez nuelako ezagutzen.

Zer da txirrindularitzak kirolari eta emakume bezala eman dizuna?

Gauza asko eman dizkit. Pertsona ordenatua kontsideratzen naiz, eta txirrindularitzak, diziplina bat eman dit egunerokotasunari dagokionez, eta orain nire egunak aurrez programatuta izaten ditut. Etorkizunean edozein lanetan sakrifikatzeko ahalmena ere eman dit, eta talde-lanean jarduten ere ikasi dut. Azkenik, egun txarrak onak baino gehiago izaten direnez, on bakoitzeko txar guztiak gainditzeko indarra ematen dit.

Txirrindularitzaren kasuan, gizonezkoekin konparatuta, emakumezkoen artean maila baxuagoa dela esaten da. Zein da horri buruz duzun iritzia?

Konparazio horiek mitoak iruditzen zaizkit.

Emakumezkoen egutegian badira itzuli handiak, baina ez hain luzeak, ezta hainbeste ere; podiumean, gainera, emakumeak aritzen dira sariak banatzen.

Ematen du emakume batentzat ezinezkoa dela hiru asteko itzuli bat egitea. Hori ez da horrela. Bestetik, sari banaketetan, podiumean ikusi ohi dugun irudi hori ez zait batere gustatzen. Badirudi ezin dutela kirolariak izan, eta irudietarako bakarrik erabili daitezkeela. Azken Emakumeen Birako kartelak ere sekulako polemika sortu zuen, emakumearen irudi sexista erabiltzeagatik. Zergatik ezin liteke emakumezko bat bizikleta gainean malda bat igotzen jarri, sekulako esfortzu aurpegia duela?

Erresuma Batuko itzulian adibidez, sariak berdinduko dituzte, orain arte ez bezala. Bazenekien?

Australiako beste itzuli batean ere berdina egin behar dutela ikusi dut. Gainerako itzulientzat erreferentzia bat izatea espero dut. Itzuli batzuetan gertatu izan da emakumezko azkarrenak 500 euro irabazten dituen bitartean, lehenengo gizonezkoak 50.000 euro jasotzea, eta azkenean esfortzua berdina da, baina emakumeari trufa egiten diote.

Beste lau emakumezko kirolariak ezagutzen dituzu?

Nerea (Eizagirre) futboleko urteetatik ezagutzen dut eta gehien ezagutzen dudana da. Urte haietan, nirekin entrenatzen zuen batzuetan, eta ikusten zitzaion jokalari bezala zerbait berezia zuela.

Eta gainerakoen berri izaten duzu?

Orain sare sozialek duten boterearen ondorioz, askotan izaten dut beraien berri, Mariaren Espainiako Txapelketaren kasuan, esaterako. Nereari ere estropadetan jarraitu nion, eta berarekin batera sufritu nuen. Oso identifikatuta sentitzen naiz guztiekin.

Horien artean, bat aukeratzekotan, zein hautatuko zenuke eta zergatik?

Atletismoa berez, gustura ikusten dut, nahiz eta korri egitea ez zaidan batere gustatzen. Bestetik, Irenek duen izaera ero hori asko gustatzen zait.

Etorkizunari begira, zein da Eukeneren desioa?

Beti izaten duzu Olinpiar Joko batzuetan parte hartzeko gogoa buruan.

Zer esango zenieke emakumezko txirrindulari gazteei?

Gustuko duten hori egitera animatzen ditut; nahiz eta bidean oztopo ugarirekin topo egingo duten, beti egongo dira ingurukoak beharrezko laguntza emateko prest.

 

FOTO-FINISH-A

Irakurri duzun azken liburua. Todo esto te daré

Berriz ikusiko zenukeen pelikula. La forma del agua

Musikari bat eta kantu bat. Gatiburen Aske maite, aske bizi

Zaletasun bat. Irakurtzea eta mendira joatea

Orain arteko saririk handiena. Nire lehen Espainiako Txapelketa, nire ama bertan zela

Bizitzako ametsa. Emakumeen Birako etapa bat Tolosan amaitzea eta irabaztea

Miresten duzun norbait. Emakume kirolari guztiak

Zeri diozu beldurra? Bizitzan zoriontasunik ez izateari

Tolosaldeko txoko bat. San Esteban auzoko bide batean dudan txoko sekretu bat


PALMARESA:

2015EAN ERLOJUPEKOAN EUSKADIKO TXAPELDUN

2016AN SCRACHEAN, JAZARPEN FROGAN, KEIRINEAN ETA PUNTUAZIOAN ETA TALDEKA JAZARPEN FROGAN ESPAINIAKO TXAPELDUN

2017AN MADISONEAN ESPAINIAKO TXAPELDUN

2018AN OMNIUMEAN 23 URTEZ AZPIKO ESPAINIAKO TXAPELDUN

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!