«Ordu gehiago sartuta ere, ez gara helduko gizonezko batek egindako jauzi handiena egitera»

Josu Artutxa 2018ko api. 8a, 13:57

Publizitatea egitea da Irene Caminos Yarzak (Tolosa, 1998) dirua lortzeko duen bide bakarrenetarikoa. Izan ere, bike trialean aritzen da, eta kirol hori, bertakoen artean ezezaguna da. «Kiroletako materiala nahiz arropa uzten didaten enpresen laguntzarik gabe, ezingo nuke inora joan», dio.

Europako nahiz Munduko Txapelketara Espainiako selekzioarekin joaten denez, federazioaren aldetik lortzen du laguntza. Gainerako txapelketetarako, bestelako kontu guztietan bezala, bere kabuz mugitu behar izaten du.

Nola gogoratzen dituzu bike trialeko bizikletaren gainean egindako lehen jauziak?

Duela sei urte hasi nintzen eta ez nuen uste maila honetaraino helduko nintzenik. Lagun batzuekin afizio modura hasi zena, ia ofizio bihurtzera heldu da. Lehen ondo pasatzen nuen eta dibertigarria suertatzen zitzaidan trialean aritzea; orain, berriz, ondo pasaraztea eta dibertigarri suertaraztea izaten da helburua. Tolosako banku ezberdinetara igotzen hasi nintzen, mutil batekin batera, eta zerbait ezberdina egiten saiatzen nintzen.

Zer da kirol honek eman dizuna?

Guztia eman dit. Ordu asko eskatzen dizkizun kirola da triala, bertako jendearekin ere denbora ugari igaro behar duzu. Zurekin daramazun zerbait da, eta orain arte, oso esperientzia polita izaten ari da.

Bike trialean, gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua ez da berdina. Maila ere ez?

Askoz neska gutxiago gara, eta indar aldetik asko nabari da aldea. Nik ordu asko sartu ditzaket, baina ez dut uste inoiz mutil batek egin dezakeen gauzarik handiena egitera helduko naizenik. Fisikoki jaio garen bezalakoak garelako, nahiz eta teknika aldetik horrenbesteko ezberdintasunik ez egon eta oztopoak berdinak izan, beraiek bi metroko jauzi bat egin dezakete, baina guk ez. Erabat ulerkorra iruditzen zait kirol hau ikusten duenari, mutil baten jauzia, gurearen bikoitza edo handiagoa denean, gehiago gustatzea, baina ezin dugu gehiago egin.

Egoki ikusten duzu erakustaldiak mutilekin batera egitea ala trialeko emakumeek bestelako leku bat behar dutela uste duzu?

Egia da, nik erakustaldi gehienak probintziako bi mutilekin batera egin izan ditudala, talde berekoak garelako. Polita izaten da, mutil bat eta neska bat batera modalitate berean aritzen ikustea, eta horrelakoen bitartez jabetzen da jendea emakumezko batek muga non izan dezakeen.

Gainerako lau kirolarietatik norekin duzu erlaziorik handiena?

Guztiak ezagutzen ditut, nahiz eta gutxien ezagutzen dudana Maria den eta bere berri izaten dut gutxien. Nerearekin esaterako, oso erlazio estua dut eta maiz hitz egiten dugu elkarrekin. Eukenerekin ere badut harremana.

Zein hautatuko zenuke pertsona bezala eta zein kirol moduan?

Ez dakit zergatik baina kirolari modura Eukene aukeratuko nuke, eta kirol bat praktikatzekotan, arraunean gustura ariko nintzateke, beti izan da zerbait egingo nukeena.

Etorkizunari begira, zein da desiorik handiena?

Munduko txapelduna izatea, azkenean, uste dut, kirolari batek ezarri dezakeen lorpen handiena dela. Bestetik, jendeak kirol hau ezagutzea nahiko nuke.

Zer esango zenioke bike trialean hasi nahi duen neska gazte bati?

Borrokatzen jarraitzeko, ametsak bete egiten direlako.

OREKAN

Irakurri duzun azken liburua. No culpes al karma de lo que te pasa por gilipollas

Berriz ikusiko zenukeen pelikula. El corredor del laberinto

Musikari bat eta kantu bat. Berri Txarrak-en Maravillas

Zaletasun bat. Lagunekin egotea

Orain arteko saririk handiena. Munduko Txapelketan lortutako hirugarren postua

Bizitzako ametsa. Munduko txapelduna izatea

Miresten duzun norbait. Nire anaia eta nire lehengusua

Zeri diozu beldurra? Armiarmei

Tolosaldeko txoko bat. Tolosako kiroldegiaren atzealdeko trial gunea

 

PALMARESA

2016AN, GIPUZKOAKO ETA EUSKADIKO TXAPELDUN

2017AN ZILARREZKO DOMINA ESPAINIAKO TXAPELKETAN

BRONTZEZKOA MUNDUKO TXAPELKETAN

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!