«Ea guk ere egunen batean Anoetan jokatzeko aukera izaten dugun»

Josu Artutxa 2018ko api. 8a, 11:58

Nerea Eizagirre Lasaren (Tolosa, 2000) mugikorreko dei-zerrendan, Espainiako Futbol Federazioaren zenbakia izango da gehien errepikatzen dena. Madrilgo Las Rozas auzoko zelaiak Zubietakoak bezain ondo ezagutuko ditu jada.

Behin gurasoei urtebetetze egunerako baloi bat eskatu zien, eta orain, berak eramaten ditu etxera. Ahal bada, futbolaz bizi ahal izatea da bere asmoa, baina kontziente da oraindik lan handia dagoela egiteke.

Nola oroitzen dituzu baloi bati emandako lehen ostikoak?

Urteak bete nituen egun batean gurasoek oparitutako baloi batekin hasi zen guztia, niretzako, baloi bat, opari guztien artean zegoen onena zen. Ordutik aurrera, urtero, baloi berri bat eskatzen nien nire urtebetetzerako, eta etxean nituen gainerako jostailuak alde batera uzten hasi nintzen.

Zer da futbolak urte guzti hauetan eman dizuna?

Denetik bizi izan dut, momentu txarrak, momentu hobeak, eta inoiz ahaztuko ez ditudan uneak ere. Batez ere, behin eta berriz gauza berriak ikasten dituzu, eta niri behintzat kirolari eta pertsona hobea izaten lagundu dit.

Gizonezkoen futbola eta emakumezkoena konparatzea egoki ikusten duzu?

Futbolaren kasuan, bai teknikoki, baita fisikoki ere, emakumezko batek eman dezakeen mailarik altuena eta gizonezko batek eman dezakeena, ez dira berdinak. Gorpuen eta ezaugarri horien garapenak ere modu desberdinean ematen dira bietan. Ondorioz, uste dut beharrezkoa dela bien joko maila altuena berdin baloratzea, gu baztertu gabe.

Espainiako selekzioarekin jolastera joaten zarenean, nabari duzu jauzia dagoela probintzia batetik bestera?

Mailari dagokionez, jauzi handiagoa nabari da beste herrialdeen aurka jokatzean, izan Alemania, Italia edota Frantziako selekzioen kasuan. Prestaketa-fasean nabari da aldea. Guk hiru edo lau egun ezberdinetan entrenatzen dugu, eta beraien kasuan, berriz, jokalariek eta prestatzaileek aste oso bat pasatzen dute elkarrekin, elkarbizitza bat sustatuz, talde landuagoa lortuz. Kontu horietan antzematen da emakumezkoen futbolak zer nolako garrantzia duen beste tokietan.

Atletico Madril taldeak Wanda Metropolitano zelai berrian jokatzeko aukera izan zuen, eta sarrera ikusgarria lortu zuten gainera. Aurrerapauso bat, ezta?

Azken urteetan, urrats handiak emandako klub ugari daude, eta talde askok, goizetan ere entrenatzen dute orain. Hortaz, profesional modura aritzen dira, lanpostu edo ikasketa baten menpe egon beharrik gabe. Horrela, normalean gizonezkoen partidak jokatzen diren zelaietan emakumezkoen futboleko partidak ikusteko aukera izatera bultzatzen ditu zenbait zuzendari, eta hori sekulako albistea da, batez ere, Madrilgo kasuan lortutako indarragatik. Poz handia eman zidan. Ea guk ere egunen batean Anoetan jokatzeko aukera izaten dugun.

Eskualdeko gainontzeko lau kirolariekin zer nolako harremana mantentzen duzu?

Guztiak ezagutzen ditut, nahiz eta erlazio handiena Irenerekin eta Nerearekin izan. Ireneren berri askotan izaten dut, ia egunero hitz egiten dugulako elkarrekin. Nerea, berriz, duela gutxi hasi naiz ezagutzen. Gogoan dut Realarekin Bartzelonan kontzentratuta geundela Kontxako Estropadan eman zuten erakustaldia ikusi genuela. Horrelako egoera bati aurre egiteko kapazak izan zirela ikustea, ohore bat izan zen. Gainerakoan, Eukene eta Maria ez ditut asko ezagutzen, baina izaten dut beraien berri ere.

Aukeratu kirol bat eta kirolari bat lau horien artetik.

Modalitateari dagokionez, triala aukeratuko nuke. Bost kirolen artean, gutxien ikusten dena, gutxien baloratzen dena eta baita gutxien ezagutzen duguna delako. Gainera, bakarkakoa da, inguruan ez duzu lagunduko zaituen taldekiderik, eta horrez gain, zure buruarekiko gogorragoa izan beharra duzula iruditzen zait. Kirolari bat aukeratzekotan, Mariarekin geratuko naiz. Asko ezagutzen ez badut ere, izatez isila eta izaeraz umila dirudi, eta hori oso gustuko dut.

Etorkizun batean, zer nahiko zenuke gertatzea?

Emakumezkoen kirolaren alde egiten ari diren lana indartzea eta ematen ari diren aurrerapausoak handiagoak izatea. Orduan eta aurrerago joatea, beste batzuek, (Irene Paredes legazpiarrak esaterako), bizitza konponduta eduki ahal izateko atzerrira jokatzera joan behar izan duten bezala ez joatea, edo horrela aritzeko beharrik ez izatea behintzat.

Mezu bat emakumezko kirolari gazteentzat?

Ahalik eta gehien goza ditzatela futbolak eskaintzen dizkieten une guztiak, gustura egiten duten horretan lanean jarraitzeko, aurrerago edo beranduago iritsiko dela iritsi beharreko aukera hori, inolako presarik izan gabe, eta gurasoek eta prestatzaileek esandakoak ahalik eta hobekien gestionatzen jakin ditzatela, gauza guztiak lasaitasun osoz hartuz.


JOKOZ KANPO

Irakurri duzun azken liburua. Perdona si te llamo amor

Berriz ikusiko zenukeen pelikula. 8 apellidos vascos

Musikari bat eta kantu bat. Maldita Nerearen Perdona si te llamo amor

Zaletasun bat. Lagunekin egotea

Orain arteko saririk handiena. Gipuzkoako jokalari onenarena

Bizitzako ametsa. Gustatzen zaidan kirolarekin bizimodua aurrera ateratzea

Miresten duzun norbait. Aita

Zeri diozu beldurra? Lesio larri bati

Tolosaldeko txoko bat. Zabalarreta parkea


PALMARESA:

17 URTEZ AZPIKO ESPAINIAKO SELEKZIOAREKIN BRONTZEZKO DOMINA MUNDUKO TXAPELKETAN (2016)

BI ALDIZ EUROPAKO TXAPELDUNORDE (2016 ETA 2017).

2017AN, GAINERA, GIPUZKOAKO JOKALARI ONENA IZENDATU ZUTEN

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!