«Gai gara gizonezkoek egiten duten lan bera, baita batzuei irabazteko ere!»

Josu Artutxa 2018ko api. 8a, 09:57

Irribarrea aurpegitik kendu ezinik, berarentzat eskualdeko txoko kuttunena denera gerturatu da Nerea Perez Plazas (Tolosa, 1997). San Juan Arraun Klubeko emakumezkoen trainerua gidatzea ez da lan makala, eta are gutxiago 16 urterekin hasi zen neska gazte batentzat.

Ia ezinezkoa badirudi ere, oraindik palmaresa handitzeko sasoian dago, nahiz eta berarentzat beste gauza bat litzatekeen lorpenik handiena: estropada guztietan, emakumezkoek, gizonezkoek egiten duten distantzia berdina egitea.

Zer da arraunarekin lotuta duzun lehen oroitzapena?

Aitaren bitartez sartu nintzen arrauneko ikastaroetan 9 urterekin, patroi bezala, 12 urte bete arte ezin zelako arraunlari gisa hasi. Batelean lehen aldiz sartu nintzenean, beldur handia pasa nuen, asko mugitzen zelako. Hori gutxi ez eta, lehen estropadako urduritasunak jota edo, lehen luzearen amaierako ziaboga aurretik eraman nuen. [Barreak]

Zer eman dizu arraunak kirolaren eta emakumearen ikuspuntutik?

Kirolari bezala gauza asko. Niri arrauna kenduz gero, ez dakit zer egingo nukeen. Urtero esaten dut utzi egingo dudala, baina ezin dut. Nire buruarekin izaten dudan borroka hori gainditzeko ahalmena ematen dit. Izan ere, pixka bat lotsatia kontsideratzen naiz, eta horren gaztea izanik, zaharragoak diren emakumeez osatutako traineru bati agintzen hastean, lotsa guztia joan egiten da.

Arraunaren kasuan, gizonezkoen eta emakumezkoen mailaren arteko konparaketak egin izan dira askotan. Zein da zure iritzia?

Nire ustez, gai gara gizonezkoek egiten duten lan bera egiteko, baita haietako batzuei irabazteko ere. Kasu horretan, uste dut mareei eta itsasoaren egoerari gehiago begiratzen diotela haien aldetik gure aldetik baino. Eta noski, hori ere aldatu behar den zerbait dela uste dut.

Orain, Emakumeen Traineru Elkartea sortu dela eta, egoera egonkortu egingo dela uste duzu? Zertan lagunduko dio arraunari eta zertan emakumeei?

Esaterako, orain arte zortzi estropada jokatzen genituen, eta hemendik aurrera, gehiago (hamabi edo hamalau) izango dira. Hortaz, alde horretatik ere ikusten da aldaketa bat emateko prest daudela, eta ez dutela gizonezkoengan soilik pentsatzen.

Zer nolako harremana duzu gainerako lau kirolariekin? Ezagutzen dituzu?

Egia esan, Nerearekin oso ondo eramaten naiz, eta gainerakoak ere ezagutzen ditut; agian, eskualdekoak eta kirolariak direlako ere beraien berri gehiago izaten dut beste edonorena baino. Adibidez, duela hilabete eskas Maria Espainiako txapeldun izan zenaren berri ere izan nuen.

Horien artean, kirolari bat eta modalitate bat aukeratzekotan, zein hautatuko zenituzke? Zergatik?

Futbola. Beti gustatu izan zait, eta proba egingo nuke. Hala ere, aitortu beharra daukat oso txarra naizela. Pertsona bezala, ez dakit…

Etorkizunari begira, zer da desio duzuna?

Emakumezkoen eta gizonezkoen ezberdintasun horiek ezabatzea, parekidetasuna beharrezkoa delako.

Mezu bat kirolari gazteentzat?

Borrokatzen jarraitzeko, ametsak bete egiten direlako.

 

ZIABOGA:

Irakurri duzun azken liburua. 14 veces ochomil

Berriz ikusiko zenukeen pelikula. Wonder

Musikari bat eta kantu bat. Izaroren Delirios

Zaletasun bat. Ez dakit…

Orain arteko saririk handiena. Kontxako bandera

Bizitzako ametsa. Eskubaloiko selekzio batean jokatzea

Miresten duzun norbait. Ane Pescador (taldekidea)

Zeri diozu beldurra? Erleei

Tolosaldeko txoko bat. Zerkausia

 

PALMARESA:

4 KONTXAKO BANDERA

4 EUSKOTREN LIGA

ESPAINIAKO 2 TXAPELKETA

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!