«Espainiako txapeldun geratu ondoren, zoriondu besterik ez naute egin»

Josu Artutxa 2018ko api. 8a, 12:56

Ero-etxe elkartearen kros batean hasi zen guztia. Orduan, Maria Lasa Galarragak (Irura, 2000), negar egiten zuen, urduri zegoen, eta ez zuen lasterka atera nahi.

Urte batzuk beranduago, Ourensen, eta aurretik 800 metrotako finala geratzen zitzaiola, urduritasunik antzematen ez zitzaion korrikalariaren aurpegia zuen irurarrak. Helmuga zeharkatu ostean, han ere negar egin zuen, baina horiek pozak eragindako malkoak izan ziren.

Nolakoak izan ziren zure lehen lasterketak?

Bi lasterketa ditut gogoan, oraindik atletismoan aritzen ez nintzen garaitakoak. Lehena, amak kontatutakoa, Ero-Etxe elkarteak urtero antolatzen duen kroseko edizio batekoa. Behin eta berriz ez nuela atera nahi esaten nion, eta berak, eskutik helduta eraman behar izan ninduen irteerara. Hala ere, berriz itzuli nintzen berarengana negarrez, eta halako batean, berak konbentzituta edo, lasterketan parte hartu nuen. Azkenean, lehen hamarren artean sailkatu nintzen. Bestea, Amasako krosean hirugarren geratu nintzenekoa. Orduan ere gauza bera gertatu zitzaidan, urduri jarri eta negarrez hasi nintzen.

Atletismoak zenbateraino baldintzatu zaitu?

Batez ere, urteak pasa ahala, nire buruarengan konfiantza handiagoa izaten lagundu dit. Nerbioak eta presio ezberdinak kontrolatzen jakiten ere ikasi dut, atletismotik kanpora ere oso pertsona urduria naizelako. Horrez gain, pistatik kanpo gainerako lasterkariekin erlazio eta harremanak mantendu ahal izan ditut kirol honi esker.

Hala ere, gizonezkoen eta emakumezkoen artean alde handiak daude, denboretan, jauzietan…

Guztiek berdin entrenatuta ere, emaitzak ez dut uste berdinak izango liratekeenik. Hori azkenean zerbait naturala da, eta badakigu berdintzea oso zaila dela, ezinezkoa ez esateagatik.

Esaterako, emakumezkoek 100 metro hesiak proba egiten duten bitartean, gizonezkoek 110 metro egiten dituzte. Zer iritzi duzu honi buruz?

Hori, egia esan, ez dakit zergatik den horrela. Krosetan ere antzeko zerbait gertatzen da. Gizonezkoek beti distantzia luzeagoak egin behar izaten dituzte, eta ez zait bidezkoa iruditzen. Berdindu beharreko zerbait dela iruditzen zait, guztientzat tarteko distantzia bera jarrita edo. Hesien lasterketen kasuari buruz, harrigarria da 10 metro gutxiago egin behar izatea. Gainera, emakumezkoen lasterketetako hesien altuera gizonezkoen lasterketetako hesiena baino baxuagoa da, eta hori ere berdindu beharreko zerbait dela iruditzen zait.

Gainerako lau kirolariak lehendik ezagutzen zenituen? Nola jabetzen zara haiek lortutakoaz?

Egia esan, gutxi, baina orain bai ezagutzen ditudala gehiago; elkarrekin ere ez daukagu harreman handirik. Hala ere, aldizkarien bitartez eta sare sozialetan izaten dut beraien berri.

Horien artean bat aukeratu beharko bazenu, zein hautatuko zenuke eta zergatik?

Ez dakit, baina futbola ez behintzat, beti izan naizelako oso txarra, eta ez zait asko gustatzen. Triala ere ez dut oso gustuko, beno, ikusteko bada, bai. Txirrindularitza probatuko nuke, baina oso gogorra iruditzen zait. Arraunean, gauza bera gertatzen zait, olatuekin beldur handia pasako nukeela iruditzen zaidalako. Pertsonalki oso gutxi ezagutzen ditudanez, ez nuke jakingo bat aukeratzen.

Etorkizunari begira, zeintzuk dira zure asmoak?

Ekaina aldera ospatuko den Pista Estaliko Munduko Txapelketara joan nahiko nuke, nahiz eta oso zaila izango den, orain dudan gutxieneko denbora bi segundotan jaitsi beharko nukeelako. Epe luzera begira, Olinpiar Jokoak ditut begiz jota. Parekidetasunari dagokionez, edozein kiroletan, hedabideetan eskaintzen zaien denbora eta ematen zaien garrantzia berdinak izatea, eta baita ordainsariak ere noski. Izan ere, Espainiako Txapelketan egindako lanagatik eta lortutakoa lortu ondoren, federaziotik zoriondu besterik ez naute egin.

Zer esango zenieke atzetik datozen emakumezko lasterkari gazteei?

Entrenatzen jarraitzeko, beraiek ondo sentitzeko, eta besteek esaten dutenari kasurik ez egiteko, belarri batetik sartzen den bezala bestetik ateratzeko.

 

AZKEN ITZULIA

Irakurri duzun azken liburua. El faro del silencio

Berriz ikusiko zenukeen pelikula. Mamma Mia

Musikari bat eta kantu bat. Izaroren Donostia

Zaletasun bat. Denetik pixka bat: lagunekin egotea, mendira joatea, parranda egitea…

Orain arteko saririk handiena. Espainiako Txapelketako 800 metroko lasterketan lortutako urrezko domina eta Munduko Kros Txapelketarako txartela

Bizitzako ametsa. Olinpiar Jokoetara joatea eta zoriontsu izatea

Miresten duzun norbait. Amona

Zeri diozu beldurra? Erleei, asko

Tolosaldeko txoko bat. Irura


PALMARESA:

KROSEAN EUSKADIKO TXAPELDUN (2016 ETA 2017)

800 METROTAN EUSKADIKO ETA ESPAINIAKO TXAPELDUN (2018)

EUSKADIKO ERREKORRAK 800 METROTAN (2017) ETA 1.500 METROTAN (2018)

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!