Igaro Balda Hernialdeko alkateak agerraldian esan duenez, gertaera honek "frogatzen du" ADIF, ETS eta Eusko Jaurlaritzak udal zein lurjabe eta kaltetuekiko erakutsi duten "errespetu falta". Oraingoan, zulo honek eragina soro batean izan duela baina "edozein momentutan baserri bat irentsi dezakeelako" kezkati agertu dira eskualdeko hiru alkateak. Hernialdeko alkateak, Pello Estanga Anoetako alkatearekin eta Tolosako alkate Ibai Iriarterekin batera, garbi utzi nahi izan dute ez dakitela honelako beste gertakaririk gertatu daitekeen ala ez.
AHTren lanek "zentzurik ez" dutela adierazi dute hiru arrazoi nagusi aipatuz: "Izugarrizko diru xahuketa delako, ingurumenarekiko eraso handia delako eta ez diolako herri honetako herritarren beharrei erantzuten". Agerraldian izan diren hiru alkateek Abiadura Handiko Trenaren atzerapena eskatu dute, gaiaren inguruan "sakon eztabaidatu eta gizartean benetako eztabaida" eman bitartean.
Zulo honen berri Urriaren 8an edo 9an jakin zuela azaldu du Igaro Baldak. Hala ere, zuloa benetan noiztik dagoen ez dakiela berretsi du Hernialdeko alkateak eta honen ondorioz, Tolosatik Hernialderako errepidearen beste zati bat itxi behar izan dute segurtasunagatik. Urriaren 6ean itxi zuten errepide hau baina gertaera honengatik, irekita zegoen beste errepide zati bat ere itxi behar izan dute bizilagunentzako beste alternatiba bat aurkituz.
"Hasiera batean jabego partikular batean zulo txiki bat agertu zela jakin genuen" azaldu du Hernialdeko alkateak. Teknikoek berehala abisatu zieten udalari eta terrenoaren jabeari honen inguruan eta prozesu hori hor geratu zen. Aste honetan jakin dute, ordea, zuloa handitzen ari dela eta ezegonkortasun handia duela.
Ibai Iriarte Tolosako Alkatearen esanetan "kontrola ezinak izaten ari diren gertaera batzuk gertatzen ari dira lan hauetan eta jada normaltzat hartzen ditugu, eta egoera hau ez da normala", gaineratu du. EH Bilduko Dani Maeztu eta Oskar Matute legebiltzarkideek ere Hernialden azaldutako zuloarena "ez dela normala" adierazi zuten, atzo, legebiltzarrean emandako prentsaurrekoan. "Pertsonak eta langileak arriskuan" jarri dituelako, gertatutakoa "oso larria" dela azpimarratu zuten eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren urgentziazko agerraldia eskatu zuten.
ETS: "Zuloa hormigoiz beteko da"
Gorka Eraña Euskal Trenbide Sareko prentsa arduradunak Hernialde-Zizurkil zatian, urriaren 7an, "gora-behera bat" izan zela aurreratu dio TOLOSALDEKO ATARIA-ri . "Nolabait ez dira ohikoak, baina honelako gauzak gertatzen dira hain handiak diren obretan" Erañaren esanetan. Momentu horretan inolako kalte pertsonalik gertatu ez zela ikusi ondoren, "hartu beharreko segurtasun neurri guztiak" hartu ziren. "Gaur egun egia da zuloa handitu egin dela kanpotik ikusi ezkero baina tunelari dagokionez, lur jauzia egonkortu egin da" prentsa arduradunak adierazi duenez. Datozen egunetan "dena kontrolatu" eta kanpotik ikusten den zuloa hormigoiz beteko dutela esan du ETSko ordezkariak.