Atzo goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusia izan zen Hernialden. AHTaren lanen ondorioz sortu den zuloa bertatik ikustera gerturatu zen Garitano eta berarekin batera izan ziren AHTaren lanek igarotzen dituzten eskualdeko herri gehienetako ordezkariak. Guztira zazpi alkate izan ziren bertan: Aduna, Alegia, Amasa-Villabona, Anoeta, Asteasu, Hernialde eta Tolosa herrietakoak, hain zuzen.
Udal ordezkarien laguntzaz pasa den astean ezagutarazi zen gertaera ezagutzera etorri zen Martin Garitano eta bertan zeudela, Eusko Jaurlaritzako eta ETSko ordezkariak azaldu ziren, Antonio Aiz sailburuordea tartean.
Gobernuko eta Euskal Trenbide Sareko ordezkariak azaldu bezain laster hasi ziren zuloaren momentu honetako egoeraren inguruko xehetasun teknikoak ematen. Alkateek nahiz ahaldun nagusiak arreta handiz jaso zituzten teknikarien azalpenak. Zuloa «egonkortuta» dagoela adierazi zuten ETSekoek, bertan lanik egiten ari ez direlako momentu honetan. Etorkizunean egin beharrekoak zehazteko lanetan ari direla ere adierazi zuten, zuloak ez handitzeko eta berau nola estali asmatzeko.
Berehala, Ibai Iriarte Tolosako alkateak hartu zuen hitza. Zuloaren inguruko galdera batzuk egin ondoren eta arduradunek zuloa bertan lanak egiten ari ez direlako egonkortuta dagoela berriro baieztatu ondoren, eskualdeko alkateen kezkak plazaratu zituen. «Gu ez gara zulo hau salatzen ari. Zulo hau beste zentzugabekeria askoren segida da, urak gainezka egiteko falta zen tanta» azaldu zuen.
Iriartek hainbat xehetasun eman zizkion Garraio sailburuordeari: «Errepide asko suntsituta geratu dira eta ez dira konpondu, akuiferoak desagerrarazi dira, kaltetuei ez zaie esandakoa ordaindu, eta eztandak nolanahi eta noiznahi egin dituzte». Eskualdeko alkateen izenean, bizilagunak zuzenean alkateei kexatzen zaizkiela azaldu zien Hernialdera inguratutako ordezkariei Tolosako alkateak eta «uste dugu xahutzen ari zareten diru horrekin herritarrei begirako beste gastu sozial asko egiteko aukera dagoela» gaineratu zuen.
Tupust egin zuten orduan Iriartek eta Aizek. Azken honek, «argazkia atera nahi izatea» egotzi zion Tolosako hautetsiari eta jasotako akats eta kexa guztiak idatziz helarazteko eskatu zion, erantzun egokiak eman ahal izateko. Azken baieztapen hau «errespetu faltatzat» jo zuen Ibai Iriartek eta jarraian AHTaren lanek sortutako beste hainbat eta hainbat gorabehera jarri zituen mahaiaren gainean.
Teknikari eta arduradunek Tolosako alkateak esandakoaren inguruko iritzi eta zehaztapen ugarirekin erantzun zituzten Iriartek zabaldutako kezka eta kexak. Inpresio eta egoeraren inguruko esanak partekatzen egon ziren bi aldeak, sailburuordea barne. Antonio Aizek, berriro, alkateak eta ahaldun nagusia «hauteskundeen aurre-kanpainan» daudela salatuz, esandakoa idatziz bidaltzeko errepikatu zien eskualdeko hautetsiei eta zalantzan jarri zituen egindako hainbat baieztapen. Kontu guzti hauek eserita bilduta hitz egin behar direla gaineratu zuen Jaurlaritzaren ordezkariak.
Josu Amilibia, Adunako alkateak ere bi mezu helarazi zizkion sailburuordeari: Bata, herriko iturria sikatu dela lanen ondorioz; eta bestea, gaueko ordu txikitan egin dituztela leherketak, eta udalak horren aurrean egindako kexari «muzin egin» ziotela eztanden zarata «legearen barruan» zegoela argudiatuz. Aldi berean, eztanden ondorioz esnatzeak bizilagunen osasunean izan dezaken eragina kontutan ez hartu izana ere leporatu zuen Amilibiak.
Alkateek eginiko kritiken inguruan jarraitu zuen Aizek «konpromiso osoa» dutela emandako hitza betetzeko esanez. «Arazoren bat eragin badugu, ez dugu arazorik onartzeko».erantzun zuen.
Honen aurrean, bilera bat egitekotan geratu ziren bi aldeak. Eztabaidaren jarraian, eskualdeko alkateei eta Ahaldun Nagusiari Hernialdeko zuloaren egoera gertutik ikusteko aukera eskaini zieten ETSeko eta Jaurlaritzako kideek. Agenda arazoak medio, ezin izan zuten zuloa gertuagotik ikusi.
Garitanok AHTaren lanen inguruan dagoen «obskurantsimoa» salatu eta lanak «behin-betirako» gelditzea eskatu zuen.
Bideoa: Gipuzkoako Foru Aldundia