Hernialdeko zuloa, AHTko obretan

Hormigoiarekin bete dute Hernialden AHTaren lanek eragindako zuloa

Imanol Garcia Landa 2014ko abe. 22a, 18:13

Zuloa martxorako konponduta egongo dela azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.

AHTaren lanek Hernialden sortutako zuloa konpontzen saiatzen ari dira. Dagoeneko hormigoiz estali dute zuloaren beheko parteraino. Aurreko astean aritu ziren hormigoia botatzen zulora, eta atzo, esaterako, ez zegoen langilerik ezta kamiorik bertan, baina zulora hormigoia botatzeko erabilitako hodia bertan zegoen oraindik.

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak aurreko astean azaldu zuenez, Hernialdeko zuloa 2015eko martxorako konponduta egongo da. Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen galderei erantzunez eman zuen azlapena Oregik, zuloa tapatzeko lanetan jarraitzen dutela esanez.

Azpiko errepidetik zulorantz doazen hodi batzuen bidez aritu dira isurtzen hormigoia zulo barnealdera. Estaltzeko lanak segurtasun neurri guztiak betetzen dituela ere esan zuen Oregik. Barrualdea hormigoiz estaltzen ari diren arren, goialdea handitu egin da aurreko egunetako euriteen ondorioz.

3,1 milioi euroko gainkostua
Estaltze lan horiek 3,1 milioi euroko gainkostua izango dutela jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Matutek gizarte osoari eragiten diola salatu zuen. Oregik, berriz, esan zion «ingurune karstikoa izanik, ezinezkoa» zela halakoak aurreikustea. Horren aurrean, EH Bilduko legebiltzarkideak esan zion aurretik 1,45 milioi euroko balioa izan zuten ikerketa geoteknikoak egin zirela lur horietan.

Bestalde, EH Bilduk salatutako informazio ezaren inguruan, sailburuak esan zuen prozesu bat izan dela gertatutakoa. Oregiren arabera, urriaren 6an buztin kopuru urri bat eta gainaldeko azaleratze bat agertu ziren, eta estaltzen saiatu ziren. Urriaren 15ean, ordea, lurjauzi handiago bat izan zen eta orduan jakinarazi zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta 20an Hernialdeko alkateari. «Ez genien ingurukoei abisatu arazoaren neurria ez zelako handia», esan du Oregik.

Bere aldetik, Matutek salatu zuen azaroaren 28an emandako azalpenetan ez zela inon ageri urriaren 6ko datarik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!