Elordi izeneko sailan sortu da zuloa, Bostakar iturritik gertu, Olotza bailara eta San Miguel bailara arteko mugatik gertu. Lursail hori ez zegoen desjabetuta. Igaro Balda Hernialdeko alkateak azaldu duenez, lurjabea orain hamabost egun inguru konturatu zen zulo bat sortu zela lursailan, eta AHTko obretako teknikoak bertara joan ziren ikustera. Orain astebete inguru azaldu zitzaion udalari lurjauziaren berri. Zuloa handitzen joan da eta atzo Azkueko bidegurutzetik Aisniko bidegurutzera itxita geratu da. «Segurtasunagatik itxi dutela azaldu dute», esan du Baldak. «Lurra ezegonkor dagoela diote eta ez dakite gehiago zabalduko den».
TOLOSALDEKO ATARIA-k jakin duenez, tunelak 1.200 metroko luzera du. Lurra erortzen joan den heinean, obrak geldiarazi zituzten, eta astebetez lurra ateratzen aritu dira –3000 m3 inguru–. Zuloa handitzen ari denez, Madrildik goi mailako teknikariak etorri dira. LAB sindikatutik azaldu dutenez, tunela egiteko lanetan ari ziren langileak jakinarazi dute hasieran arroka sendoa ateratzen ari zirela, baina zuloaren inguruko eremura iristerakoan lur ezegonkorra topatu dutela.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gertakaria «ohikotzat» jo du, BERRIA-k zabaldu duenez. «Tximinia izenez ezagutzen den fenomeno arrunta da, zulatzen ari den eremuaren gainean zulo nagusikoa ez den beste era bateko materiala dagoenean». Arazoa, «momentutik bertatik konpontzen hasi» zirela ere azaldu du Jaurlaritzak.
Hernialdera igotzeko bidea, beraz, egun itxita dago Azkueko bidegurutzetik Aisniko bidegurutzeraino, eta ez dago zehaztuta noiz arte iraungo duen horrela. Aurretik bidea moztuta zegoen Hernialdeko Bentatik (Tolosa eta Anoeta arteko bidean Hernialdera joateko bidegurutzea) Azkueko bidegurutzeraino. Atzo, Azkuetik aurrera doan bidea zabaldu zuten. Modu horretara, Olotza bailarako bizilagunak Azkueko eremura jaitsi daitezke hondakinak botatzera eta posta zerbitzua jasotzera, bertan baitaude edukiontziak eta postontziak.