Lan gatazkak

Bertan behera, eskola garraioko langileen greba

Ataria 2014ko otsailaren 5a

Lan erreformaren kontra, hitzarmena «babestea» eta soldatak igotzea lortu dute langileek

Bukatu da eskola garraioko langileen greba mugagabea, eta gaur bertan lanean hasi dira jada Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako begiraleak. Tolosaldean ere Alegian, Amasa-Villabonan, Amezketan eta Asteasun hasi dira lanean.

Sektoreko bi enpresekin lan hitzarmena urtebetez negoziatu ostean, autobusetako laguntzaileek greba hasi zuten urtarrilaren 13an, eta lanuzteak mugagabe bihurtu zituzten hilaren 27tik aurrera.

Besteren artean, esparru ekonomikoan ere hobekuntzak lortu dituzte begiraleek. Soldatak jantokietako langileenekin parekatzeko eskatua zuten garraioko laguntzaileek: lan kontratudun langileen soldatarekin alderatuta,%97,5ean berdinduta dauzkate jangeletakoek beren baldintza ekonomikoak. Bada, 2009tik soldatak izoztuta eduki ostean, 2015-2016ko ikasturterako %98,56an parekatuko dituzte eskola garraioko laguntzaileen ordainsariak; urtetik urtera, pixkanaka aplikatuko zaie soldata igoera hori.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!