Tolosaldeko Ezker Abertzaleak dioenez, «Madrilgo zein Gasteizko gobernuen erreformen harira, geroz eta okerrago banatzen da aberastasuna, eta gutxien duenak sufritzen ditu gehien egoera sozioekonomikoaren ondorioak». Era berean, langabeziak gora egin duela «nabarmen» gogoratzen du: «industria sektoreko lanpostuen galera ari gara ikusten azkenaldian; Hego Euskal Herrian 225.000 lagun baino gehiago dago langabezian, eta Tolosaldean 3.200, eta enpleguaren kalitatea gero eta kaxkarragoa da».
«Pausoak ematen hasi gara»
Tolosaldeari erreparatuta, Endaki, Marie Brizard, Antalis eta Renault lantegiak ixteko arriskuan daudela gogoratu dute, eta ondorioz, hamarnaka gizon-emakume lanpostua galtzekotan. Ezker Abertzalearen ustetan, «etengabeko galera horri alternatibarik eskaintzen ez dion bide bakarra orain arte jarraitutakoa da eta alternatibarik ez dagoela sinetsarazi nahi digute, dagoen alternatiba bakarra soberanista delako, ezkertiarra delako, egungo hegemonia ekonomikoaren interesen kontra doalako».
Ildo horretatik, Euskal Herrian eta Tolosaldean herritar eta eragile nahikoa badagoela alternatiba horren bidean urrats praktikoak emateko dio Ezker Abertzaleak, eta dagoeneko, zenbait urrats emanak
dituztela: «Apaltasunez esan dezakegu, Gipuzkoan eta Tolosaldean eredu injustu hau aldatzeko pausuak ematen hasi garela: udal, mankomunitate eta Foru Aldundien aurrekontuak gizarte zerbitzuan eta enplegura bideratuta daude eta ez makroproiektuetara... Lanean ari gara, eta egoera oso konplikatua izan arren elkartasunetik, ekintzailetasunetik eta konpromisotik buelta eman diezaiokegu». Bere konpromisoa enplegua, babes soziala eta zerbitzu publikoen defentsan bere onena ematea dela dio, baina ohartarazten du burujabetza ezinbestekoa dela ekimenak «eraginkorrak» izateko: «Gure herria aske ez den bitartean, Madrilen erabaki atzerakoien pisuak gure eragiteko gaitasuna asko murrizten du».
Hala, «enpleguaren suntsiketarik, lan baldintzen kaxkartzerik, Madrilen eta kapitalaren menpeko politika ekonomikorik» ez duela onartzen dio Tolosaldeko Ezker Abertzaleak, eta alternatibak eraikitzen inplikatzera, kooperatibismoaren balorerik onenak, elkartasuna eta ekintzailetasuna praktikara eramatera deitu ditu herritarrak. Era berean, tokikotasunari garrantzia ematea eskatzen die, «gure baserritarrak, dendariak eta enpresa txikiak babestuz, bertako produktuak kontsumituz eta gure lurra eta ehun industriala zainduz».