Lan gatazkak

Tolosaldea kalera atera da enpleguaren defentsan

Ataria 2013ko abenduaren 14a

Kezkak, haserreak eta amorruak hartu ditu gaur Tolosako kaleak. Ehundaka lagunek hartu dute parte Tolosaldeko enpleguaren alde, ELAk eta LABek deitutako manifestazioan. Protagonismo berezia hartu dute borrokan dauden Marie Brizard, Endaki eta Antaliseko langileek. Euren lanpostuak defendatzeko aldarriak zabaldu dituzte Tolosako kaleetan.

Goizean goiz abiatu da zutabeetako bat Aiztondo bailaratik. Endaki eta Marie Brizardeko langileak batu dira eta oinez egin dute Tolosara arteko bidea. Beste zutabeak abiapuntua Albizturren izan du Antaliseko sarreran. Bi martxek 12:00etan egin dute bat Triangulon eta bertatik abiatu da Tolosako kaleak zeharkatu dituen manifestazioak.

"Tolosaldea enpleguaren alde", "borroka da bide bakarra" eta "ez, ez, ez, despidorik ez" bezalako leloak entzun dira manifestazioan zehar. Horrekin batera, "33 familia kale gorrian" geratuko direla irakurri ahal izan da Endakiko langileek eraman duten pankartan.

Abenduaren 15ean bukatzen da legezko negoziaziorako epea Marie Brizardeko langileentzat eta abenduaren 18an Antalisekoentzat. Adostasunik lortu ezean, kaleratze gutuna jaso dezakete langileek. Auzitara jotzeko eta bide guztiak agortzeko asmoa agertu dute, hala ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!