Lan gatazkak

Antaliseko langileek bideragarritasun plana eskatu diote zuzendaritzari

Asier Imaz 2013ko abenduaren 7a

Antalis enpresako langileen etorkizuna kinka larrian dago. Multinazionalak Albizturko lantegia ixtea erabaki du, 39 langile kalean utziz. Hauek borrokari heldu diote, eta gaur, Tolosako Trianguloan euren egoera herritarrei azaltzen aritu dira.

Azaroaren 28an jakin zuten Albizturko Antalis lantegiko langileek multinazionalak enpresa ixteko asmoa zuela. Erabaki hori gauzatuz gero, 39 langile kaleratuak izango lirateke. Hauek, ordea, ez daude egoera horren aurrean geldirik egoteko prest, eta greba mugagabeari ekin zioten: "Guk badakigu enpresak irekita jarraitu dezakeela, eta horregatik exijitzen diogu zuzendaritzari enpresaren aldeko apustua egin eta bideragarritasun plan bat aurkeztu dezala".

Borrokaldia "luzea eta gogorra" izango dela jakin badakite Antaliseko langileek. Hurrengo hitzordua abenduaren 14rako jarri dute. Hurrengo larunbatean manifestazioa egingo da Tolosan, Tolosaldeko enpleguaren alde, langileak borrokan lelopean. Mobilizazioa 12:00etan aterako da Trianguloa plazatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!