Lan gatazkak

ELAk sektore publikoko azpikontratak arautu nahi ditu

Itzea Urkizu 2014ko urt. 21a, 10:15

Iñigo Balzola eta Idoia Elustondo, ELA sindikatuak Tolosan duen egoitzan.
30.000 sinadura bildu behar dituzte Euskal Autonomia Erkidego osoan, legegintzako herri ekimena delako

Sektore publikoko azpikontraten lan baldintzak bermatzeko lege proposamena egin zuen ELA sindikatuak, 2013ko amaiera aldera. Proposamena alderdi politikoen eztabaida gunera pasatu eta Legegintzako Herri Ekimenak aurrera egin dezan,
30.000 sinadura bildu beharko ditu sindikatuak erkidegoan. Nafarroan, berriz, legea ere zehazki bera ez denez, bestelako jarraibideak abiaraz dituzte.

Tolosaldeko eta Goierriko eremuaren arduradun diren Iñigo Balzolak eta Idoia Elustondok azaldu dute sinadura bilketaren iturburu zein den: «Administrazio publikok azpikontratak aldatzen direnean lan baldintzak mantentzea eta enplegurik ez suntsitzea lortu nahi dugu lege horren bitartez». Era berean, legea onartuko balitz, arauak betetzen ez dituen erakunde publikoari zigorrak ezartzeko proposamena egin du sindikatuak.

Joan den urte amaieran aurkeztu zuten egitasmoa Eusko Legebiltzarrean, eta proposamena tramitera edo eztabaidara eraman eta onartzeko beharko dituzte 30.000 sinadura horiek. Horrela, eskualdez eskualdeko lantegi eta enpresetan bilketarekin hasi diren arren, «ELAren asmoa kalean ere horri ekitea da». Horrela, aste honetatik aurrera eskualdeko gune publikoetan jarriko dituzte mahaiak.

Idoia Elustondok nabarmendu egin du Legegintzako Herri Ekimenaren garrantzia: «Lege izateko aukera handiak ditu egitasmoak, eta asko dugu jokoan. Guk posible ikusten dugunez, gure konpromisoa irmoa da guztiz, eta proposamena eztabaidara pasatzea ere bai, noski, alderdi politikoek beren jarrera azaldu beharko dutelako auziaren inguruan». Horrenbestez, gobernuari begira jarri da sindikatua: «Gobernuak nahi badu, hala izango da».

Tolosan ostegunetik aurrera

Sinadurak biltzeko epea luzeagoa izan litekeen arren, bi hilabetean jarriko dute kemen gehien eta, momentuz, Tolosarako bi egun zehaztu dituzte ELAko ordezkariek. Datorren ostegunean, hilak 23, Eroski supermerkatuko atean jarriko dira, eta, era berean, Tolosako azokan mahaitxoa jarriko dute urtarrilaren 25ean.
Aipatzekoa da Tolosaldean herritar askori eragingo liokeela sektore publikoko azpikontraten lege horrek, izan ere, «erakunde publikoen gain, bada politikariek hala erabakita pribatizatutako sare paralelo bat», sindikatuko kideen arabera.
Horrela, bada, garbiketa enpresak, TAO kudeatzen duten enpresak, etxeko laguntza zerbitzuak, hondakinen kudeaketa enpresak, osasun sektorekoak zein ekimen soziala oinarri dutenak aipatu dituzte adibide gisa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!