Bukatu da eskola garraioko langileen greba mugagabea, eta gaur bertan lanean hasi dira jada Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako begiraleak. Tolosaldean ere Alegian, Amasa-Villabonan, Amezketan eta Asteasun hasi dira lanean.
Sektoreko bi enpresekin lan hitzarmena urtebetez negoziatu ostean, autobusetako laguntzaileek greba hasi zuten urtarrilaren 13an, eta lanuzteak mugagabe bihurtu zituzten hilaren 27tik aurrera.
Besteren artean, esparru ekonomikoan ere hobekuntzak lortu dituzte begiraleek. Soldatak jantokietako langileenekin parekatzeko eskatua zuten garraioko laguntzaileek: lan kontratudun langileen soldatarekin alderatuta,%97,5ean berdinduta dauzkate jangeletakoek beren baldintza ekonomikoak. Bada, 2009tik soldatak izoztuta eduki ostean, 2015-2016ko ikasturterako %98,56an parekatuko dituzte eskola garraioko laguntzaileen ordainsariak; urtetik urtera, pixkanaka aplikatuko zaie soldata igoera hori.