Gazteen aurkako epaiketa

Gazte mugimenduaren epaiketan defentsak argudioekin jarraituko du gaur

Tolosaldeko Ataria 2014ko urt. 31a, 10:27
Berez gaur zen amaitzekoa gazte mugimenduaren aurkako epaiketa, baina seguruena otsailaren 4a arte luzatuko da. 10:30ean hasita gazte auzipetuen defentsak jarraituko du argudioekin.

Atzo batetik fiskalak bere ondorioak azaldu zituen. Mikel Ayestaran auzipetu billabonatarrak Atariari esan dionez, fiskalak atzo ustez gazteek sufritutako torturak ez zirela behar bezala ikertu esan zuen, baina polizia etxean egindako deklarazioak erabili ditu froga gisa. Horiek horrela, ekitaldi publikoetan parte hartzen zuten gazteok, baina horiek Segiren helburuetarako erabiltzen zituzten. Horixe eman du argudiotzat gazteoi seina urteko espetxe zigorra eskatzeko.

Dignidad y Justicia akusazio partikularrak bere aldetik, Espainian dauden mekanismo guztiekin torturatzea ezinezkoa dela esan zuen, eta hori "gogorra" izan zen oso gazteentzat Ayestaranek esan duenez.

Defentsak, berriz, "neurriz kanpoko zigorra" dela azaldu zuen. Batetik, "indarkeriariazko elementurik" gabe horrelakorik ezin dela aplikatu-eta eman ditu adibide juridikoak, eta horiekin ondorioztatu du eskaerak Espainiako Konstituzioa urratzen duela. Hori dela-eta Auzitegi Konstituzionalera bideratzeko eskaera egin zion epaimahaiari.

Gazteek esan duten bezala, beraien azken hitza herriari emango diote, beraien hitza "Euskal Herria osoaren hitza" baita, esan du Ayestaranek. "Epaiketa politikoekin amaitzeko eskatuko dugu, ez gara lehenengoak, baina ea azkenekoak garen", gaineratu du. Alegato honen berri emateko gaur goizean prentsaurrekoa emango dute Donostian.

Bestalde, Villabonan gaur 19:00etan egingo dute Subijana Etxearen aurrean elkartasuna agertzeko, eta bertan Mikel Ayestaranek auzipetuen azken hitza irakurri behar zuen, baina seguruena ez dela garaiz iritsiko esan dio Atariari.

Ayestaranekin batera Aritz Lopez tolosarra da beste auzipetuetako bat, eta baita Soto del Real espetexean dagoen Amezketako Irati Mujika ere. Elkarteei dagokienez, Ibarrako Subegi, Tolosako Intxurre eta Villabonako Iratzar daude auziperatutakoen artean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!