Gazteen aurkako epaiketa

Berrogeiak libre

Tolosaldeko Ataria 2014ko eka. 11a, 18:02

Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako 40 gazte independentistei. Urrian hasi zuten horien kontrako epaiketa, eta atzo eman zuen epaia auzitegiak. Tartean dira Aritz Lopez tolosarra, Mikel Ayestaran billabonatarra, eta Irati Mujika amezketarra. Lopezek Ataria Irratian hitz egin zuen albistea jaso bezain laster:
Albistea jaso eta hurrengo egunean agerraldia egin dute gazteek, hemen Berria TBk egindako bideoa.


Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako berrogei gazte independentistei, tartean Tolosako Aritz Lopez, Villabonako Mikel Ayestaran eta Amezketako Irati Mujika.

Otsailean amaitu zen epaiketa eta atzo eman zuten epaia. Honen arabera, ezin da frogatu gazteak kale-borrokan parte hartu zutenik eta bortxazko ekintzarik burutu dutenik. Ezta SEGIko kide izan direnik ere. Epaiak, era berean, zalantzan jarri du auzipetuek «modu librean» deklaratu zutela; Manuela Fernandez Prado buru duen epaimahaiak ez die baliorik aitortu polizia aurreko deklarazioei, eta hori da absoluziorako erabili duen arrazoi nagusietakoa. Sententziak, dena den, boto partikular bat izan du, Nicolas Poveda Peña epailearena, hain zuzen. Povedaren iritziz, Segiren jarduera zein den finkatu beharko litzateke lehenago, eta horretarako Auzitegi Goreneko 50/2007 sententzia gogoratu du. Honen arabera ilegalizatu zuten Segi. Povedak dio ekintza armatuez gain, «bestelako» ekintzak ere hartu behar direla kontutan epaia emateko. Auzipetuek akusazio partikularraren eta publikoaren galderei ez erantzun izana ere beraien erruduntasuna uzten dutela agerian ere esan du.

«Aurrerapauso bat da»
Aritz Lopez, Mikel Ayestaran eta Irati Mujikak albistea jaso bezain laster abokatuarekin hitz egin dute, eta boto partikular hori aztertu egin beharko dela adierazi die. «Dignidad y Justicias helegitea jarriko du seguruenik, baina azken fase hau 40 absoluzioekin hastea aurrerapauso handia da», esan dute.
Mikel Ayestaranek esan duenez «oso pozik» dago sententziarekin eta ez zuen espero. Aritz Lopezek bere aldetik, pozik dagoela esan du eta berria harriduraz hartu duela esan du. «Absoluzioak espero genituen, baina 40ak absolbitzea harritu gaitu. Horrelako albisteak ez dira askotan etortzen, eta pozik gaude», esan du. Orain dena den, sententzia irakurri eta aztertzeko garaia dela gaineratu du. «Duela bost urte hasi zen kontu honen amaiera iritsi da azkenean, edo segituan amaituko dela dirudi, behintzat. Seguruenik helegitea egongo da, baina absoluzioekin hastea oso pozgarria da». Tolosarraren iritziz erabakiak «seguruenik Euskal Herrian bizi dugun egoera politiko berriarekin du zerikusia, baina egia da prozesua ez dela erabat bukatu».
Irati Mujikak ere tentuz hartu du albistea: «Maila pertsonalean pozik nago, baina boto partikularra eman duen epaileak 40tik 5 bakarrik absolbitzen dituela esan du eta helegitea ere jarri dezakete. Ikusiko dugu zer ekartzen duen honek» .
Seina urteko kartzela zigorra eskatu zuen fiskalak, denera, 240 urtekoa, batik bat, inkomunikazio aldiko deklarazioetan oinarrituta. Irati Mujika, beste hiru lagunekin batera, ez ziren epaiketara aurkeztu, bideo batean adierazi zutenez, ez ziotelako eurak epaitzeko zilegitasunik onartzen Auzitegi Nazionalari. Gerora, ordea, laurak atxilotu zituzten.

Herriko tabernak
Pasa den martxoaren 11n amaitu zen hamabi urte iraundako Herriko tabernen auziaren epaiketa. Honek ere luze jo zuen, bost hilabete iraun zituen, baina oraindik ez dute epaia jaso. Eskualdeko hiru elkarte daude tartean, Ibarrako Subegi, Villabonako Iratzar eta Tolosako Intxurre.
Fiskaltzak lau urte eta erdiko zigorra eskatu zuen Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Joseba Alvarez, Juan Kruz Aldasoro eta Karmelo Landarentzat. Bi urte eta sei hilabeteko zigorra beste zazpi lagunentzat, eta bi urte eta bi erdi gainontzeko auzipetuentzat.


Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!