Gazteen aurkako epaiketa

Lau hilabeteko bidaia aldapatsua

Iazko urriaren 14an hasi zenetik, tortura salaketak eta aldarrikapen politikoak nabarmendu dira «talde terroristan» aritzea egozten dieten gazteen auzian. Tolosako Aritz Lopez, Amezketako Irati Mujika eta Villabonako Mikel Ayestaran daude auzipetuen artean. Herriko tabernei dagokienez, Tolosakoa, Villabonakoa eta Ibarrakoa daude tartean. Aritz Lopez tolosarrarekin hitz egin du Tolosaldeko Atariak.

Berria egunkariko Hodei Iruretagoiena izan da Madrilen epaiketa jarraitzen, eta hau da bere azken kronika.


Bukatu da Espainiako Auzitegi Nazionalean Segiko kide izatea egozten dieten gazteen auzia. Itzuli dira Euskal Herrira, eta epaiaren zain geratu beharko dute orain. Fiskalak seina urteko kartzela zigorra izatea eskatu duen epaiaren zain, eta herri akusazioak hamar eta hamabi urte artekoa. Gazteek, berriz, azken hitza joan den ostiralean adierazi zutela esan dute epaiketaren bukaeran. Euskal Herriko alor eta ideologia anitzeko 40 pertsona ezagunek aurkeztutako Azken Hitza dela beraiena. «Egokien den moduan», guztiak libre uztea eskatzen zuen Azken Hitza. «Gure herriaren gehiengoak babestu du. Ez daukagu gehiago esateko», adierazi zuen Ainara Bakedanok, guztien izenean.

Besteak beste, adierazpen hartan salatu zuten «berez delitu ez diren ekimenak» aurkeztu dituela akusazioak froga gisa. Bide horretatik jo zuten atzo ere defentsako abokatuek, ondorioak aurkeztean. Batetik, inkomunikazio aldian gazteek egindako deklarazioak daude, eta, bestetik, jarraipen eta miaketekin Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak egindako txostenak. Sumario osoan «indarkeriazko elementurik» ez dagoela salatu dute azken ondorioetan, ezta gazteak Segiko «kide aktibo» zirela esateko frogarik ere.

Hala laburbildu zuen Kepa Manzisidor abokatuak atzoko saioaren hasieran: «Paradoxa makabroa da akusazioetan ez egotea inongo indarkeria ekintzarik, zigortzeko ezinbesteko elementua izanik, gazteek Guardia Zibilaren eta [Espainiako] Poliziaren esku sufritutakoa izatea frogatu den indarkeria bakarra, eta indarkeria hori izatea akusazioen argudioen oinarria».

Atzo ere hainbat argudio eman zituen defentsak, orokorrak nahiz banakakoak, gazteak torturatu egin zituztela frogatzeko eta inkomunikazio aldiko deklarazioei balioa kentzeko. Horien artean, ahozko epaiketan bertan gazteek emandako testigantzak eta Istanbulgo protokoloa beteta perituek aurkeztutako txostenak. Fiskalak ere onartu zuen deklarazio horiek ezin direla frogatzat hartu bere horretan, esan zutena frogatzeko bestelako elementurik gabe.

«Inkomunikazioa, injustizia»

Joan den asteko saioen ondoren, 25 auzipeturen defentsa egitea falta zen epaiketa bukatzeko. 10:00etan hasita, 18:30 aldera arte aritu ziren horretan abokatuak, tartean atseden bat eginda. Horien tortura salaketak frogatzeko, hainbat adibide azaldu zituzten. Olatz Izagirreren kasua azaltzen hasita, hala esan zuen Aiert Larrarte abokatuak: «Izagirrek ez zion ihes egin justiziari, injustiziari baizik: inkomunikazioari eta torturari». Izan ere, Izagirre bezala, Ipar Euskal Herrian eta Erroman atxilotu zituzten gazteetako batzuk. Fiskalak berak esan zuen kasu horietan ez dagoela polizia deklaraziorik. Galdera batekin erantzun zion Manzisidorrek: «Zergatik Espainiako Estatuan bai?».

Hain zuzen, Espainiako auzitegiek ezarritako inkomunikazio aldia salatzeko «zerrenda beltzen» dinamika ekarri zuen gogora Jaione Karrera abokatuak, Garbiñe Urraren, Itxaso Torregrosaren eta Artzai Santestebanen defentsa egitean. Aurreko operaziotako instrukzioetan beren izena atera zela eta, hirurek aurkeztu zuten beren burua Fernando Grande-Marlasca epailearen aurrean deklaratzeko. Marlascak ez zituen hartu, eta berak agindu zuen gero hirurak atxilotzeko, 2009ko azaroko sarekadan. «Zerk eraman zituen, hiru egunetan, urte osoan esandakoaren aurkako esatera?». Inkomunikatu egin zituzten, eta torturak salatu zituzten.

Garazi Rodriguezen kasua ere nabarmendu zuten abokatuek; begiak estaltzeko zapi bat jantzita zeukala atera zuten Donostiako polizia etxetik, eta hala agertzen da argazkietan. Prentsatik babesteko jarri ziotela argudiatu zuten poliziek, baina abokatuek gogorarazi zuten ikusmena eragozteko erabiltzen direla halakoak, eta debekatu egiten dituela nazioarteko legediak.

Jarraipen eta miaketei dagokienez, Guardia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren txostenek zehaztasun gutxi eta akats ugari dituztela nabarmendu zuten abokatuek, eta «fikziozko literatura» dela gehiena. «Ondorio kontrajarriak, sinatu gabeko txostenak, hipotesi interesatuak...».

Daturik gabeko txostenak

Hasteko, azaldu zuten akusazioek froga gisa aurkeztutako ekitaldi, dokumentu, bilera eta gainontzekoetako gehienek ez dutela zer ikusirik Segirekin. Aurreko saioetan esana zuten ez dela daturik eman Segik gazte mugimendua «instrumentalizatzen» zuela esateko, are gutxiago auzipetuek hori egiten zutela frogatzeko.

Gaizka Likonaren kasuan, adibidez, berea ez zen etxe bat miatu zutela salatu zuten, arrazoirik eman gabe. Ion Liguerzanaren edo Nestor Silvaren kasuan, Gasteizko Garraxi tabernan zegoen guztia eurei egotzi dietela, han lan egin dutelako zerbitzari gisa. Ibai Esteibarlandaren kasuan, bilera batzuetara joan zela esate hutsarekin hartu dutela zuzendaritzako kidetzat. «Aktarik gabe, daturik gabe, epaiketan guardia zibil bakar batek hori berretsi gabe».

Edo Nahia Aguadori eta Mikel Totorikari Segiren Udako Gazte Eskoletan egon zirela leporatu dietela, «ostiralean etxetik motxila batekin atera eta igandean itzuli zirelako». Edo Izagirreren aurka hiru argazki eta bost bilera soilik aipatuta, 2002tik Gazte Topagunea antolatzen ibili zea leporatu diotela. «Nola da posible 300 atxiloturen ondoren, hamar urteko ikerketen ondoren, hiru argazki eta bost bilera bakarrik egotea? Edo akatsa dago, edo segurtasun indarrek arazo larria dute». Defentsaren ustez, beraz, ez dute baliorik akusazioek aurkeztutako frogek, eta auzipetu guztiak absolbitzeko eskatu dute. Libre uzteko, Euskal Herrian Azken Hitza sinatu zuten 40 pertsonek bezala.

Erlazionatuak

Berrogeiak libre

Espainiako Auzitegi Nazionalak absoluzioa eman die 26/11 auzian epaitutako 40 gazte independentistei. Urrian hasi zuten horien kontrako epaiketa, e...
Gazte mugimenduaren epaiketan defentsak argudioekin jarraituko du gaur

Tolosaldea

Berez gaur zen amaitzekoa gazte mugimenduaren aurkako epaiketa, baina seguruena otsailaren 4a arte luzatuko da. 10:30ean hasita gazte auzipetuen de...
Gazte auzipetuen kontrako zigor eskaerak berretsi ditu fiskalak

Auzitegi Nazionaleko fiskalak seina urteko espetxe zigorra eskatu du 26/11 auzian inputatutakoentzat; defentsak, berriz, absoluzioa galdegin du
Irati Mujika espetxean egongo da epaitu bitarte

Amezketa

Gazte independentisten aurkako auzian poliziaren perituak ari dira deklaratzen gaur, eta bertan, epaileak Amezketako Irati Mujika aparte epaituko d...
Libre: elkartasunetik konpromisora

Tolosaldea

26/11 eta 35/02 auzien lehen saioak burutu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean. Lehen auzian auzipetuta daude Mikel Ayestaran billabonatarra et...
Mikel Ayestaranek eta Aritz Lopezek beren kontrako akusazioak ukatu dituzte

40 gazteren aurkako 26/11 sumarioan, epaiketaren bigarren saioa egiten ari dira gaur. Aritz Lopez tolosarrak eta Mikel Ayestaran billabonatarrak de...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!