Gazte mugimenduaren aurkako epaiketa otsailaren 4an bukatuko da, baina gazteek gaur Donostian eman dute jakitera beraien azken alegoa. Gazteen artean daude Aritz Lopez tolosarra, Mikel Ayestaran billabonatarra eta Irati Mujika amezketarra.
Gehiengo berriaren adierazpena, "Gu" berriarena irakurri dute gazteek, eta Alaia Martin, Mikel Labaka, Sabino Cuadra, Bakartxo Ruiz eta Mikel Astarloza egon dira agerraldian. Beste 40 bat eragileren atxikimendua jaso dute. "Zubiak eraiki behar ditugu lehen harresiak zeuden lekuan", nabarmendu dute.
Donostian bi gaztek irakurri dute alegatoa, baina "Espainiako Auzitegi Nazionalean momentu honetan eta pasa den urteko urritik izaten ari den 40 gazteen kontrako antzeko makroepaiketa baten zain gauden gazteak" ordezkatzen dituztela esan dute.
Aurreko astean gazte hauek adierazi zuten bezala, esparru ezberdinetako jende esanguratsuarekin aurrelanketa egin ondoren, eginkizun garrantzitsuarekin heldu dira epaiketaren amaierara: "Gehiengo berriaren aldarria ekarri eta entzunaraztea, “gu” berriaren aldarria... epaiketaren azken hitza guri ez dagokigula uste dugulako, gure herriarentzat konponbidean oinarritutako etorkizuna desio duten pertsona guztiei baizik: “GU” BERRIA". "Horregatik, azken hitza ez da Madrilen esango... eta ez dute 40 auziperatuek esango; azken hitza Euskal Herrian esango dugu, euskal herritarrok esango dugu", gaineratu dute.
Adirazpenari dagokionez, honek lau puntu nagusi ditu: zubiak eraiki nahi dituztela lehen harresiak zeuden tokian, etokizuneko zubiak ere eraiki behar dituztela, ilusio zubiak egingo dituztela eta baita justizia zubiak ere.
Zubiak eraiki nahi ditugu lehen harresiak zeuden lekuan. "Gurea bando herria izan da. Identitatearen inguruko bateko eta bestekoena, ideologiaren araberakoena... eta garaile eta garaituena, “eurak” eta “gu”, betiro. Baliteke, oraindik ere, hala izatea neurri batean. Baina bi urteko prozesu demokratikoaren ostean, subjektu berri bat sortu da, “gu” berri bat; gu, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizun berri baten alde egiten dugunak, konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko den etorkizunaren jabe izan nahi dugunak; denok irabazle izango garen etorkizuna".
Etorkizunerako zubiak. "Atzera begirako estrategia “antiterrorista”-ri lotzea herri honen etorkizunaren eraikuntzarako zama latza da. Eragile politiko eta sozial orok eman du urratsen bat denok batera ekin behar diogun etorkizuna eraikitzeko. Gehiago beharko dira, baina agerikoa da lekuz kanpo daudela konponbidea eten edo oztopatu asmoz eraikitzen dituzten harresi berriak, eta epaiketa hau horietako bat da, garrantzitsua gainera. Garaiz eta lekuz kanpo dagoen anakronismoa da".
Ilusio zubiak. "Epaiketa hau, antzeko beste ekinbide batzuen antzera (edo estrategia beraren baitan egiten ez diren urratsen moduan) frustrazio eragile da. Herritarrok ilusio desioz gaude, ordea, bakean eta justizian oinarrituko den etorkizuna eraiki nahi dugu, errespetua eta aitorpena oinarri izango dituena".
Justizia zubiak. "Bada arrazoibide eta tresna juridiko aski epaiketa honen emaitza bakearen aldeko urrats txiki bat izan dadin. Justizia, garai berri baterako trantsizio ikuspegitik aplikatzen hasi behar da. Gure aurkako epaiketan berez delitu ez diren ekimenak aurkeztu ditu akusazioak froga gisa, hala aitortu du, gainera; helburuak dituzte epaitzen, ez bitartekoak, jardun politikoa dute epaitzen eta ez delituak. Egungo testuinguruan, politikak irten egin behar du eremu polizial eta juridikotik".
Bukatzeko, prozesu judiziala bertan behera uzteko eskatu dute, "edo auzipetu denak absolbitzea edo egokien den modua, baina 40 gazte hauek libre nahi ditugu".
Hauek dira sinatzaileak: Alaia Martín, Mikel Labaka, Bakartxo Ruiz, Ramon Agirre, Mikel Astarloza, Jose Luis Korta, Begoña Errazti, Mikel Aranburu, Jesus Egiguren, Toti Martinez de Lezea, Jose Miguel Uriz, Francis Díez, Tere Saez, Amets Arzallus, Alex Txikon, Koikili Lertxundi, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Mikel Soto, Miren Amuriza, Xabier Amuriza, Jose Maria Montero, Enrique Villarreal “El Drogas”, Zuriñe Hidalgo, Jose Mari Esparza, Oihana Fernandez, Peio Martinez de Eulate, Mikel Sanz Tirapu, Irati Jimenez, Xabier Morrás, Patxi Zabaleta, Ainhoa Aznarez, Sabino Cuadra, Hedoi Etxarte, Oihana López, Castillo Suarez, Itziar Ziga, Rafaela Romero, Xabier Solano eta Pascual Serrano.