Mikel Ayestaranek bere kontrako akusazioak ukatu ditu, eta Amasa-Villabonako Gazte Asanbladan parte hartzen zuela azaldu du. "Gazte Asanbladak deialdi ireki bidez funtzionatzen zuen herria bizirik mantentzeko: hitzaldi, kontzertu, txapelketa...", esan du Ayestaranek. Fiskalak froga moduan mendi martxa bateko argazkia erakutsi dio, eta Santio jaietako txoznetako txanden zerrenda eta hainbat fakturen inguruan aritu zaio.
Bere anaia zen Remi Ayestaranen omenaldi ekitaldi bateko argazkia erakutsi diote. "Ertzaintzarekin liskarra izan ondoren hil zen Remi, nere anaia", azaldu du Mikel Ayestaranek. Etxea miatu zutenean, Poliziak Remiren eta bere arrebaren gauzak eraman zituztela salatu du Ayestaranek. Manex Castroren argazki bat atzeman zion poliziak. Txikitako lagunak direla, eta lagun talde berekoak, azaldu du.
Mikel Ayestaranek Tolosaldeko Atariarekin hitz egin du, deklarazioaren ondoren, eta fiskaltzak dituen "froga eskasak" auzitan jarri dituztela esan du, "inondik inora ez direlako ilegalizatutako gauzak". Ayestaranek gaineratu duenez, "mugitzen den gazte oro terrorista da beraientzat", eta Auzitegi Nazionala "torturapean lortutako deklarazioetan" oinarritzen dela salatu du.
Mikel Ayestarani elkarrizketa Espainiako Auzitegi Nazionaletik
Bere aldetik, Aritz Lopezek deklarazioan akusazioarekin ez dagoela ados esan du, eta Auzitegi Nazionala "jarduera politikoagatik" epaitzen ari dela salatu du.