Jokin Aranalde euskal iheslari politikoaren aurkako euroagindua onartu dute

Ataria 2013ko urriaren 30a

Jokin Aranalde, erdian, Paueko auzitegiaren aurrean.
Jokin Aranalde euskal iheslari politikoen kolektiboko mintzaidea da eta Heletan atxilotu zuen Frantziako poliziak Herria Dugu Arnas izeneko ekitaldiaren ondoren, Espainiak egindako euroagindu eskari bat zela medio. Aranalde atxilotu ondoren, haren kontrako euroagindu eskaria aztertu zuen Paueko auzitegiak. Aranalderen egoeraren berri emateko batzar informatiboa egingo dute Ibarrako plazan, gaur, 19:30ean.

 

Paueko auzitegiak informazio gehigarria eskatu ondoren, ez zituen aintzat hartu defentsaren oharrak eta ontzat eman zuen Espainiaren eskaria. Aranaldek erabakiaren aurkako helegitea ezarri zuen. Paueko auzitegiko Kasazio Gortea bildu zen urriaren 23an, biharamunean erabakia plazaratzekotan. Azalpenik eman gabe, Kasazio Gorteak ez zuen deliberorik plazaratu urriaren 24an.

Gaur ordea, ez du onartu Aranalderen eskaria. Prozedurari jarraikiz, Frantziak berehala utz dezake Aranalde Espainiako justiziaren esku. Ez dago erabaki horren aurkako helegiterik. Erabakia hartu bitartean, Aranalde libro uztea deliberatu zuen Frantziako justiziak ekainean, epailearen kontrolpean utzi arren.

Paueko epaitegiak idatzi baten bidez jakinarazi dio erabakia Amaia Errekarte defentsa abokatuari. Abokatuak azaldu duenez, ebazpenean deliberoa agertzen da, zehaztu gabe zertan oinarritzen den erabakia. Epaitegiak hiru asteko epea  du jakinarazteko abokatuari zein diren erabakiaren arrazoiak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!