Aranaldek intsumisio jarrera hartu du, Espainiaratzea ekiditeko

Tolosaldeko Ataria 2013ko urr. 31a, 11:39
Jokin Aranalde, artxiboko argazkian. AITOR RENTERIA
Frantziako Polizia Jokin Aranalderen etxe inguruan da, baina BERRIAra bidalitako gutunean iragarri du bere jarrera. Kasazio Gorteak onartu egin zuen atzo Espainiak egindako euroagindu eskaera.

BERRIAri helarazitako gutun baten bidez, Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaideak jakinarazi du "auzi politikoa" egin diola Frantziako justiziak. "Egoera horren aitzinean, pertsonalitate instituzional, politiko, mugimendu sozial eta kultur esparruko hainbat pertsonalitatek, jarrera intsumitu eta desobediente batez erantzun beharra mahairatu dute, EIPKaren bide orria jendarteratu eta herriak defenda dezan, bi estatuen gainetik, prozesu demokratikoa bururaino eramateko" dio Aranaldek gutunean.

EIPKren bozeramaileetako bat izanik, berresten du azken deportatu eta iheslaria etxera ekartzeko engaiamendua. Pariseko Kasazio Gorteak asteazkenean onartu zuen Aranalderen aurkako euroagindu eskaria, eta gaur goizean Frantziako polizia zen Aranalderen etxe inguruetan, Irisarrin (Nafarroa Beherera). Hamar egun zituen Frantziako Poliziak Jokin Aranalde atxilotzeko, eta Kasazio Gortearen erabakiaren biharamunean joan da haren bila. Aranaldek mobilizatzera deitu ditu eragileak "nahi eta behar dugun bakea lortze aldera".

"Torturak beldurtuta"

Aranalde iheslari politikoen mintzakidetza taldeko kide da. 1946an sortu zen Gaztelun (Gipuzkoa). Frantziako Poliziak 2013ko ekainaren 24an atxilotu zuen Heletan (Lapurdi), Miarritzen egindako Herria dugu Arnas ekitalditik astebetera. Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ekainaren 12an plazaratu zuen mintzaideen zerrenda, eta horretan ageri zen Aranalde.

"Azken 50 urteotan Espainiak torturatu dituen 7.000 euskal herritarretatik bat nauzu" erran zion epaileari. Hiru aldiz atxilotu zutela Hegoaldean azaldu zion, eta torturatu zutela salatu zuen, eta beldurturik egin zuela ihes Iparraldera. Gisa berean, erran zion bizi arrunta egiten zuela Ipar Euskal Herrian, eta alaba bisitatzera joaten zela espetxera.

Euroaginduaren prozedurari jarraikiz, Parisko Kasazio Gortearen erabakiak ez du helegiterik onartzen. Amaia Errekarte defentsa abokatuak jakinarazi duenaren arabera, Paueko prokuradore nagusiak hamar eguneko epea du Aranalderen Espainiaratzea gauzatzeko. Auzitegiak erabakia helarazi die abokatuei baina hiru aste ditu horren oinarriak jakinarazteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!