Jokin Aranalde Espainiaratzeko agindua onartu du Paueko Auzitegiak

Tolosaldeko Ataria 2013ko ira. 25a, 12:19

 

Jokin Aranalde iheslari gazteluarraren aurkako euroagindu eskaera onartu du Paueko auzitegiak. ETArentzako militanteak atzematea leporatzen diote Aranalderi Espainiako epaileak igorri duen euroaginduan. Jokin Aranalderen abokatuek helegitea aurkeztuko dute, eta hilabeteko epean emango da jakitera Kasazio epaitegiaren erabakia. Espainiaratze agindua berretsiko balitz, Aranalderen sendiak argi du espetxeratu egingo dutela, erabakia «politikoa» baita.

Ibon Aranalde semeak adierazi duenez, Paueko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberaren ebazpenari helegitea jarriko dioten arren, erabakia «nahiko sendoa» da: «Abokatuak azaldu zigun Espainiaratze agindua onartuz gero, oso zaila izango zela atzera botatzea, aurretik hartutako erabakia delako». Izan ere, Jokin Aranalderen semearen arabera, erabakia «politikoa» da. «Iheslarien aportazioari, eta oro har, Euskal Herrian ireki den prozesuari eta aukera berriei ateak ixteko saiakera bat gehiago da», adierazi du Aranaldek. Bere ustez, «Espainiak eta Frantziak, ez dute oraingoz behintzat inongo gogorik gauzak baretu, eta hitz egiten hasteko».

Jokin Aranalderen abokatuak Amaia Rekartek azaldu duenez, hiru eguneko epea dute orain helegitea aurkezteko. Hilabeteko epean iritsiko litzateke Kasazio epaitegiaren erabakia, eta tarte horretan Jokin Aranalde aske egongo litzateke. «Epaia Paueko Auzitegiaren erabakiaren aurkakoa balitz, Kasazio epaitegira pasako litzateke, eta aldiz, aldekoa izango balitz, Espainiaratu eta bertako epailearen aurrean aurkeztuko litzateke». Orduan zabalduko zen prozesuan epaileak erabakiko luke fidantzapean aske utzi ala espetxeratu. Semeak, baina, argi du, Espainiaratzen badute espetxean sartzeko izango dela. «Prentsan argitaratu dute Espainian argitu gabeko auziak dituela, baina berak maiz gezurtatu du hori, eta azaldu du berriro torturatua izateko beldur zelako egin zuela ihes», dio Aranaldek.

Bizitza publikoa Iparralden

Jokin Aranalde azken 11 urteetan bizi izan da Iparraldean, bizitza publikoa eginez, eta agerraldietan ere parte hartuz. Bere abokatuak azaldu duenez, «bere burua okerrenerako prestatua duen arren, nabari da kolpe gogorra izan dela beretzat». Familia ere «lur jota» dagoela aitortu du semeak: «Ama, batez ere, erabat atsekabetuta dago; pentsa, espetxean sartzen badute, alaba Frantzian espetxean, eta aita 70 urte betetzear, Espainian espetxean. Zoritxarrez hori da gure herrian oraindik dugun egoera».

Bestalde, auzitegi berak ez du onartu Aitor Zubillaga euskal iheslariaren kontrako euroagindu eskaera, forma akatsak argudiatuta. Zubillaga 2008ko euroagindu baten bidez atzeman zuten, baina agindu hori ez du igorri Espainiak. Epaitegiak agindua eskatu zion Espainiako Estatuari, baina frantsesezko itzulpena besterik ez du jaso; hori dela eta, atzera bota du euroagindu eskaera.

Ekainean atxilotu zituzten Jokin Aranalde eta Aitor Zubillaga, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak hilaren 15ean gatazkaren konponbiderako proposamen bat aurkeztu eta egun batzuetara. Aranalde EIPKko mintzaide zen, eta hilaren 24an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, Heletan (Nafarroa Beherea) ezohiko kontrol batean.

Jokin Aranalde Gaztelun jaio zen, baina urte luzez Ibarran bizi izan zen. Frankismo garaian bi aldiz atxilotu zuten, 1967an eta 1968an. Ondoren, 2002an, berriro atxilotu zuten. 12.000 euroko fidantzapean askatu zuten azken atxiloaldi horretatik; aurrekoetan bezala, torturatua izan zela salatu zuen. Aske geratu eta hilabete gutxira, atxiloketa berri batzuen eta ondorioz berriro ere torturatua izateko beldur zelarik Iparraldera egin zuen ihes.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!