Gotzone Ijurko: «Gogorra izan arren, badira okerrago daudenak»

Asier Imaz 2014ko uzt. 10a, 11:36
Gotzone Ijurkok alaba espetxean dauka, eta senarra, intsumisio egoeran ezkutaturik. Hala eta guztiz ere, ez du erabat etxera begira jarri nahi, baina onartzen du, sendiarentzat azken urteak «oso gogorrak» izaten ari direla. Baikortasunari heldu nahi dio, ordea, Gotzone Ijurkok, inguruan egoera gogorragoak egon badirela jakitun. Euskal Herriak egun bizi duen testuinguruaren aurrean, itxaropentsu agertzen da.


Maite Aranalde ekainaren 18an epaitu zuten Parisko Auzitegi Korrekzionalean, Eñaut Aramendirekin batera. 16. aretoan, tribunala hiru epailek osatu zuten. 10 urteko espetxe zigorra jarri zioten ibartar gazteari, ETA erakundeko kide izateagatik. Aretoan egon zen Aranalderen ama: «Epaiketa aurretik minimo bat jarriko ziotela pentsatzen nuen, azkar Espainiaratu zezaten. Bere aurkako bi euroagindu daude indarrean, ondorioz, Frantziatik Espainiara eramango lukete. Maite berak horrela ez zela izango esaten zidan, eta kontzientziatzen joan nintzen. Egunean bertan, hamar urtetik gorakoa izan zitekeela esan zidaten, eta azkenean, 10 urte jarri zizkioten. Fiskalak zortzi eskatu zituen, eta epaileak hamar. Horrek pixka bat harritu ninduen».
Gotzone Ijurkoren esanetan, defentsa abokatuak lan handia egin zuen, «epaiketa oso ongi prestatuz»; baina dena aurrez erabakirik zegoenaren sentsazioarekin gelditu zen. «Tentsio handiko» epaiketa izan zela dio Ijurkok, eta epaileak Eñaut Aramendi gaztea nola tratatu zuen aipatzen du; «bere aurkako jarrera oso bortitza izan zen».
Epaiketaren ondoren Maite Aranalderen espetxe barruko bizi baldintzak aldatu egingo dira: «Telefono dei gehiago egiteko edo espetxe aldaketa eskatzeko aukera izango du. Bisita gehiago eta luzeagoak izango ditu; sei ordukoak, 48koak eta baita 72koak ere, espetxearen arabera. Izan ere, bisita horietarako azpiegiturak ez daude espetxe guztietan», esan du Ijurkok. Hala eta guztiz ere, euskal presoekin gertatzen den bezala, zigor gehigarriek bere horretan jarraituko dutela dio Aranalderen amak. Puntu horretan, besteak beste, dispertsio politika salatu nahi izan du, bere amaiera ezinbestekoa dela aldarrikatuz.   
Alabaren epaiketa senarrarekin ezin bizi izana Gotzone Ijurkorentzat ez da erraza izan, baina argi du, «sufritzen egongo den arren, Jokinek beti aurrera egingo duela»; bide horretan, semearen eta errainaren laguntza azpimarratu ditu.
Jokin Aranalde Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko mintzaidea da, eta 2013ko urrian, intsumisio jarrera hartu zuen, Frantziako justiziak Espainiakoaren euro agindu eskaerari argi berdea eman zionean. Orduz geroztik, ezkutaturik dago Gaztelun jaio eta Ibarran bizi zen Aranalde.
Euskal Herrian bizi den gatazkak «asko kendu» baldin badio ere, «asko eman» diola onartzen du Ijurkok: «Ez naiz bakarra. Inondik ere ez. Etxerat-en eta abar, senide gehiagorekin harreman izugarriak egiten dituzu; bizi duzuna beste ikuspegi batekin ikusten duzu».
Garai politiko berriaren aurrean itxaropentsu dago Ijurko: «Duela urte batzuk ilun zena argiago ikusten da orain. Gauza piloa egiten ari gara, eta egiten ari dira; esperantzarekin begiratzen diot etorkizunari».
Maite Aranalderen abokatua
Frantziako eta Espainiako epaitegien artean badago aldea. Epaileek paper aktiboagoa jokatzen dute Frantzian, galdeketetan fiskaltzaren gainetik jarriz. Ekainaren 18an bi euskal gazte epaitu zituzten Parisen, eta epaileek «gogor» hartu zituzten. Horrez gain, erabakia egunean bertan kaleratu zuten. Miren Illarreta Aranalderen abokatuaren esanetan, azken urtean ohikoa da egunean bertan kaleratzea sententzia, «batez ere, euskal aferak tartean direnean».
Euskal herritarren aurka izan zuten jarreraz galdetuta, presidentearen papera azpimarratu zuen, «batez ere, Eñauten aurka oso oldarkor jokatuz». Maite Aranaldek galderei erantzuteari uko egin zion, eta amaieran, hitza hartzeko eskubidea zuenez, hitz egiten hasi zen, «baina presidenteak ez zion utzi hitza hartzen», dio Illarretak. «Bitxia izan zen, normalean, nahiz eta galderei ez erantzun, bukaeran hitz egiten uzten baitute. Gai politikoa baldin bazen ez ziola utziko hitz egiten esan zion Maiteri».
Fiskalak ibartarraren aurka zortzi urteko espetxe zigorra eskatu zuen, baina epaileak bi urte gehitu zizkion sententzian eskaera horri. Abokatuaren esanetan, «hori ohikoa ez da, baina azken aldian hori ere gertatu da. Maiteren kasuan, kargu batzuk kendu zizkioten, baina hala eta guztiz ere, bi urte gehiago jarri zizkioten. Gogor zigortu nahi izan dute berrerortzeagatik. Frantzian atxilotzen duten bigarren aldia da, eta horrek eragin handia izan du».
Maite Aranaldek lau urte daramatza espetxean, ondorioz, sei gelditzen zaizkio betetzeko Frantzian. Sei horiei, 11 hilabete kendu behar zaizkie abokatuaren esanetan, erredentzioengatik. Horrez gain, ikasketak eta beste hainbat ekimenengatik, epea murrizteko aukera izango du Aranaldek, kasu horretan ordea, espetxe zuzendaritzaren iritzia hartu behar da kontuan, epaileari berak proposatu behar baitizkio erredentzio bilaka daitezken arrazoi horiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!