Iñaki Letamendia txistularia hil da

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko martxoaren 26a

Iñaki Letamendia txistua jotzen, 2019an Tolosan egin zioten omenaldian. IMANOL GARCIA LANDA

Atzo hil zen, 73 urte zituela; jaiotzez ormaiztegiarra zen, baina 10 urterekin etorri zen Tolosara. 46 urte egin zituen Tolosako txistulari banda zuzentzen eta Eduardo Mokoroa musika eskolan txistuko klaseak ematen, 2018ko abuztuan erretiroa hartu aurretik. Bihar egingo diote azken agurra, 13:00etan, Tolosako hilerriko kaperan.

Goizean, 8:00etan, txistu doinuak entzun dira Tolosako Plaza Zaharrean. Arrazoia pisuzkoa zen, Iñaki Letamendia Loinaz Txistu hil baitzen atzo, 73 urterekin. Ia mende erdiz Tolosako Udal Txistulari Bandako zuzendari eta Eduardo Mokoroa musika eskolako txistu irakasle izan zen. Beraz, Tolosa eta txistua aipatuz gero, ezinezkoa da harekin ez oroitzea. Txistu doinuak entzuteaz gain, Letamendiaren irudia jarri dute Plaza Zaharreko karteletik zintzilik. Bihar egingo diote azken agurra, 13:00etan, Tolosako hilerriko kaperan.

Tolosako Plaza Zaharrean Letamendiaren irudia jarri dute.

Letamendia 1953an jaio zen Ormaiztegin, eta bertan hasi zen txistua ikasten. Hamar urterekin Tolosara etorri zen, txistua gehiago ikasteko aukera gehiago zituela-eta. Ormaiztegin Paskual Larrañaga izan zuen irakasle; Tolosan, berriz, Migel Martinez de Lezea, orduko txistulari bandako zuzendaria.

Oso gazte zela hasi zen Tolosako Udal Txistulari Bandan txistua jotzen, 17 urterekin. Lehenago, 1968an, 15 urte zituela, inauterietako Asteartitako alboradan jo zuen estreinakoz, eta urte berean, lehen aldiz, Iruñeko San Fermin festetan jo zuen txistua bederatzi egunez. Handik urtebetera, Gabonetan, udal txistulari bandan hasteko eskaintza luzatu zion Martinez de Lezeak. 1970eko martxoan hasi zen.

Handik gutxira, gorabehera batzuk tarteko, txistulari bandako kideak kaleratzea erabaki zuen udalak. 1972ko urrian, berriro banda osatzeko plazak atera zituzten, eta gazte batzuk aurkeztu ziren, tartean, Letamendia. Txistulari bandako zuzendari eta musika eskolan txistu irakasle postuak lortu zituen.

Omenaldiak, han eta hemen

46 urte egin zituen Tolosako txistulari banda zuzentzen eta Eduardo Mokoroa musika eskolan txistuko klaseak ematen, 2018ko abuztuan erretiroa hartu aurretik. Urte horietan guztietan, igandero jo zuen dianan. Ion Garmendia Anfurrutia ibartarrak hartu zuen Letamendiaren lekukoa. ATARIA-k Garmendiari iaz egindako elkarrizketan, honakoa esan zuen Letamendiari buruz: «Txikitatik izan dut Iñaki irakasle eta gero bandan sartu nintzenean are estuagoa bihurtu zen harremana. Ostiral Meheko kalejira, esate baterako, Iñakik asmatutakoa da. Gaur egun 80 lagun inguru ateratzen gara eta Euskal Herriko beste herrietatik ere etortzen dira bertara. Lorpen hori eta beste asko Iñakiri zor zaizkio». Aurtengo inauterietan, Ozenki taldearen Ostiral Meheko kalejiran, Alondegi plazan egin zuten geldialdian, txistua jo zuen Letamendiak.

2018an, 50. urtez jarraian joan zen Iruñeko San Fermin festetara txistua jotzera. Berez, erretiroa zela eta, ez zuen joateko asmorik, baina ez zen ohartu 50 urte beteko zituela, eta joateko agindu zioten. Gainera, Iruñeko Udalak eta Iruñeko eta Tolosako udal txistulari bandek omenaldi hunkigarria egin zioten. Bertan izan ziren, besteak beste, Olatz Peon orduko Tolosako alkatea, eta Nerea Letamendia, orduko zinegotzia eta Letamendiaren iloba. Joseba Asiron Iruñeko alkatearen eskutik jaso zituen opariak: Iruñeko Udalaren zapi gorria eta Caravinagre buruhandiaren oroigarria. Aurrez, 2013an, 100 urte bete zituen Tolosako Udal Txistulari Bandak sanferminak girotzen, eta urte horretan ere omenaldia egin zioten. Hemen 2018ko sanferminetan Maisonave hotelean egin zioten omenaldiaren bideoa:

2019ko maiatzaren 11n, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen izenean, Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak zilarrezko domina jarri zion Letamendiari Tolosan; erakunde horrek ematen duen sari nagusiena da. Ekitaldi horretan txistua jo zuen Letamendiak, bere anaia Ander eta Iñaki semearekin. Lexearena habanera jo zuten; Martinez De Lezeak konposatu zuen, eta Ander Letamendiak jarri zion letra. Udalaren izenean, Peon alkateak txistulari bandako kideen argazkia oparitu zion. Euskal Herriko 60 txistulari inguruk parte hartu zuten omenaldian.

Hemen ikusgai, egun horretako irudiekin Euskal Herriko Txistulari Elkarteak egindako bideoa:

Txistularia baino gehiago

Tolosa eta Iruñea ez ezik, munduko txoko gehiago ere zapaldu zituen Letamendiak txistuarekin. Lau bat aldiz joan zen Parisera txistua jotzera, eta Hego Koreara ere bidaiatu zuen, hamabost egunetarako. Mendizabalek hango orkestra batekin jotzen zuela eta, hara joan zen. 1991n hasi zen bien arteko harremana. «Hasieratik oso estua eta benetakoa izan da. Une eder asko dauzkat berarekin. Biok bakarka ulertzen ginen. Maite ginen. Eta zer esan bere umore bereziagatik. Zirikatzaile profesionala (zentzurik onenean) eta zegoen lekuan beti egiten zuen ekarpena. Bizia ederragoa eta politagoa egiten zuen», esan du Mendizabalek.

Jexux Mari Garmendia, Garikoitz Mendizabal eta Iñaki Letamendia, Hego Korean.

Zestoarrak hitz hunkigarri gehiago idatzi ditu Letamendiarentzat: «Herriko eta herriaren txistularia izan da. Bere izaera bereziak herriarekin eta herritarrekin asko eta ongi konektatzeko aukera eman dio, eta herriak eta herritarrak eskertu diote. Bere lanean, gainera, ezaugarri hauek erabili izan ditu: gertutasuna, konpromisoa, alaitasuna eta apaltasuna. Jakin izan du ikasleekin lan egiten, gero kalean eroso aurkitu zitezen eta naturaltasunez herriko ohiturei zintzo eutsi die. Herriaren enbaxadore egokia izan da apaltasunetik. Tolosa eta bere kultura txistutik saldu eta azaldu izan du kanpoan. Horregatik, eta guztiagatik, eskerrik asko Iñaki maitea».

Tolosan ez ezik, herri gehiagotan aritu zen Letamendia txistu irakasle. Orexan hasi zen, eta Berastegin, Elduainen, Berrobin, Belauntzan, Ibarran, Tolosan, Villabonan, Iruran, Asteasun, Aretxabaletan eta Zestoan ere irakatsi zuen.

Oro har, musika zen Letamendiaren pasioa. Irakasten zuen instrumentuaz gain, bonbardinoa, dultzaina eta kaxa ere jotzen zituen. Erretiroa hartzean zer egingo zuen galdetzen zioten askok, eta hark kriskitinak jotzen ikasiko zuela erantzuten zien. Bada, erretiroa hartu aurretik hasia zen klaseak jasotzen, eta «izugarri» gustatzen zitzaiola esan zuen.

Tolosarren oroimenean

Tolosar askok gogoan izan dute Letamendia. Andu Martinez de Rituerto alkateak eskerrak eman dizkio tolosar guztien izenean, eta nabarmendu du txistuaren sustapenean «lan ikaragarria» egin duela.

Bestetik, Tolosako Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak arestian aipatutako Tolosako omenaldian parte hartu zuen, eta orduko irudiekin egindako bideoa argitaratu du sare sozialetan. «Gaurkoa egun tristea da musikarentzat, gure herriko kulturarentzat», adierazi dute.

Pablo Dendaluze bideogile tolosarrak ere gogoan izan du Letamendia, eta bideo bat egin du haren irudiekin:

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!