Ostiral Mehe 26

Ozenki egin diote aurre euriari

Ataria 2026ko otsailaren 13a

Eguraldiak ez die lagundu Ozenki Txistulari Taldekoei, baina moldatu dira aterpeak topatu eta bertan beren musika eskaintzeko. Leire Retegi aritu da gaur zuzendari lanetan.

Kalejirarik ez dute egin, baina inauterietako ohiko piezak ederki jo dituzte txistulariek eta taldeko beste musikariek. Lehen aldiz Leire Retegi leitzarrak zuzendu du taldea. Tolosako Musika Eskolan txistu irakaslea da Ion Garmendiarekin batera, eta aurreko urtetik Udal Txistulari Bandaren kidea da. «Ionek aukera proposatu zidan zuzendari izatea», esan du Retegik. «Aurreko urtean izan nintzen parte hartzen, eta beste urteetako irudiak ere ikusi nituen, eta oso giro polita sortzen den ekitaldi bat, oso koloretsua, eta piezak ere oso politak dira. Pozik hartu dut proposamena».

Eguraldien beharretara moldatu dira, eta lehen bi geldialdiak Euskal Herriko plazako arkupetan eta Alondegi plazako aterpean egin dituzte. Azken horretan ere izan da Iñaki Letamendia Tolosako Udal Txistulari Bandako zuzendari ohia eta Ostiral Meheko ekitaldia hainbat urtez gidatu zuena. Txistua jotzen aritu da, eta taldeko kideak agurtu ditu.

Txistulariak, perkusionistak, tronpetak, bonbardinoak, tubak eta metalak kontuan hartuta, 80 musikari inguru elkartu dira. «Euriak ez ditu kikildu», esan du Retegik. «Tolosako inauterietan musika epizentroa da, eta gaur ere argi geratuko da euriari aurre eginez, gure piezak eta gure txistuak joko ditugula».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!