«Tolosara etorri eta aukera gehiago nuen txistua ikasteko»

Irati Saizar Artola 2018ko mai. 9a, 09:59

Ia mende erdia darama txistua eskuetan hartu eta igandero-igandero Tolosako kaleak alaitzen Iñaki Letamendiak. Aurten, mende erdia beteko du sanferminetan bederatzi egunez txistua jotzen.

Zaletasuna ofizio bihurtzeko aukera izan zuen Iñaki Letamendia txistulariak (Ormaiztegi, 1953). 46 urte daramatza Tolosako txistulari banda zuzentzen eta Eduardo Mokoroa musika eskolan txistuko klaseak ematen. Ekainean kurtsoa amaitu, eta abuztuan hartuko du erretiroa.

Nondik datorkizu txistuarekiko zaletasuna?

Gehienbat nire etxetik. Gure etxean aita organo jotzailea zen, eta anaia ere musika munduan ibiltzen zen. Ormaiztegin jaio nintzen, eta aukera gehiegirik ez zegoen musika ikasteko. Kasualitatez, gure ondoan bizi zen garai hartan Ormaiztegiko organista eta txistularia zena, Paskual Larrañaga. Gure etxean afizio handia zegoen, eta zortzi urte ingururekin solfeoa ikasten hasi nintzen, baita txistua ere. Hamar urterekin eskolapioetara etorri nintzen eta Tolosan aukera gehiago nuen txistua ikasten jarraitzeko. Migel Martinez de Lecea izan nuen irakasle. Etxean ere jarraitzeko esaten zidaten, eta ni gustura joaten nintzen.

Oso gazte zinela jo zenuen lehen aldiz inauterietan.

Hamabost urterekin inauterietako asteartean goizeko seietan izaten den alboradan jotzeko eskatu zidan irakasleak. Hurrengo urtean berriz, hamasei urterekin, sanferminetan jotzera eraman ninduen. Kuriosoa izan zen garai hartan, eta normala gainera, irakaslea gure etxera etorri zen, gurasoei ni eramateko baimena eskatzera. Bederatzi egun pasa nituen sanferminetan txistua jotzen.

Handik bueltan, laster zinen Tolosako txistulari bandan jotzen ere.

Sanferminetatik etorri eta Eguberrietan Martinez de Lecearen semea, txistu bigarrena jotzen zuena bandan, hil egin zen. Bandan sartzeko eskaintza egin zidaten. Ilusioa egin zidan, eta gainera, kobratu egiten zen, ez asko baina nituen urteetarako nahikoa. 1970eko martxoan sinatu nuen txistulari bezala, txistulari bandako kide izateko. Handik gutxira, gorabehera batzuk izan ziren bandan bertan, eta udalekoek bandako kide guztiak kaleratzea erabaki zuten. 1972ko urri aldean, berriro txistulari banda osatzeko plazak atera zituzten, eta gazte batzuk presentatu ginen. Txistulari bandako zuzendari eta musika eskolan txistuko klaseak emateko postuak lortu nituen.

Orduan zaletasuna ofizio izatera pasa zen?

Ni garai hartan zuzenbideko gradua ikasten ari nintzen Donostian. Goizean unibertsitatera joaten nintzen, eta arratsaldean txistuko klaseak ematera. Egia esan, ni gusturago sentitzen nintzen txistua jotzen eta klaseak ematen. Azkenean, txistuarekin jarraitzea erabaki nuen.

Jendeak izango al du oraindik zu txistua jotzen entzuteko aukera?

Ekainean kurtsoa amaituko da eta abuztuan erretiroa hartuko dut. Urtero joaten gara sanferminetara, lagun mordoa ditugu han eta erretiroa dela eta aurten ez nintzela joango esan nien. Nik kontuak atera gabe neuzkan, eta joan beharra neukala agindu zidaten, aurten 50 urte beteko ditudalako sanferminetan txistua jotzen. Zenbat buelta eman ditudan Estafetan gora eta behera… baina ez entzierroa korritzen [Barreak].

Tolosako kaleetan asko ibili zara, baina munduko beste txoko batzuk ere zapaldu dituzu.

Parisera lau bat aldiz joan naiz txistua jotzera. Behin, ederra pasa zitzaigun... Baiona inguruan likore bat egiten zen, Izarra likorea, eta Parisen ondoan enpresa ireki zutela eta txistua jotzera gonbidatu gintuzten. Gaizki-ulertu bat tarteko, trenean Parisera iritsi eta kontaktatutako inor ez topatzean, bueltako tiketa hartu eta Tolosara bueltatu ginen [Barreak]. Beste behin, euskal etxeko urteroko festara joan nintzen. Hurrengo batean, abesbatzan abesten nuela eta, telebista programa bat grabatzera joan ginen. Eta laugarren bidaia, errugbiko Frantziako kopako finalera izan zen; Baionako taldeak jokatzen zuen. Bidaia hartako oroitzapen oso onak ditut. Hortik kanpo, Madrilera ere pare bat aldiz joan gara. Bestela, azken bidaia Hego Koreara egin genuen, hamabost egunetarako. Garikoitz Mendizabalek hango orkestra batekin jotzeko kontaktua egin zuen, eta hara joan ginen.

Irakasle moduan ere herri asko pasa dituzu.

Txistua irakasten Orexan hasi nintzen. Garai hartako apaizari, Latxagari irakatsi nion. Juan Garmendia Larrañaga tolosarrak gomendatuta hasi nintzen hari txistua erakusten. Ondoren, herri asko pasa ditut: Berastegi, Elduain, Berrobi, Belauntza, Ibarra, Tolosa, Villabona, Irura, Asteasu, Aretxabaleta eta Zestoa. Hamabi bat herritan aritu izan naiz.

Mende erdia txistua jotzen, erraz esaten da.

Txistuaz aparte bonbardinoa ere jo dut, dultzaina ere asko jo dut, eta baita kaja ere.

«Jubilatzen zarenean zer egingo duzu?», galdetzen didate askok. Kriskitinak jotzen ikasiko dudala erantzuten diet. Hasita nago klaseak jasotzen dagoeneko, eta izugarri gustatzen zait.

Hasierako garaietatik hona, izan du aldaketarik txistuak?

Gehien aldatu dena txistua jotzeko modua izan da. Lan handia egin du horretan Piter Ansorenak. Ni txistua jotzen hasi nintzenean, bakoitzak bere erara jotzen zuen. Gainera, txistu guztiak desberdinak ziren. Afinatzeko garaian eta arazoak izaten ziren. Ansorenak, txistu guztiak afinatzea lortu zuen, eta posturak eta definitu zituen, txistulari guztiek orden bat mantendu zezaten. Egun, edozein instrumenturekin jotzeko moduan dago txistua.

Beste aldaketa garrantzitsu bat ere izan du. Gu bandan hasi ginenean igande arratsaldero plazetan dantzatzeko musika jotzen genuen, Zerkausian edota Plaza Berrian. Hori galdu egin da. Gaur egun, txistua entzutera joaten da jendea, kontzertura bezala.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!