Txistua du instrumentu nagusia Ion Garmendia Anfurrutiak (Ibarra, 1979) baina ez du bere burua txistulari soil ikusten, musikaritzat du. Duela gutxi Zetak taldearen Mitoaroa-n jardun zuen alboka, txirula eta ttun-ttuna joz; 15.000 pertsonen aurrean eta inprobisatuz aritu zen. Piztu egiten dute horrelakoek.
Musikaria jaio edo egin egiten da?
Musika ikasi egiten da, baina berezko sena edukitzeak asko laguntzen du. Beste edozein gauzatan bezala, horretan ere, azkar antzematen da zeinek duen erraztasuna eta zeinek ez.
Zer da musikariak berezkoa behar duena?
Belarria, erritmoa, musikaltasuna, gauzak ulertzeko erraztasuna... gauza asko dira.
Zuk zeure buruari dohain horiek ikusten al dizkiozu?
Nik dohain horiek baldin badauzkat urtetan ikasi dudalako da. Ez dakit esaten sehaskatik datozkidan.
Musikarekiko zaletasuna nondik datorkizu?
Etxean ez ginen bereziki musikazaleak, baina, hori bai, lau anai-arrebek ikasi genuen musika: bi arrebek akordeoia eta anaiak eta biok txistua. Ni naiz lauetan gaztena eta inertziaz anaiaren bidea jarraitu eta zazpi-zortzi urterekin hasi nintzen Ibarran Jentorekin txistua ikasten. Kuadrillako dozena erdi bat lagun arrimatzen ginen harengana larunbat goizetan; gu ume kozkorrak izanik, beste ezertarako baino gehiago, jolaserako geunden. Gu dominatzen lanak izan zituen Jentok [barrez].
Ikasketak horretara bideratu al zenituen?
Ez, baina hala ere, jarraitu nuen txistua ikasten. Normalean 16-18 urterekin une kritikoa izaten da eta askok eteten dituzte musika ikasketak; eusten diotenek, ordea, modu batera edo bestera jarraitzen dute harremana instrumentuarekin. Nire kasuan ikasketekin jarraitu nuen, Jentorekin aurreneko urteak egin, eta gero, unibertsitatera joan bitartean Iñaki Letamendia izan nuen irakasle.
Une horretan irudikatzen zenuen zeure burua musika munduan?
Ez. Heziketa fisikoko irakasle-ikasketak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua egiteko erabakia hartu nuen, Gasteizen. Han Garikoitz Mendizabal musika eskolan irakasle zebilen eta aurretik ere ezaguna nuenez, eta etxean tokia libre zutenez, harekin konpartitu nuen pisua. Txistu ikasketak berarekin jarraitu nituen. Baina ez dezazula pentsa, pretentsio handirik gabe.
Noiz hartu zenuen bada, profesionalki musikara dedikatzeko erabakia?
Berandu xamar. Gasteizen nenbilela, arazo fisiko batzuk izan nituen eta ikusi nuen zaila izango nuela heziketa fisikotik bizibidea ateratzea, beti mugatuta egongo bainintzen. Irakasle-ikasketak bai, amaitu nituen, eta orduan, musikara dedikatzeko aukera argi xamar ikusi nuen. Musika ikasketak osatzeko izena eman nuen Donostiako kontserbatorioan eta nire ibilbide profesionala bideratzen hasi nintzen.
Eta beti txistuarekin?
Bai. Nire lehen instrumentua da, argi dago, baina bestelako asko probatu ditut. Ikasten nenbilen garaian Amezketako dantza taldearekin dezente ibiltzen nintzen, eta behin, taldeko Jon Zubeldiak zapata kaxa batean alboka bat ekarri eta esan zidan: «Hau hiretzako dek, hartu ezak, zerbait egingo dek honekin». Gasteizera bueltaka nenbilen orduan, eta Garikoitzek ere alboka lardaskatzen zuenez hari galdetu nion nola jo behar nuen; lau jarraibide eman zizkidan eta horrelaxe hasi nintzen albokarekin.
Orduan sortu zitzaizun beste euskal instrumentu batzuekiko interesa?
Bai. Ikasketak bukatuta, eskola batzuk ematen nituen, baina, batez ere, tabernetan aritzen nintzen lanean, zerbitzari. Halako batean ezagun batek egunkari bateko txatala ekarri zidan ikastaro baten inguruko informazioarekin. Musika tradizionalaren joera berriak aztertzeko Musikenen Kepa Junkerak gidatutako kurtsoa zen. Izena ematea erabaki nuen. Sarrera probak gainditu eta bi urtez aritu nintzen han, 2002tik 2004ra, euskal instrumentu tradizionalak sakonago ezagutzeko aukera izan nuen.
Kepa Junkera ezagutu zenuen ikastaroan, eta ikasketak amaituta, haren taldean aritu zinen.
Bai, Musikenen irakasle izan nuen Iñaki Plazarekin bikotea osatu eta Keparekin hasi ginen taldean, txalapartari eta albokari gisa. Esperientzia ederra izan zen. 2004tik 2008ra mundu guztia zeharkatu genuen: Europa osoa, Afrika iparraldea, AEB, Hego Amerika eta Japoniaraino ere iritsi ginen. Folk jaialdietatik hots egiten ziguten Keparen musika, bolada hartan, estimu handian zeukatelako.
Junkerak zenbateraino irauli zuen trikiti mundua?
Garai bakoitzean beti egon da bazterrak astindu dituen iraultzaile horietako bat. Trikitiaren munduari beste itzuli bat eman zion Kepak —beste batzurekin batera— eta momentu hartan iraultza bezala hartzen zena, hurrengo belaunaldiek normal-normal hartu dute. Beste tresna askotan ere berdina gertatzen da.
Txistuan eman al da iraultza hori?
Ari gara. Instrumentu tradizional bezala ulertuta, esango nuke iraultzetako bat dela txistuarekin musika garaikidea jotzea; geroz eta gehiago egiten dugu. Gaur egun txistu alardeetara joaten bazara ez duzu errepertorio tradizionala bakarrik entzungo. Tolosan zuzendari nabilenetik saiakera egiten ari gara eta Gatibu, ETS edota Izaroen kantuak ere ematen ditugu txistuarekin. Beste gauza batzuk egin daitezkeela erakutsi nahi dugu. Guretzat errazagoa litzateke errepertorio bat ikasi eta beti betikoarekin aritzea. Erosoena hori litzatekeen arren, geure burua behartzen dugu eta bide berriak bilatzen saiatzen gara, txistuaren kultura eguneratzeko, hobetzeko eta zabaltzeko.
«Tradizioa eraldatzeko tradizioa bera oso ondo ezagutu beharra dago»
Aldaketari neurria hartzea erraza al da?
Arduraz jokatu behar dugu. Tradizioa eraldatzeko tradizioa bera oso ondo ezagutu beharra dago. Demagun San Joan egun bat. Oso markatuta dago egun horretako errepertorioa, prozesioan dozena erdi pieza daude —minuetoak, kontrapasak, zortzikoak— derrigor jo beharrekoak, baina gero jakin behar da zirrikituak bilatzen eta baliatzen. Aurreskuan, esku-aldatzeko soinua jotzen denean, betidanik, Alpargata deitzen zaiona jo izan da. Orain, bakarra beharrean, lauzpabost soinu zahar diferente jotzen ditugu. Hori egitea ez da ezer modernoa egitea, baina bai betikoa birpentsatzea.
«Betikoa jo eta ezin dugu egon jendea etorri zain»
Tradizioak berrikuntza beharrezkoa du iraun dezan?
Tradizioa sortzen doan zerbait da eta eraldatzen doana. Tradizioak jarrai dezan, martxan egon behar du, eta martxan dagoen une beretik joango da naturalki eraldatzen. Bestela gauza folkloriko eta estatiko batean bihurtuko da. Aldatzen ez bada, ez da hurrengo belaunaldietara iristen. Gauzak duela 200 urte bezala egiten baditugu, ez dugu ondorengoengan interesa sortuko. Erabilgarritasuna ikusi behar dute gazteek, instrumentuak balio diela egin nahi duten hori egiteko.
Berrikuntzek zer moduzko harrera dute?
Jendeak eskertzen du aldaketa. Iruditzen zait gizartean ikaragarrizko oihartzuna ez duten instrumentu hauekin saiakera egin behar dugula jendearengana gerturatzeko. Betikoa jo eta ezin dugu egon jendea etorri zain. Gaur egun dagoen aukera pilarekin, gazteek ia munduko musika guztia mugikorrean eskura dutenean, zerbait erakargarria eskaini behar duzu edo bestela jai duzu.
«Jendea dagoen tokira jo eta arreta ematen duten gauzak jo behar ditugu»
Errepertorioa moldatuta bakarrik lortzen al da jendea erakartzea?
Ez da hori bakarrik. Kontuan hartu behar da non jotzen den, noiz jotzen den eta nola jotzen den. Janzkera, inkluso, aintzat hartu beharrekoa da. Pintzadun galtza, alkandora zuri eta gerrikoarekin txukun-txukun agertzen den txistulariaren piura zenbateraino da erakargarria 14 urteko gazte batentzat? Guk, Tolosan, adibidez, urtean pare bat alditan baino ez ditugu alkandorak janzten, gehiagotan ibiltzen ditugu polo eta galtza bakeroak. Txikikeria dirudi, baina guztiari eman behar zaio garrantzia txistuak berriro ere indar gehiago har dezan. Distantziak limatu behar ditugu eta naturaltasun gehiagorekin jardun. Jendea dagoen tokira jo eta jendeari arreta emango dioten gauzak jotzen saiatu behar dugu.
«Distantziak limatu behar ditugu eta naturaltasun gehiagorekin jardun»
Esate baterako, Tolosan Azoka Berezi bat dagoen bakoitzean kalera ateratzen zarete.
Bai. Azoka Berezi bat dagoen bakoitzean, igande horretako dianaren ordez, larunbat eguerditan ateratzen gara, kaleak jendez beteta daudenean. Errepertorioa ere aldatu egiten dugu horrelakoetan: fandango, arin-arin bat edo zortziko bat jo beharrean, beste genero batzuk sartzen ditugu, pasodobleak edo tangoak, adibidez. Erakutsi nahi dugu txistuarekin beste gauza batzuk egin daitezkeela.
Udal Txistulari Bandan jardun duzu 2001etik, baina Iñaki Letamendia Loinazen lekukoa hartuta, zuzendari zabiltza 2018tik. Zer moduzkoa izan zen testigu aldaketa?
Oso naturala. Txikitatik izan dut Iñaki irakasle eta gero bandan sartu nintzenean are estuagoa bihurtu zen harremana. Tolosan lan egiteko moduak nahiko finkatuta daude eta egutegiak ikaragarri errazten du gure jarduna. Garai bakoitzean zer jo oso argi izaten dugu. Ostiral Meheko kalejira, esate baterako, Iñakik asmatutakoa da. Gaur egun 75 lagun inguru ateratzen gara eta Euskal Herriko beste herrietatik ere etortzen dira bertara. Lorpen hori eta beste asko Iñakiri zor zaizkio.
Udal txistulari banda gutxi dago Euskal Herrian. Mantendu beharreko altxorra dela deritzozu?
Bai, dudarik gabe. Gaur egun, Donostiakoa, Errenteriakoa, Bilbokoa, Gasteizkoa eta Barakaldokoa mantentzen dira Tolosakoarekin batera, gainerako guztiak desagertu dira. Eta pena da desagertzea, gure kulturaren zati garrantzitsua direlako. Tolosan Santa Maria kaperak mendeetan iraun duen bezala, gisa honetako kultur ondareak zaindu behar direla iruditzen zait. Herri askotan txistulari taldeak egon badaude baina leku gutxitan mantentzen dira langile publikoz osatutako txistulari bandak, zeregin jakin batzuk izan eta ekitaldi berezietan udalbatza laguntzen dutenak.
Zeintzuk dira Tolosako Udal Txistulari Bandaren zereginak urtean zehar?
Urteko egutegiari begiratuta bete beharreko konpromisoak dauzkagu: Olentzero eta Errege Magoen harrerak; inauterietako betebeharrak; Korputs bezperako zortzikoa eta igandeko prozesioa; San Joan bezpera eta egunean izaten ditugun konpromisoak eta urtean zehar eskaintzen ditugun kontzertu guztiak. Eta, gero, iganderoko diana. Abuztuan izan ezik, gainerako igande guztietan jotzen dugu 08:45ean hasita. Lehendabizi, Alde Zaharrean ibilbide bat egiten dugu zortziko bat joz, eta gero, astearen arabera auzo batera edo bestera joaten gara.
Sakrifikatua da zuen lana?
Gazteagoa nintzenean gehiago kostatzen zitzaidan igandeetako dianetara joatea, baina orain, gehienetan, gustura joaten naiz.
Nolakoa da bestek jai egiten duten bitartean lanean aritzea?
Niri asko gustatzen zait, iruditzen zait hori dela musikarion egitekoa. Suerte handia da guretzat gustatzen zaigun horretan lanean jardutea. Egiten ari zaren horrekin jendeak disfrutatzen duela ikusteak satisfazio handia ematen du. Askotan, ordea, jendeari ez zaio iruditzen gu lanean ari garenik.
Tolosako Udal Txistulari Bandako zuzendari postua lortzearekin batera, udal musika eskolan txistu irakasle hasi zinen.
Bai. Testigu aldaketa modu naturalean eman izanak ez du esan nahi nik lan deialdi publikoa gainditu behar izan ez nuenik. Bandako zuzendari postua eta irakasle aritzen naiz, txistua erakusten, Eduardo Mokora musika eskolan. 16 ikasle ditut gaur egun.
Zein da txistua ikasten dutenen profila?
Ikasleetako asko dira helduarora iritsitakoan ikasten hasten direnak edo bere garaian ikasi eta orain instrumentua berreskuratzea erabaki dutenak. Jende horrek asko eskertzen du urtean bospasei okasiotan kalera atera ahal izatea eta Tolosan horretarako aukerarik ez da falta izaten.
Garai batean baino jende gutxiago dabil txistua ikasten?
Bai. Ume falta sumatzen dut nik, beheraldian gaudela esango nuke. Badakigu Tolosan txarangek duten indarrak haizezko tresnak eta perkusiozkoak aukeratzera eramaten dituela gazteak. Ea, pixkana, txistura ere erakartzen ditugun.
Eta emakumeak, geroz eta gehiago dabiltza txistua jotzen?
Bai. Tolosako Udal Txistulari Bandan ni sartu aurretik ere bazebiltzan. Egia da, ordea, azkeneko 20 urte luze hauetan ez dela emakumerik aritu. Zorionez, gaur egun, kideetako bat emakumea da, Leire Retegi leitzarra, alegia.
Ibartar bat Tolosako Udal Txistulari Bandako zuzendari. Nola daramate?
[Barrez] Horrelaxe tokatu da. Ez zait iruditzen bi herrien artean hainbeste lehia dagoenik. Ez da adarra jotzeko aitzakia bat besterik. Inork ezer esaten badit, erantzuten diet ni Tolosara sosak biltzera natorrela eta poltsikoak betetzerakoan bueltan itzultzen naizela Ibarrara. Dena den, Leire leitzarra, ni ibartarra baina gainerako lau kideak tolosarrak dira. Sei kide gara bandan, lau txistulari eta bi perkusionista.
Zer du zuretzat txistuak hain berezia?
Bere dohain handienetako bat da eramangarria dela oso. Tresna txikia da, eta badaezpada, gainean eraman dezakezu giroa sortzen bada atera eta bertan jotzeko. Oso kalekoa da eta beste instrumentuekin jotzeko erraza.
«Bere dohain handienetako bat da eramangarria dela oso. Tresna txikia da»
Non eskuratu daiteke txistu bat gaur egun?
Bi txistugile nagusi daude, bat Berriozarren (Ezpela) eta, bestea, Amurrion (Gancedo). Biekin harreman zuzena dugu. Duela urte batzuk Zarauzko Kellerren egiten ziren txistu profesionalak, baina gaur egun bestelakoak egiten dituzte.
Zuk txistu asko dauzkazu?
Lau bat. Hamabost bat urte nituenetik kontserbatzen ditut bi eta beste bi beranduago erositakoak dira, Ezpelakoak. Hala ere, jotzeko gehienetan bakarra erabiltzen dut. Txistuari tamaina hartu behar diozu edo, hobe esan, txistuak berak hartzen du zure tamaina. Jotzeko zure moduak soinu bat edo bestea aterako dio instrumentuari. Horregatik ia beti berdinarekin ibiltzen gara.
Luze irauten du txistu batek?
Zainduz gero bai, ez da batere hondatzen. Ez du mantenu lan handirik. Garbitasuna zaindu beharra dago, gehienbat. Egunero txukun mantenduz gero, luze iraun dezake. Gordetzerako orduan kontu pixka bat eduki beharra dago, eta tenperatura aldaketa handirik ez dagoen lekuetan utzi.
Garestia al da?
Ez. Txistu on bat, profesional mailako bat, oso merkea da: 800 euro balio ditu.
Hainbeste?
Ez da hainbeste, txistu profesional bat dela kontuan hartuta; hoberik ez dago. Joan zaitez biolin profesional bat erostera eta ikusiko duzu zein prezio duen.
Bakarra da munduan txistua?
Bere berezitasunak ditu, baina penintsulan asko dira hiru zuloko txirulak. Euskal txistuak izan du bere eboluzioa: afinazioa hobetzeko zuloen distantziak aldatu dira, adibidez. Erabilpenak eta profesionalizatzeak aldatzen du instrumentua bera. Araututako bidea hartu zuten txistu ikasketek eta horrek berak bultzada handia eman zion; behin maila horretara iritsita, gutxieneko batzuk bete behar zituen instrumentuak. Lan handia egin da, eta gaur egun, mundu mailako orkestrekin batera ikus dezakezu txistua.
Geroa badu instrumentu honek?
Bai. Jendea badabil eta txistulari elkartetik gauza asko egiten ari dira. Obra berrien sorkuntzarako lehiaketak daude eta mugimendua badabil. Atzetik belaunaldi berriak datoz.
Txistua duzu lanbide, baina beste instrumentu asko ere jotzen dituzu.
Bai. Txistuarekin ez bada, albokarekin edo txalapartarekin aritzen naiz deitzen didaten tokietan. Niri beste instrumentuekin aritzeak ikuspegia zabaldu dit. Gauzak beste modura ulertzen lagundu dit eta txistuarekin egingo ez nituzkeen gauza batzuk egitera bultzatu nau. Beste instrumentuekin aritzeak pentsaera aldatu eta ateak zabaltzen dizkizu gauza berriak egiteko.
«Niri beste instrumentuekin aritzeak ikuspegia zabaldu dit»
Zenbat taldetan aritu zara?
Nagusiki kolaborazioak egin ditut. Kepa Junkerarekin ibili ondoren Ibon Koteronen taldean aritu nintzen Iñaki Plazarekin batera, eta hura bukatuta, Iñakik eta biok geure proiektua sortu genuen euskal musika tresnetan oinarrituta: 20 hatz. Disko bat ere kaleratu genuen. Gerora eskatu izan didatenetan kolaboratu izan dut Oreka TX eta beste hainbat taldearekin; Espainia mailan Tejedorrekin eta baita Kataluniako Coetus taldearekin ere. Azkena Zetaken diskoan parte hartzeko hots egin zidaten.
Eta 'Mitoaroa'-ren parte izan zara.
Bai. Alboka eta txirula jo nuen ttun-ttunarekin. Jende askoren aurrean aritu arren ni horrelakoetan lasai egoten naiz eta gai naiz momentuaz gozatzeko.


