"Hunkigarria da"

Ataria 2019ko maiatzaren 11

Iñaki Letamendiari zilarrezko domina eman dio Euskal Herriko Txistularien Elkarteak, erakunde horrek ematen duen sari nagusiena.

Iñaki Letamendia Tolosako Txistulari Bandako zuzendari ohi eta txistu irakasle ohiari zilarrezko domina eman dio gaur Euskal Herriko Txistulari Elkarteak. Hunkituta jaso du Letamendiak saria. "Esan zidatenean sinistu ere ez nuen egiten. Horrela erabaki dute eta eskertzekoa da; txistulari bati eman daitekeen sari nagusiena da".

Letamendiak eskertu du jasotako omenaldia, eta espero du azkena izatea. "Pila ederra egin dizkidate dagoeneko... Eskertzekoa da noski, gainera ikusita zenbat jende etorri den. Egia esan, hunkitu egiten naiz". Omenaldian zehar hitza hartu duenean, zenbat kilometro egin dituen Tolosako kaleetatik txistua jotzen azaldu du: "Ia 50 urte dira igandero igandero diana jotzen. Urtean 50 igande, beraz, 2.500 igande inguru. Kalkuluak ateraz gero, Cadizera oinez joan eta buelta txistua jotzerainokoa". Igandeko dianaz gain, herriko festetan ere hainbat ordu eta kilometro egin ditu Letamendiak txistua jo eta banda gidatzen.

Zilarrezko domina Garikoitz Mendizabal txistulariak jarri dio, eta une horrez gain, berezia izan da ere Letamendiak berak txistua jo duenekoa, bere anaia Ander eta Iñaki semearekin. Lexearena izeneko habanera jo dute, Miguel Martinez De Lezeak konposatutako abestia, eta Ander Letamendiak letra jarri ziona. Martinez De Lezea izan zen Letamendiaren aurretik Tolosako Txistulari Bandako zuzendaria.

Omenaldian ere parte hartu du Olatz Peon alkateak eta Letamendiak egin duen lana urte guzti hauetan eta nola egin duen ere nabarmendu du. Bestalde, udalaren izenean argazkia oparitu dio, txistulari bandako kideena.  Tolosako udaletxeko bilkura aretoan izan da ekitaldia, eta agurra dantzatzeaz gain, Agur jaunak abestia ere kantatu dute. Ekitaldia hasi aurretik kalejira bat izan da, eta bertan Euskal Herri guztiko 60 txistulari inguruk parte hartu dute. Ekitaldia eta gero, omenaldi kontzertua eskaini diote Letamendiari Plaza Zaharrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!