Tolosako Zubiberria ordezkatzeko proiektu-proposamenak aurkezteko prozedura irekia deitu du Ura agentziak. Behin proposamenak jasota, herritarrek horien artean bozkatzea adostu du udalarekin. Herritarrei ere erabakimena eman ez ezik, helburua da zubia ordezkatzeko egon daitezkeen beste aukera batzuk ere mahai gainean jartzea, uholde-arriskua murrizteko helburura hobekien egokitzen den proiektua aukeratu ahal izateko.
Proiektua hautatzeko prozesuak bi fase izango ditu: hasieran, proposamen guztien azterketa teknikoa egingo dute, eta lortutako puntuazioak % 40ko balioa izango du azken emaitzarako. Oinarrietan jasota dauden baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, berriz, baztertu egingo dituzte.
Honako irizpide hauek baloratuko dira:
- Proiektuaren eta inguruaren analisia (gehienez 34 puntu)
- Proiektuari dagokiona (gehienez 28 puntu)
- Inguruaren ezagutza (3 puntu)
- Proposamenaren gaitasun hidraulikoa (9 puntu)
- Jarduketa, diseinu eta proiektuaren proposamena (13 puntu)
- Obrarako sarbideak eta lurren okupazio maila (3 puntu)
- Ingurumenari lotutako ondorioen ebaluazioa (gehienez 2 puntu)
- Udalerriari eta zerbitzuei lotutako ondorioen maila (4 puntu)
- Proiektuari dagokiona (gehienez 28 puntu)
- Organigrama, planifikazioa, giza baliabideak eta materialak (6 puntu)
- Organigrama eta giza baliabideak (2 puntu)
- Metodologia eta plangintza (4 puntu)
Gutxienez 20 puntu jasotzen dituzten proiektuak igaroko dira bigarren fasera.
Bigarren fasean formula bidez automatikoki ebaluatu ahal izango diren bi aldagai finkatu dituzte. Batetik, herri bozketa egingo da proposamen guztien artean, Erabaki plataforma erabilita —presentzialki bozka emateko aukera ere bermatuko du udalak—. Tolosan erroldatutako 16 urtetik gorako biztanleek bozkatu ahal izango dute. Kasu honetan ere, azken emaitzan % 40ko balioa izango du puntuazioak.
Bestetik, proposamen ekonomikoa ebaluatuko dute, formula bidez, eta gainerako % 20ko balioa izango du. Bigarren fasea abiatu aurretik azalduko dira parte hartu ahal izateko xehetasunak. Dena den, jardunaldi ireki bat antolatuko dute aurretik, proiektuen ezaugarriak azaltzeko.
Lizitatzaile bakoitzak jasotako hiru puntuazioak batuko dituzte, eta puntu gehien dituenak proiektua egin beharko du ondoren; egin beharreko lanak jasoko ditu lanketak. Hala ere, puntu gehien dituena 2023an Urak egindako proposamena bada, irtenbide hori zuzenean gauzatuko da, proiektua eginda dagoelako. Kasu horretan, esleitze prozesua bertan behera geldituko da, eta lanak lizitatzera pasako litzateke.
Prozedura irekia deitzearen arrazoiak
2023ko martxoan Urak jendaurrean jarri zuen Zubiberria ordezkatzeko proiektua. Herrian sortu zuen eztabaida tarteko, udalak diseinu berri bat aztertzeko eskaera egin zion agentziari. Proiektuaren ezaugarri hidraulikoen onurei eutsi, baina egungo zubiaren estetikarekin lotura handiagoa izan zezan eskatu zion. Eskaera onartu, eta ekainean argitaratu zen lehen proiektua eteteko erabakia, Euskal Herriko Agintaritzako Aldizkarian.
Udal hauteskundeen ondoren, aditu gehiagoren iritziak jaso zituen udalak, neurri osagarrien inguruan galdetzearekin batera. Ondorioa bera izan zen: Zubiberria ordezkatzea zela eraginkorrena.
Hori dela eta, proposamen bat garatu zuen udalak Anta ingeniaritza zibileko adituekin. Oria ibaian jarduketa bat baino gehiago egin dituzte, hala nola, Amasa-Villabonan, Martutenen, Ordizian eta Tolosan bertan: Armeria plazatik Jon Andoni Irazusta pasealekura doan zubia. «Proposamen bat baino gehiago landu zituen Antak, eta guztien artean zutabe bakarreko zubi baten proposamena hobetsi zen. Ondorioak neurtzen hasita, aukerarik bideragarriena zen, eta URAri helarazi zitzaion», esan du udalak.
Eremuaren uholde-arriskua, ibilguaren zabalera eta Oriaren emaria zorrotz ezagututa, eta lortu nahi den segurtasun-atalasea kontuan izanda, zutaberik gabeko zubiaren irizpidearen alde egin du Urak. Tartean, gainera, Valentziako GOIDI-a gertatu zen, eta ordutik ezinbesteko irizpidea da hori. Dena den, udalak egindako proposamenari jarraiki, eta zubia ordezkatzeko modu gehiago daudela ikusita, bide berri bat lantzeko aukera zabaldu zuen agentziak: prozedura irekia deitu eta esleitzeko irizpideen artean herri-bozketa sartzea. Ordutik, pleguak lantzen aritu da Ura, eta jada argitaratu du deialdia.
«Ezer ez egitea ez da aukera»
Iraganean Oria ibaiaren uholde-lautadak okupatu izan direnez, ohiko ibilguak ahalmen hidrauliko eskasa du Tolosatik igarotzean, eta horrek erasanak eragin ditzake euri mardulen sasoietan. Uholde-arrisku handiena duten eremuak Alde Zaharra eta zabalgunea dira, eta gune horiek gehiago babesteko zubiaren gaitasun hidraulikoa handitzea aholkatzen dute Urak eta kontsultatutako gainerako adituek. «Ondorioa argia da: ezer ez egitea ez da aukera», nabarmendu izan du askotan udalak.
Era berean, udalak adierazi du bestelako lanak ere abiatu dituela helburu berarekin, Uraren arau, irizpide eta gomendioei jarraituta. Besteak beste, espezie inbaditzaileen garbiketa egin du edo zubietan pilatutako materiala kendu du. «Zabaldutako usteen kontrara, ibai ertzeko landaredia errotik kentzea ez da soluzio eraginkorra uholde-arriskua murrizteko. Kontrakoa, arriskua areagotu egiten du goraldietan, uraren abiadura asko handitzen duelako», esan du udalak.
Iaz, gaia sakon aztertzeko jardunaldia antolatu zuten Topic aretoan, udaletik eta Ura agentziatik kanpoko lau adituren parte hartzearekin.