Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak urtarrilaren 25az geroztik jendaurrean dauka Tolosako Alde Zaharra eta hirigunea 100 urteko errepikatze-denborako (Q100) uholdeetatik babesteko obra-proiektua. Obraren jarduketa-eremua Larramendi kaleko 11ko biribilgunetik Tolosako zezen-plazaraino doa, Zumalakarregi pasealekuan.
Proiektuaren dokumentazioa URAren webgunean dago eskuragarri, eta alegazioak Eusko Jaurlaritzaren erregistro elektroniko orokorrean edo Uraren Euskal Agentziaren bulegoetan aurkeztu ahal izango dira, martxoaren 7ra arte.
Proiektuaren aurrekontua 5,5 milioi eurokoa da, eta lanak egiteko zortzi hilabeteko epea aurreikusten da, obrak hasten direnetik zenbatzen hasita. Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantzazioa jasotzen du.
Proiektu horren nondik norakoak azaltzeko, agerraldia egin dute gaurkoan, Tolosako Udaletxean, Tolosako alkate Olatz Peonek eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek.
Proiektuaren ezaugarriak
Behin betiko onartuz gero, Nafarroa Hiribideko zubiaren ordez 53,60 metroko argia izango duen bao bakarreko zubi bat jartzea aurreikusiko da, Oria ibaiaren bi ertzak lotzeko. Nafarroa Hiribideko zubia XX. mendeko bigarren hamarkadan eraiki zen, «ibaiaren ur-goraldien fluxua ahalbidetzeko gaitasun hidrauliko nahikorik gabe», azaldu dute URA-ko ordezkariek. Zubiak 51 m inguruko luzera du, 12.75 m luze diren 4 baotan banatuta (uren jarioaren noranzkoan) eta 15 metro zabal da (uren noranzkoarekiko perpendikularrean).
Zubi hori eraitsi egingo da, proiektuaren arabera: «Lehenik, taula desmuntatu eta dagoen zubitik kenduko da erabat. Ondoren, egungo pilak eraitsiko dira beren oinarriraino, eta horiek aprobetxatuko dira zubi berria eraikitzeko beharrezkoak diren behin-behineko egiturei eusteko. Ondoren, aipatutako zubi berria eraikiko da».
Bestalde, Oriaren ibaiertzeko pasealekuan ezkerraldeko baranda ordezkatzea aurreikusten da, Nafarroa Hiribideko zubiaren eta Zerkausiaren Merkatuko pasabidearen artean. Oinezkoen erorketak saihesteko, metalezko baranda bat dago, hormigoizko pilastretan finkatuta. Horren ordez, hormigoizko hormatxo bat jarri nahi da, 0,5 metroko altuera izango duena eta 245 metroko luzerakoa, dauden pilastrak mantenduz, gaur egun dagoenaren antzeko diseinuarekin.
Era berean, uholdeen aurkako horma mugikorrak jarriko dira Zerkausia Azokara sartzeko pasabidearen hasieran, eta, ezkerraldean, Oria ibaira sartzeko atean, Arramele zubitik ibaian behera. Panel mugikorrak Tolosako suhiltzaileen bulegoetan biltegiratuta egon beharko dira. Suhiltzaileak baitira horiek jartzeaz arduratuko direnak, uholdeen ondoriozko larrialdi-abisuak jasotzen direnean.
Obra horiek egin ondoren, beharrezkoa izango da hiri-zuhaitzak landatzea obrek ukitutako eremuetan: bai ibaiaren ezkerraldean, Nafarroa Hiribidea zubitik gora, bai GI-2130 errepideko biribilgunearen inguruan.