Herritarren aurrean egindako bilera irekia izan zen, eta proiektuaren inguruan zein neurri hartuko dituzten adierazteaz gain, zubi berria zergatik eta zertarako eraikiko duten azaldu zieten herritarrei. Proiektuaren dokumentazioa Ura agentziaren webgunean dago, baina bilera irekia baliatu zuten informazioa herritarrei helarazteko. Tolosako Udalak otsailaren 9an eman zuen proiektuaren berri, eta atzo, tolosarrek galderak egin eta iritzia emateko aukera izan zuten.
Agentziako ordezkariek azaldu zutenez, Zubiberria eraitsi eta berri bat eraikitzea «uholde arriskuak ekiditeko prestatutako proiektua» da. Zehaztu zuten era berean, proiektu hori Urak 2015 urtetik indarrean dagoen Ekintza Planean jasota dagoela. «Ez dugu zubi berri bat eraikiko besterik gabe, gustatzen zaigulako edo nahi dugulako, herritarren segurtasunerako eta arriskuak saihesteko beharrezkoa delako baizik», esan zuten.
Landutako hirigintza proiektuaren eta aurreikusitako lanen berri ere eman zuten (Zubiberria ordezkatzeko lanak, baranda berriak eta Zerkausiko uholdeen aurkako horma mugikorrak). Horrez gain, proiektuaren justifikazio eta onurak, proiektua zein fasetan dagoen, aurreikusitako obren hasiera data, lanen iraupena eta faseak, obrak iraun bitartean oinezko eta trafiko fluxuak bideratzeko hartuko diren neurriak (oinezkoak Nafar zubitik eta trafikoa Berazubi auzoko zubitik), eta aurreikusitako jarduketen aurrekontua azaldu zituzten.
Eztabaida batzar aretoan
Tolosako alkate Olatz Peonek esan zuen Tolosak proiektu honekin izango duen «onura eztabaidaezina» dela. Ura agentziako kideek mahai gainean jarri nahi izan zuten «Tolosa eta bertako herritarrak babestea» dela lehen helburua, eta «helburu hori zubi askok oztopatzen» dutela. Peonek ere bat egin zuen helburu horrekin. «Ahal izango bagenu, Nafar Zubitik hasiko ginateke, hori baita arazo handiena, baina ezinezkoa da, babestuta dagoelako», esan zuten agentziako kideek.
Herritarrek iritzia emateko txanda heldu zenean, bertaratutako batek galdetu zuen ea Zubiberria eraistea beharrezkoa den, eta ea zergatik ez den egokiagoa uholdeak gertatzen direnean arazo handiagoak ematen dituzten zubietan lanak egitea, besteak beste, Berazubiko zubia edo Larramendikoa. Azken honi lotuta, Belate auzoan uholdeen ondorioak «handiak» izan ohi direla esan zuen. Agentziako ordezkariek erantzun zien Tolosan uholdeen arriskuari lotuta dagoen «oztopo handiena» Zubiberria dela. «Urak aukerak begiratzen ditu, ahal dela, balio historikoa galdu gabe, baina kasu honetan, ezinezkoa da zubia bere horretan uztea».
Beste herritar batek zuzenean eman zuen bere iritzia: «Ez dut uste zubi berriaren eraikitzea uholde arriskuagatik denik», esan zuen. «Azken kanalizazioa duela 40 urte egin zen tolosan, eta herrian ditugun bost zubietatik badira zutabe gehiago dituztenak, eta ondorioz, ura gehiago geldiarazten dutenak, hala nola, Berazubi auzokoa edo Sam zubia».
Herritar berak adierazi zuen «azken urteetan pilatu den sedimentazio ikaragarrian dagoela arazoetako bat», eta beraz, «beharrezkoa» dela horren «garbiketa sakonago bat» egitea. Ura agentziako ordezkariek gaineratu zioten hori ez dela uholde arriskuari aurre egiteko neurri eraginkorrena. «Lagundu dezake, baina sedimentua etengabe garraiatzen du urak eta beti pilatuko da; hori prozesu naturala da». Beste herritar batek ere egin zuen sedimentazioa garbitzearen eskaera, baina alkateak erantzun zion udalak urtero egiten dituela garbiketa bat baino gehiago ibaian, elkarte desberdinekin nahiz herritar boluntarioekin, eta gainera, sedimentazioa ez dela kentzen, fauna eta flora beste modu batera zaintzen direlako.
Bileran izan zen beste herritar bat ere «oso haserre» agertu zen. «Proiektu hau lotsagarria da. Tolosarra naiz eta Tolosan bizi nahi dut, ez partxez betetako paisaia batean», esan zuen. «Ni ere tolosarra naiz, eta Tolosan bizi nahi dut, baina batzuetan herritarrak babesteko aldaketak egitea beharrezkoa da. Uholde bat egon den bakoitzean, ondoren zubi guztietan egin dira obrak, eta inork ez du ezer esan. Oraingo proiektu hau egingo ez bagenu eta hemendik hiru urtera uholdeak baleude, zer? Zein tokitan geratuko nintzateke ni?», erantzun zion Peonek.
Alegazioak, proiektuaren aurka
Ondare historikoaren defentsarako sortutako Ancora elkarteko kideak ere izan ziren atzoko bileran. Elkarteak alegazioak aurkeztu ditu proiektuaren aurka. 1925ean Guillermo Eizaguirre udal arkitektoak diseinatutako azpiegitura suntsitzearen aurka azaldu da elkartea, eta eraikinaren balio historikoa nabarmendu du.
Ancoraren ustez, agentziaren erabakia «neurrigabea» da, eta «erabateko ezjakintasuna eta interesik eza» erakusten ditu, «gure ondare hidraulikoaren kultur-dimentsiorako». Elkarteak Ingurumen Eraginaren Ebaluazio Txostena eskatu du, ordezkatu beharreko zubiaren balio historiko-arkitektonikoa aztertzeko, eta gogorarazi du hura eraisteko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko dela.
Era berean, Zubiberriaren balio sinbolikoa nabarmendu dute, «bere garaiko biztanleen hiri-garapenerako eta aurrerapenerako itxaropen kolektiboa» adierazten duelako. «Ia aldi berean, Zerkausiaren birmoldaketa egin zen, autore beraren esku-hartzearekin eta hormigoi armatuaren teknologiaren baliabide berdinarekin», gaineratu dute.
Azaldu dutenez, 1926ko otsailaren 12an inauguratu zen Zubiberria, eta Puente de la Travesia izena hartu zuen, trenbideko geltokiarekin eta Foruen zubiarekin «lotura eroso eta zuzena izateko aukera» ematen zuelako, «Tolosa foru-hiriburu zela aldarrikatzeko» asmoarekin.
Elkarteko kideek «eraispenaren ordezko aukeren azterlan bat» falta dela adierazi dute eta atsekabetatuta daude, Tolosako Ondare Katalogoak dituen «gabezia larriak» direla eta.
Joan den abenduan, Ancorak Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea eskatu zuen Villa Sagrado Corazon eraikina ez botatzeko. Hirirako Kultur Ondasun deklaratzeko eskaera ere egin zuen, bertan higiezin-proiektu bat aurreikusten baita.