Tolosako Zubiberria

Zubiberriaren hasierako proiektua indargabetu du Ura agentziak

Ataria 2023ko ekainaren 2a

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) jasotzen duenez, urtarrilaren 12an onartutako ebazpena bertan behera geratu da.

Tolosako Udalak pasa den otsailean eman zuen eraisketaren berri. Proiektuaren aurrekontua 5,5 milioi eurokoa zen, eta lanak egiteko zortzi hilabeteko epea aurreikusi zuten. Proiektuak gaur egungo egitura ordezkatzea eskatzen zuen, XX. mendeko bigarren hamarkadan eraiki baitzen, ibaiko ur-goraldien fluxua ahalbidetzeko gaitasun hidrauliko nahikorik gabe. Ura agentziak proposatzen zuen eraikina eraistea, desmuntatzea eta zegoen taula erabat kentzea, eta, ondoren, zutabeak oinarriraino eraistea. Era berean, ibaiaren ertzeko pasealekuaren ezkerraldeko baranda ordeztea aurreikusten zen, zubiaren eta Zerkausiko pasabidearen artean, eta hormigoizko horma txiki bat eraikitzea. Gainera, uholdeen aurkako horma mugikorrak jarri behar ziren, eta horiek biltegiratu egin behar ziren.

Ura agentziak Ataria-ri jakinarazi dionez, «Tolosak uholde arriskua duenez, horri aurre egiteko neurriak hartu behar dira». Beraz, proiektu berria diseinatuko dute, datozen hilabeteetan, eta bertan zehaztuko dituzte proiektuaren ezaugarriak eta epeak.
 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!