Tolosako Zubiberria

Zubiberria ordezkatu behar dela berretsi dute Urak eta udalak kontsultatutako adituek

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 5a, 14:45

Tolosaren uholde-arriskuaren maila gutxitzeko alternatiba gehiagoren bila aritu da udala, baina kontsultatutako aditu guztiek ordezkatzea aholkatu dute; oraindik ez dago datarik.

Tolosako Udalaren maiatzeko osoko bilkuran, Xarles Iturbe EAJko zinegotziak «zein da zuen asmoa proiektu horrekin epe motzean?» galdetu zion udal gobernuari, Zubiberriaren inguruan. Zenbait azalpenen artean, «ez dago beste aukerarik», erantzun zion Andu Martinez de Rituerto alkateak. Hain justu, udalak jakitera eman berri duenez, Tolosaren uholde-arriskuaren maila gutxitzeko eraginkorrena Zubiberria ordezkatzea dela berretsi dute Ura agentziak eta kontsultatutako beste aditu batzuk.

2023ko otsailean ezagutzera eman zen unetik, Zubiberriaren proiektuak herrian eragin duen kezka ikusirik, zubia eraitsi ordez lehenago egin zitezkeen beste lan mota batzuk lehenesteko eskatua zion Tolosako udal gobernu berriak Ura Uraren Euskal Agentziari; duela gutxi, bilera berri bat egin dute, zubiaren etorkizuna argitu asmoz. Aditu gehiagoren iritzien bila ere aritu da udala azken urtebetean, beste alternatiba batzuk aurkitzeko, baina irtenbide bakarra eraistea eta berria eraikitzea dela ondorioztatu dute.

EAEn uholde-arrisku handiena duten udalerrietako bat da Tolosa. Zehazki, Alde Zaharra eta zabalgunearen zati bat –Zumalakarregi eta San Frantzisko pasealekuak, Trianguloa eta Nafarroa etorbidea– dira, halakorik gertatuz gero, kalte gehien jasango lituzketen guneak. Jarduera ekonomiko ugariko eremua da, eta kalteak jasan ditzakete.

Tolosan, bi zubi dira, dituzten ezaugarriengatik, uholde-arriskuari begira, arazo gehien eragin ditzaketenak: Naparzubia eta Zubiberria. Bietako bat ordezkatzekotan, bigarrena lehenetsi dute, lehenak, ondarearen ikuspuntutik babes maila altua duelako. «Zubiberriaren baoek eta altuera txikiak gaitasun hidraulikoa gutxitzen dute, hau da, ur gehiago pasa ahal izatea galarazten dute. Bestalde, Zubiberriaren aurretik eta ondoren, sedimentu asko pilatzen dira Zumalakarregi pasealekuaren aldean. Zubia ordezkatuta, urak ahalmen handiagoa izango luke sedimentuak ibaian behera eramateko. Gutxiago pilatuko lirateke eta ibai-oheak behera egingo luke», azaldu du Ura agentziak.

Dragatzea eta landareak

Udal gobernuak mahai gainean zuen beste aukera bat dragatzea zen. «Teknikoki egin badaiteke ere, horregatik jasotzen zuen lehen txostenak aukera hori, ez litzateke eraginkorra izango uholdeen eragina murrizteko. Gainera, bestelako ondorioak ere izan ditzake, hala nola, ibilguaren beraren eta ibilguan kokatutako egiturazko elementuen ezegonkortasuna handitzea, maila freatikoa hondoratzea edota bertako habitatak suntsitzea. Ibai-eremu naturala berreskuratzea eraginkorragoa da», nabarmendu dute.

Ibaiertzeko landareek uraren abiadura moteltzen laguntzen dutela, eta horrek, uholde-arriskuaren maila gutxitzen laguntzen duela esan du udal gobernuak. «Gainera, ekosistemarentzat beharrezkoak dira, espezie ugari baitituzte. Espezie batzuk, baina, inbaditzaileak dira, eta horiek kentzea aztertzen ari gara, baita zenbait gune zehatzetan landare edo zuhaixka batzuk kentzea edo kimatzea ere, esate baterako, zubien begietan indar handiz hazten diren espezieak, pikondoak kasu. Plangintza batekin egin behar da esku hartzea, irizpide teknikoei jarraituta, biodibertsitatea sustatzeko. Begetazioa bereizi gabe kentzeak ez du uholde-arriskuaren maila murrizten».

Antzekotasuna mantentzea

Ura agentziak udalaren eskura jarri ditu zirriborroak, egungo zubiarekin antza gehiago duten zenbait adibide erakutsiz. «Zubiaren antzekotasuna ahal bezain beste mantentzea izan da azken agintaldietako udal gobernuen eskakizun nagusia».

Informazio guztia lantzen ari da orain udala, eta prest izandakoan herritarren eskura jarriko du. Aditu talde baten laguntzarekin informazio eta parte hartze saioak egitea da asmoa, azalpen guztiak emateko, iritziak entzuteko eta obren eragina aztertzeko. Ondoren, Urak exekuzio proiektua landu beharko du. Udalak oraindik ez du zehaztu lanak abiatzeko datarik. «Lanen eragina ondo antolatuko dugu, zubi hori komunikazio bide oso garrantzitsua baita. Denbora tarte batean bertatik ezin igaro ahal izatea ez da erraza izango».

«Benetakoa da uholde-arriskua»

Andu Martinez de Rituerto alkateak argi du ezer ez egitea ez dela aukera. «Benetakoa da uholde-arriskua. Klima aldaketarekin, gainera, areagotu egin daitezke halako fenomenoak. Horregatik, segurtasuna lehenetsi behar dugu. Pertsonalki pena handia dut. Nahiago nuke halakorik egin behar izatera iritsi behar izan ez bagenu, baina egindako kontsulta guztietan jaso dugun erantzuna irmoa da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!