Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, uholde-arriskurik handienetakoa duen herria da Tolosa. Zehazki, Alde Zaharra eta zabalgunearen zati bat –Zumalakarregi eta San Frantzisko pasealekuak, Trianguloa eta Nafarroa etorbidea– dira, halakorik gertatuz gero, kalte gehien jasango lituzketenak. Herrian, bi zubi dira, dituzten ezaugarriengatik, uholde-arriskuari begira, arazo gehien eragin ditzaketenak: Naparzubia eta Zubiberria. Bietako bat ordezkatzekotan, bigarrena lehenetsi dute, lehenak, ondarearen ikuspuntutik babes maila altua duelako.
Asteklimaren testuinguruan, Oria ibaia, uholdegarritasuna, ekosistema, azpiegiturak dibulgazio-jardunaldia antolatu dute Tolosako Udalak eta Tolosako Ingurumen Zentroak, Topic-en. Zubiberria ordezkatzeko lanen inguruan herritarren artean sortutako eztabaidak eraginda egin dute solasaldia, ikuspuntu zientifikoen eta datuen bitartez, ibaiaren inguruan gauzatzen diren politikak ulertzeko. EHUko katedradun talde batek parte hartu du: Iñaki Antiguedad hidrogeologoa, Askoa Ibisate geografia fisikoan doktorea, Arturo Elosegi biologoa eta Naiara Valcarlos arkitekto paisajista. Andu Martinez de Rituerto alkateak ere hartu du hitza.
Azken honek, Tolosako Zubiberriaz hitz egin du. Dagoeneko zubi berriaren proiektua egina dagoela —bao bakarrekoa eta euskarririk gabea—, baina momentuz, behin-behinean etenda dagoela gogorarazi du. «Ura agentziak azken urteetan egindako azterketei heldu behar diegu». Bi ideia azpimarratu ditu: «Dragatzeen kasuan, irabaz daitekeen gaitasun hidraulikoa oso txikia eta epe motzekoa da; hurrengo uraldian sedimentuak berriz ere oztopoak aurkitutako tokietan geldituko dira. Bestetik, ibar bazterreko landarediak garrantzi handia du. Uraren abiadura geldotzen laguntzen du».
Errepikatze-denborari buruz ere mintzatu da alkatea. «Gertakari natural baten eta haren mailako edo hura baino handiagoko hurrengoaren artean kalkulatzen den batez besteko denbora-bitartea da. Neurri zehatz bateko gertakaria zenbatean behin gerta daitekeen adierazten du. Zubi berria eraikiz gero, bere eta Arramele zubiaren artean, ezkerraldean ez da gainezkatzerik izango 100 urteko errepikatze-denborako; eskuinaldean bai, baina egungoak baino txikiagoak. Arriskua ez da desagertuko, baina asko gutxituko du. Ezer ez egitea ez da aukera bat».
Egindako azterketetan ateratako beste ondorio batek dio Tolosa dela interbentzio batek populazio handienari eragingo liokeen eta gastu-onura indizerik altuena izango lukeen herria. «5 milioi euroko inbertsioa izango da, baina 10.000 biztanlerentzat dela kontuan izanda, beharrezkoa da», esan du.
Iazko martxoan, udalak egungo paisaia urbanistikoan hobeto integratuko zen zubiaren proiektu berri bat azter zezan eskatu zion Urari. Alkateak herritarrei aurkeztu die proiektu hori: «Gaitasun hidrauliko txikiagoa du, baina helburua beteko luke. Bi zutabe ditu eta erdian elebazio txiki bat». Urak, baina, argitu du nahiago duela hasierako aukera.
Adituen azalpenak
Alkatearen aurretik, lau adituek hartu dute hitza; Antiguedad izan da lehena. Uholdeak lurralde ikuspegitik aztertu ondoren, azalpenak eman aurretik, argi utzi du uholdeen gaia «konplexua» dela. «Uholdeak gertakari naturalak dira, eta oso konplexuak, kausetan eta ondorioetan. Aspalditik, kausak areagotu egin dira, baita ondorioak ere, kalte bihurtzeraino. Horrek konplexuago egin ditu uholdeak, eta gizartea kalte-eragile edo kaltedun bihurtu du. Ibaia ez da kausa, arroan gertatzen diren askotariko prozesuen ondorioa baizik. Oriaren atzetik gauza asko daude; ibaiari arrotik begiratu behar diogu. Egun, gainera, kausek eta ondorioek espazio desberdina dute». Halaber, datuei eta horien interpretazioari eman die garrantzia, herritarren uste eta iritziak, lagungarriak izanda ere, albo batera utzita.
Ibisatek, aldiz, azpiegiturak, sedimentazioa eta dragatzea izan ditu hizpide. Dragatzeei lotuta, sedimentuak ibaietatik kentzea «amaierarik gabeko prozesu bat» dela azpimarratu du: «Dragatzeak ezin du ibaiaren goraldia saihestu. Ur emariak handitzean, dragatzeak ur altueran eragiten duen murrizketaren efektua gutxitzen da, dragatzearen ahalmen-igoera ez delako hain garrantzitsua emaria handitu ahala».
Elosegik, berriz, ibar-basoen eragina nabarmendu du. «Ekosistema dibertsoena dira. Uraren ibilgua egonkortu eta kontrolatzen dute, uholdeen indarra baretuz, sedimentuak metatuz edota erosioak murriztuz. Gainera, uraren kalitatea hobetzen dute, itzalaren bidez. Azkenik, plastikoak atxikitzen dituzte, bestela itsasoraino helduko lirateke». EAEn ibar-basoak «egoera oso kaskarrean» daudela adierazi du. «Hala ere, garrantzitsuak dira». Horrez gain, bi ideia azpimarratu ditu: «Batetik, naturari geroz eta ahalmen handiagoa eman behar diogu. Bestetik, etorriko diren erronketara moldatu behar dugu. Orain arteko sistema askok ez dute ezertarako balioko. Hartu beharreko erabaki asko mingarriak izango dira».
Tolosako alkatearen aurretik, Valcarlosek hartu du hitza. Azpiegituren integrazioaren eta horretarako irizpide estetikoez hitz egin du, zenbait neurri eta adibide erakutsiz. «Garrantzitsua izango da zubi berriaren jarraipena herrigunean zabaltzea, zubia bera herriaren parte bihurtzea», nabarmendu du arkitekto paisajistak.
Mantenua eta ondarea
Amaitzeko, Topic-era bertaratutako herritarrek galderak eta ekarpenak egiteko aukera izan dute. Oria ibaiak Berazubiko zubitik Arramele zubira bitarte berehalako dragatzea behar duela nabarmendu du batek, eta beste batek, errekako zuhaitzen mantenua lehenestea eskatu du. «Ez dira neurri eraginkorrak», erantzun diete adituek. «Mantentzeak segurtasun-sentsazio faltsu bat ematen du eta, askotan, kostu ekonomiko ikaragarria izaten du. Bestetik, dragatzearen ondorioz, berriro sortuko litzateke sedimentazioa. Arroan gora egin behar dira lanak, arroa bera zabalduz», esan du Elosegik.
Herritar batek ondarean jarri du fokua. «Faltan bota dut herri- eta kultura-ondarean aditua den norbait. Une honetan, kanal bat daukagu herrian, eta hori ibai bilakatzea ia ezinezkoa iruditzen zait. Ezinbestekoa litzateke zubia babestuta egotea; ez dut ulertzen zergatik ez dagoen hala. Aztertu al da zubiaren azpian dagoen kota kentzea?», galdetu du. «Zubiari ez zaio inolako baliorik eman; ez da aztertu. Udalak ardura handia du, eta iruditzen zait Tolosak aztertu behar duela erabakia», gaineratu du beste batek. «Arroa bere osotasunean aztertu behar da», erantzun dio Ibisatek. «Zubia botatzea azken aukera zen, baina argi utzi digute ez zegoela beste aukerarik. Kasu honetan, segurtasuna ondarearen gainetik dago», esan du Martinez de Rituerto alkateak.