Herriari aitortza egingo dio 2022ko Kabi Alai Kuttunak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 22a, 11:59

Kabi Alai elkarteak Tolosa eta bertako herritarrak omenduko ditu aurten; «keinu bat egin nahi diegu hainbeste sufritu duten tolosarrei, eta batez ere, inauterizaleei», esan dute.

Inauterien atariko egunetan, Tolosako Kabi Alai elkarteak, Kabi Alai Kuttuna izango denaren berri eman ohi du. Tolosako inauterien alde lan handia egiten duen edo inauteria modu berezi batean bizi duen norbanako, talde edo eragile bat hautatu izan dute urtero. 2020an aukeratu zuten azken aldiz; orduan, Incansables Txaranga izendatu zuten Kabi Alai Kuttuna, musika taldearen 50. urteurrena aprobetxatuz, elkartearekin aspalditik duen harremanaren aitortza modura. Aurrez, Zaldunita taldea, Berazubi auzoko kuadrilla, Mari Cruz Iribarren eta Gure Kaiola elkartea omendu zituzten, besteak beste.

Iker Vidaurre Elkarteko bazkidearen eta zuzendaritza taldeko kidearen arabera, «presaz antolatu beharreko inauteriak» izaten ari dira aurtengoak, eta elkarteak, «kostata» izan bada ere, aurre egin dio Kabi Alai Kuttuna aukeratzeko erronkari. Inauteriak gerturatu ahala, norbanako edo talde bat izendatu ohi dute urtero. Aurten, ordea, Tolosako herria omentzea erabaki dute. «Indarra eman nahi diegu herritarrei, festak ospatu ahal izateko prestaketa lanetan erakutsi duten adore eta kemenagatik, eta datozen egunetan herriari emango dioten bultzadagatik».

Kabi Alai Kuttuna izendatzea azken urteetan egin den moduan egitea «ezinezkoa» izango zela esan du Vidaurrek. «Ez zegoen denbora nahikorik pertsona edo taldea aukeratu, berari buruzko informazioa jaso eta hori herritarrei aldez aurretik helarazteko. Azken egunetan, gainera, ezer ez egiteko, hau da, Kabi Alai Kuttuna ez aukeratzeko aukera ere mahai gainean izan dugu. Hala ere, aukera polita iruditu zaigu horrenbeste sufritu duten tolosarrei, eta batez ere inauteri zaleei, horrelako keinu bat egitea», azaldu du.

Behin Kabi Alai Kuttuna aukeratuta, suziria nork leherraraziko duen erabakitzea izango da elkartearen hurrengo erronka. «Erraza da Tolosako herria Kabi Alai Kuttuna izendatzea, baina norbaitek edo norbaitzuek eman beharko die hasiera jaiei. Hori, hala ere, ostegunean bertan jakingo duzue, sorpresa izango da eta», adierazi du tolosarrak.

Suziria lehertzearekin batera, urteroko ohiturari jarraituz, parodia bat egingo dute elkarteko kideek, festei hasiera eman aurretik. «Ero moduan aritu gara elkartean guztia antolatzen eta prestatzen, baina zerbait berezia egingo dugu», aurreratu du Vidaurrek.

«Denonak eta denontzat»

Izarne Iglesias Tolosako Kultura zinegotziak Kabi Alai elkartea eskertu du aurkezpen prentsaurrekoan, «denbora tarte hain laburrean, festen hasiera iragartzen duen pregoia prestatzeko eta Kabi Alai Kuttuna izendatzeko erronkari erantzuteagatik».

Bestetik, aurtengoak «inauteri ezberdinak, baina aldi berean, beti bezain bereziak» izango direla aurreratu du Iglesiasek. «Ilusioa berreskuratzeko eta elkarrekin gozatzeko jaiak izan daitezen nahi dugu; denonak eta denontzat».

Herritar guztiek festak alaitasunez ospatzea espero dute Kabi Alai Elkarteko bazkideek. «Eta noski, orain indarrean dauden neurriak errespetatuz», nabarmendu du Vidaurrek. Horri lotuta, Iglesiasek inauteriak «modu seguruan» ospatzeko deia luzatu die herritarrei: «Saiatu gaitezen jende pilaketak ekiditen, eta hori ezinezkoa denean eta pertsonen arteko segurtasun distantzia metro eta erdikoa baino txikiagoa denean, maskara erabiltzen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!