Urtero bizi izaten dute Incansables txarangakoek Ostegun Gizena Kabi Alai elkartearen blusa jantzita. Aurtengoa, ordea, berezia izan da. Tolosako elkarteak Kabi Alai Kuttuna saria eman dio txarangari urte hauetan egin duen lan nekaezinagatik. Eguerdian, inauteriei hasiera emateko suziria piztu dute Incasableseko sortzaileetako batzuk eta euren kideek Plaza Zaharretik jotako Sasikoipatsu pieza dantzatu ahal izan dute. Eskuak inoiz baino gorago, inoiz baino salto handiagoak eginez.
50 urte dira aurten Incansable sortu zela eta 43 urte dira Tolosako Inauterietan aritzen direla. Aurten inauteriei hasiera emateko ohorea izan dute Incansablesekoek eta ohitura duten bezala, txarangako lehengo kideek emango diote errematea Asteartita gauean.
ON OSTEGUN GIZEN KALEAN
Iaz, «ziklo baten amaiera» iragarri eta eten bat egingo zutela esan arren, gaur kalean izan dira berriro ere On Ostegun Gizen konpartsakoak. Peggy izeneko txerria lepoan hartuta atera da Josetxo Carcellerrek gorpuzten duen pertsonaia.
Jende askoren babesa eta animoa jaso du konpartsak aurten ere kalera ateratzeko eta horregatik 2009tik datorren ohiturari eutsi diote. Orduan atera zen lehenengo aldiz udaletxean On Ostegun Gizen pertsonaia eta 2012tik ondoan izaten ditu, harakinak, txerrimobila eta txerri-animatzaileak.
Aurten Ibañez Gozona gozotegikoek egiten duten lana eskertu nahi izan du konpartsak eta Kontxi Mendizabal gozogilea eta haren familia omendu ditu, urte hauetan On Ostegun Gizen konpartsarekin izan duten jarreragatik.
Gaur, 11:00etan egin zuten hitzordua Gorosabel kalean bertan, gozotegiaren parean, eta besteak beste, Koldo Tarragonak konposatu eta Pako Gereñuren hitzak daramatzan Ostegun gizenari pieza eskaini dute konpartsakoek. Festa giroak luze iraungo du kalez kale, goizaldera arte.