Gora 'patria' inauterizalea!

Tolosaldeko Ataria 2018ko otsailaren 8a

Ostegun Gizen Zaldunitarena izaten ari da gaurkoa, Berazubiko karrozako kideen parodiari esker; Kabi Alai kuttuna saria jaso dute, eta hispanitatez mozorrotu dute Tolosa.

 

Argazki galeria honen babeslea: Binai Hortz Klinika


Aaspaldi pasatu zuten abixua, eta emandako hitza bete dute gaurkoa: Berazubiko karrozako Kabi Alai kuttunek txupinazoaren eskema irauli, eta Zaldunita giroak ekarri dituzte txupinazora, Plaza Zaharra Legioz eta Aste Santuz girotuz.

Kaleko inauteria egiten duten inauterizaleei eskaini diete errekonozimendua, eta ez da gutxiagorako, Tolosako inauterien historian idatzita geratu baitira kuadrilla berazubitarrak plazaratutako mozorroak. Hain justu, horietako bat aukeratu dute 2018ko inauterietako omenaldia girotzeko, eta Espainiako legionarioek hartu dute Naparzubia, udaletxeraino iritsi bitarte.

Hotzari aurre egiteko-edo, aurreko urteetan baino lehenago bete dira atariko lehen ilarak, txilabaz, buzoz, esprai kolorez, aldarrikapen pankartaz. Eta, batez ere, gosez: inauteri gosez. Ostegun Gizena ez delako sekula momentu txarrean heltzen.

Horrela, Kabi Alaiko korporazioaren erritmoa aurrean, eta On Ostegun Gizenen txaranga atzean, tolosarrek gorazarre egin diote, beste behin, astebeteko nirvana egoerari. Norbera izan gabe bizitzeari, norbera izanda ere.

Balkoiko pregoilariak bezala. Patxi Amiano inauterietako alkateak hitza eman baitie, Matias Prats kazetariari lehenengo, eta Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregeari, gero, azkenak, oraindik, euskara klaserik jaso ez duen arren.

Egia izango da inauteriak direla benetako esperantoa, eta Ostegun Gizeneko begi inauterizaleek gehiago esaten dutela, idatzizko deskribapen onenak baino. Zorioneko dira, beraz, tolosarrak, oraindik ere egun errenkada luzea baitute, inauterien hizkuntza unibertsalaz, hiztegia betetzeko.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!