Ostegun Gizena 2017

Inoizko 'yankee'ena

I. Urkizu / J. Miranda / E. Maiz / I.Terradillos 2017ko ots. 23a, 18:53

Mari Kruz Iribarren Inauterizale Kuttunak pozarren eman die hasiera, 2017ko inauteriei; Donald Trump bera ere bertaratu da Plaza Zaharrera.

Efemerideen Ostegun Gizena izan zitekeen aurtengoa, otsailaren 23ak hainbat inauterizaleren memoriatan behinola utzitako arrastoari tiraz. Kabi Alai elkarteko korporazioa, ordea, Espainiako historia albo batera utzi, eta ozeanoz bestalde jarri da, 2017ko inauteriei ongietorria emateko: Amerikar Estatu Batuetara begira.

Azken hilabeteetan nazioarteko aktualitateak emandakoa aztertuta, ez da harritzeko kontua izan, Donald Trump AEBetako presidenteak bere agendan tarte bat egin, eta Plaza Zaharrean agerraldia egitea.
Ezustekoa, ordea, plazaren erditik sortu da eguerdian: inguruko herrietako jendea uxatu eta inauteriak «lasai» bizi ahal izateko, harresi bat eraikitzen hasi dira, Trumpen mezu arrazisten balizko satira bat eginez. Zalantzarik ez da: inoizko txupinazo yankee-ena izan da gaurkoa, eta bandera nahiz ereserki estatubatuarrak ere izan dira horren lekuko.

Yankee-ena eta hunkigarriena, Mari Kruz Iribarren 2017ko Inauterizale Kuttunari esker. Joan den irailean bete zituen 99 urte, eta ez litzateke gehiegikeria esatea, Plaza Zaharreko inauterizaleena zela gaur eguerdian.

Hariak eta jostorrazak ehundu izan dituzte bere inauteriak, txarangaren erritmora, eta sekula ahaztuko ez duen errekonozimendua jaso du.

Beso eta bihotz-zabalik, «gora inauteriak!» oihukatuz irten da balkoira. Tolosan, beste ezer baino lehen, horixe baitira inauteriak: sentimendu hutsa. Orain 18 urte hartuko lituzkeela zioen Iribarrenek, eta malko artean sartu da balkoitik pleno aretora. Egiazki, ordea, alderantzizkoa diote irudiek: 18 urteko tolosar askok hartuko lukete Mari Kruzen bizipoza. Ez dadila gar inauterizale hori itzali!

J.R., beste omendua

On Ostegun Gizenen konpartsak ere inauterizale peto-petoak omentzen ditu urtero, eta Juan Ramon Insaustiren txanda izan da aurten. Plaza Berritik irten, eta kalejiran bertaratu dira udaletxe atarira, baina On Ostegun Gizenen hutsunea nabarmena izan da: bajan izango da, hurrengo urtera bitarte.

Txarangako harakinak eta txerri-liderrak kalean barrena ibili dira, suziria lehertu ondoren ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!