Inauteriak maite dituztelako

Ataria 2021eko otsailaren 11

Inauterizaleak omentzen ditu urtero Kabi Alai elkarteak. Ataria-k urtero egin die lekua eta anekdota eta bizipen bitxi eta bereziak jasotzeko aukera izan du horrela. 2017tik 2020ra bitartekoak bildu, eta eskura jarri ditu.

2017an Mari Kruz Iribarren izan zen Inauterizale Kuttuna.  Elkarrizketa ederra eskaini zion Ataria-ri eta baita anekdota ugariren berri eman ere, semea lehen aldiz bi urte zituela mozorrotu zuela kontatu zuen eta urtero-urtero mozorrotzen zituela, zailtasunak zailtasun: "Lehengo aldiz seme zaharrena mozorrotu nuen, bi urtetxo zituela eta, orduz geroztik, hazten joan diren heinean, eta nik nituen aukeren arabera mozorrotu izan ditut. Urte batean xentimorik ere ez genuen, ezer ez, baina nire artean pentsatzen nuen: «Mozorrotu gabe ezin ditut utzi». Banituen gortina zuri batzuk, tanto gorriekin, eta parpaila bat zuten goitik beheraino. Bada, zer egin nuen nik? Gortinak kendu eta soinekoak egin".

2018an Berazubi auzoan ateratzen duten karrozako kideak hautatu zituzten. Politikoki zuzenak ez izatea saritu nahi izan zuten horrela eta ezagunak egin ziren Franco berpizten saiatu zirelako edo Mariano Rajoi presidentea Tolosara ekarri zutelako, osteratxo bat ematera, besteak beste.

2019an Zaldunita taldeak jaso zuen Kabi Alai Kuttuna. Inauterietan euskarari emandako bultzada, urteetako jarduna eta parte hartze berezia izan ziren arrazoiak. Urte luzez garai batean Iparragirre zinema aretoa izandako eraikinaren atarian, San Frantzisko pasealekuan, kokatu ziren inauteriak bizitzen eta biziarazten eta horiek ere bizipen askoren berri eman zioten.

Incansables txarangak jaso zuen iaz, izendapena. Txarangak mende erdia bete berri du eta gustura hartu zuten txupinazoa botatzeko ardura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!