Txarangetan txarangenari

Itzea Urkizu Arsuaga 2020ko ots. 14a, 12:00

Josu Sanchez, Joaquin Ortega ‘Canario’, Igor Agirre ‘Topi’ eta Mikel Zelaia ‘Mirri’. ITZEA URKIZU ARSUAGA

Incansables txarangak jasoko du 2020ko Kabi Alai Kuttuna saria, Ostegun Gizenean. Urte biribila osatzera doaz, txarangaren mende erdiak bat egingo baitu, errekonozimendu inauterizalearekin. Txarangetan txarangena izan dira, eta datozen egunotan ere hori berrestera datoz: tolosarrek eurekin hasi eta bukatuko dituzte festak.

Izena beraiek aukeratutakoa izan ez bazen ere, denborak eman die izenari dagokion izana. Incansables txarangak nekaezin izaten jarraitzen du, 50 urteko ibilbidea osatzera doala. Mende erdia txarangen munduari dirdira ateraz, eta 43 urte Tolosako inauterietan, Kabi Alai elkartearen blusa jantzita.

Elkarte tolosarrak ez du aitzakia gehiagorik behar izan, aurtengo Kabi Alai Kuttuna saria nori eman erabakitzeko: Incansables txarangako sortzailetako zenbaitek piztuko dute, aurten, Ostegun Gizeneko suziria. Errekonozimendua pozez hartu dute egungo kideek, batez ere, Kabi Alairen eskutik datorren keinua delako. Haien izenean zeharkatzen dituzte inauterietako ia ordu guztiak, eta egun berezia espero dute, Ostegun Gizenak berez duen berezitasunetik harago.

Egiteko eta sortzeko modu berriekin, ezinbesteko mugarria izan dira txarangen munduan, eta horrek arduraren kargaz bete izan du Incansablesen motxila. 1980ko hamarkadan, haien saioak irrati kaseteekin grabatzen zituzten zaleek, eta gaur egun txaranga zaleen smartphoneak betetzen dituzte.

Garai berrietara kantuz eta belaunaldi aldaketaz egokitu baita Incansables, nahiz eta, Asteartita gaua izan, oraindik ere, kide ohiek elkarrekin jotzeko hitzordua. Joaquin Ortega Canario hernaniarra da sorreraz geroztik txarangan ari den kide bakarra, eta musikari gazteenek bera dute txarangen mundua profesionalizatu izanaren arduradun.

Villabona, Tolosa eta Hernani artean, 50 urte ez dira nahikoa izan, txaranga nongotarra den zehazteko, baina Incansablesen beti aritu izan da hernaniarren bat edo tolosarren bat. Horrela, bi herrien arteko zubi bilakatu da Incansables, diotenez, batean bezainbesteko txaranga zaletasuna baitute, bestean ere. Grina horren plazarik jendetsuenetako bat zain izango dute, otsailaren 20ko eguerdian, inauterietako txupinazoa leherrarazteko zain.

«Bizitzarako eta musikarako balio duen eskola da Incansables»

Berrogeita hamar urte laburbiltzeko lau mugarri izan litezke, Joaquin Ortega Canario (Hernani, 1951), Josu Sanchez (Tolosa, 1984), Mikel Zelaia Mirri (Tolosa, 1992) eta Igor Agirre Topi (Tolosa, 1993). Incansables txarangako kide dira laurak, sortzaileetako bat eta gerora txarangan hasitako hiru tolosar. Kabi Alai Kuttuna sariaren aitzakian elkartu dira, Kabi Alai elkartean bertan, eta, musikari diren arren, hitzez ere ederki moldatu dira, ordubete pasatxoko elkarrizketan.

Bisaia gogorra du Canariok, begi-tarte zorrotza. Baina, txarangen unibertsoa hizpidera ekartzea nahikoa da, haren hitz-jarioa eragiteko. Berak sortua da Incansableseko errepertorioaren zatirik handiena eta, zalantzarik gabe, doinu horiek entzutea da haren sentsibilitatearekin topo egiteko biderik motzena. Sanchez, Zelaia eta Agirre, berriz, gazte eta labur aritu dira, baina pozik, txarangetan txarangenaren belaunaldi berrietako bat osatu dutelako.

Nolatan sortu zen Kabi Alairen eta Incansables txarangaren arteko harremana?

Canario: Incansables 1971. urtean sortu zen. Tolosan noizean behin jotzen hasi ginen segituan, elkarte batekin zein bestearekin. Garai hartan, Kabi Alain bazen Jose Mari Amiano izeneko bazkide bat; elkarteko arima zen. Haren bitartez hasi zen harremana, Ostegun Gizenerako, orduan Pintxana txaranga bakarrik ateratzen baitzen Ostegun Gizenean. Eguna indarra hartzen hasi zen eta, 1984an, elkarteko norbaiti gaur egungo parodia sortzea bururatu zitzaion. Ideia indartzen eta sustraitzen joan da eta, gaur egun, txupinazo ofiziala gidatzen dute, udaletxetik; pregoia Jose Mari Amianoren ilobak irakurtzen du, gainera, Patxi Amianok. Gaur egungo Ostegun Gizeneko eztanda Kabi Alaik sortutakoa da.

Urteotan guztiotan, herritarren parte hartzea aldatu al da?

Canario: Festak iristear direla, jendea bero-bero egoten da herri guztietan. Ez dakit gu hasi aurretik festa nolakoa zen, baina, nik ezagutzen dudanez geroztik, plaza beti bete izan da.

Txarangek gaur egungo presentzia izaten zuten orduan?

Canario: Bai, bai. Tolosako inauterietan, txarangak izan dira, beti, erdigune nagusienetakoa. Ni 1968az geroztik etortzen naiz Tolosara, eta betidanik 6, 7, 8 txaranga kalean bueltaka ezagutu izan ditut. Geroztik berriak ere sortu dira; 20 bat elkartetako txarangak irtengo dira, igandetik asteartera.

"Tolosako inauterietan, txarangak izan dira, beti, erdigune nagusienetakoa".

Lehen, beharbada, txarangen musika izango zen inauterietako musika bakarra. Gaur egun, zein da txarangen lekua Tolosako inauterietan?

Canario: Egunez txarangek beren lekua mantentzen dute. Tolosan, jendeak ohitura handia du, eguerdian atera eta txarangei entzun eta begiratzeko. Zezenetako jaitsieran ere, jende asko mugitzen dute txarangek, eta Alde Zaharreko kale estuak oso egokiak dira txarangentzako. Beste kontu bat dira gauak; gauero txaranga profesional bat izaten da, eta bakarrarekin nahikoa da. Baina txarangek inauterietan osasun ederra dute; Gipuzkoan, egunean zehar txaranga gehien dituen herria izango da Tolosa.

Topi: Pentsatzen dut txarangen funtzioa aldatuz joan dela, baina, zezenetako igoera-jaitsieran, soka-muturrean edo dantzaldian, txarangek protagonismo berezia dute oraindik ere.

Nola sortu zen Incansables txaranga?

Canario: 1960ko hamarkadan, edozein festatarako, zortzi musikariko taldea nahi izaten zuten kuadrillek. Musikari bati deitu, eta hark beste zazpi lagun bilatzen zituen. Eta, horrela, aurrez ezagutzen ginen batzuk eta ezagutzen ez ginenak elkartzen ginen. Bakoitzak zein abesti zekizkien esan, eta osatzen genuen jo beharrekoa. 1970ean, bost musikari elkartu ginen Ergobian (Astigarraga), abuztuko festetan: Jesus Mari Zalakain Pipas (bonbardinoa) eta Jose Francisco Esnaola Paotxa (tronboia) tolosarrak, Txomin Castro Sietemesino(tronpeta) billabonatarra, eta beste bi hernaniar, Felipe Sagarna Zapa (kaxa) eta ni neu (saxofoia). Bost egun pasatu genituen elkarrekin jotzen eta, laugarrenerako, nahiko ondo ateratzen zitzaizkigun piezak. Halako batean, norbaitek esan zigun: «Zergatik ez zarete beti talde bera joaten herriz herri?». Eta, horrela, hurrengo udan taldean aritzea erabaki genuen. Hori bai, orduko pentsamoldeari jarraiki, txango-txaranga zen hura: herrietara joan, ondo jan eta edan, ondo pasatu, eta sos batzuk etxera eraman.


Pixkana, ordea, gure lana hobetzen hasi ginen, eta beste tronpeta bat eta beste saxofoi bat ere hasi ziren, piezak bi ahotsetara jo ahal izateko. Jende gaztea gero eta prestatuago zetorren, eta horrek bestelako errepertorio bat osatzeko aukera ematen zigun. Eta hor mantendu gara, 50 urtez.

50 urteotan, Incansables ezinbesteko bilakatu da hainbat herritan. Nola bizi dute txaranga leku horietan?


Josu Sanchez: Herri bakoitzak bere ohiturak eta abestiak ditu. Herri asko dira, eta guztietako ohituretatik ikasten dugu, haietara egokitzeko.

Topi: Txarangak harreman handiena Tolosa, Hernani, Leitza, Bergara, Arrasate, Bera eta Valtierrarekin izan du azken urteotan eta urtero-urtero festetara joateak, lagundu egiten du txaranga herri horretan bertakotzen.

Gazteenek profesionalizatuta ezagutu dituzue txarangak, eta urte gehiago daramatzazuenek bidean ikusi duzue aldaketa.

Mirri: Lehen, Canariok esan duen moduan, kuadrillan elkartu, pieza batzuk jo eta ondo pasatzeko aitzakia ziren txarangak. Gero, ordea, profesionalizatzen joan diren heinean, errepertorioa bera ere zabaldu da, kalejira, fandango eta arin-arinetatik harago, rock-and-rollak edo swingak sartuz. Finean, gaur egunera egokitzen joan dira txarangak eta, Tolosan, horrek desberdintzen ditu egunean zeharreko txarangak edo gauekoak.

Josu Sanchez: Landuagoa da errepertorio hori, eta momentuan gehien entzuten diren melodiak moldatzen ere saiatzen gara.

Topi: Gaur egun bederatziko formatua da gurea, ia beti perkusioan hiru, tronboia, bonbardinoa, bi tronpeta, bi saxofoi eta, gehienetan, helkoia edo tuba. Ez dakit jotzeko molde hori Incansablesek ezarri ote zuen.

Canario: Nahi gabe izango zen, baina bederatziko taldea Incansablesetik atera zen. Edozein herritan ikus zenitzakeen hiru tronpeta, tronpeta bat edo klarinete bat. Guk bederatzirekin ekitea erabaki genuen eta, 1980ko hamarkadako txarangen gorakadatik, txaranga guztiak bederatzikoak izaten hasi ziren.

Txaranga kontzeptua erabili izan da mespretxuz. Gaur egun, jendeak musikari seriotzat zaituztela uste duzue?

Mirri: Batzuek bai, baina beste batzuek ez.


Josu Sanchez: Herri bakoitzeko kulturaren araberakoa da. Baina, orain, profesionalizazio horren ondorioz, ardura handiagoak eta bete beharreko ordutegiak ditugu, eta baita aurretik egin beharreko lana ere.

Mirri: Beharbada, jendeak ikusten ez duena da, lan handia dagoela kalean jotzen ari den txaranga horren atzean. «Hurrengo urtean zer kantu joko ditugu?», eta kantu horiek ez daude inon idatzita txarangarako. Idatzi egin behar dira eta, orain arte, urte askotan, Canariok egin ditu denak. Horrek Incansablesen izena zabaldu du, errepertorio propioa eta kantuak idazteko modu propioa sortu duelako. Jende gehienak txaranga honetatik hartu du oinarri hori guztia.

"Jendeak ez du ikusten, lan handia dagoela kalean jotzen ari den txaranga horren atzean".



Topi: Egia esan, nik uste dut txaranga hitza oraindik ere mespretxuz erabiltzen dela.

Josu Sanchez: Bai, kalean geratzen den zerbait da, ez da banda bat, bere zuzendariarekin.

Topi: Baina, aldi berean, musikaz zerbait dakienak edo belarri musikala duenak, argi eta garbi ikus dezake kalean musikari onak ari direla, eta moldaketa oso onak jotzen dituztela. Txaranga askok taula gainera igotzen diren talde batzuk baino hobeto egiten dituzte gauzak, baina, badirudi oholtzak beste maila bat ematen duela.

Erreferentzia izan zarete, eta gaur egun ere hala zarete. Karga eta ardura bat da?

Canario: Ikusten baldin baduzu txaranga askok zure errepertorioa hartzen dutela, zeure burua estutzen hasten zara; txangoak amaitu egin behar du, eta lan txukunak hasi.

Kontatu izan dut, 1994an Iruñeko La Alegria peñarekin jotzen hasi ginenean, banuela beldurra. Neure buruari galdetzen nion: «Zein genero joko ote dute hemen?». Gure txaranga geldirik zegoenean, gainerakoak entzuten aritzen nintzen, bertako errepertorioa pixka bat ezagutzeko. Bada, entzun nituen txaranga guztiek, Incansablesen errepertorioa jotzen zuten. Horrenbestez, behartuta zaude gauzak ondo egitera; maila jakin bat ematera, gauzak ondo egitera.

Beste txarangak gutxietsi gabe, gazteenontzat, ohorea al da Insansablesen jotzea?

Josu Sanchez: Bai. Beti ikusi izan dugu Tolosan eta, hemen aritzen ziren txarangen artean, beti nabarmendu izan dira. Bertan aritzeko aukera edukitakoan, txaranga on batean jotzeko aukera duzula pentsatzen duzu, noski. Bestelako doinuak ikasteko aukera eta, Canariok bezalako ibilbidea duten pertsonekin elkarbizitzekoa.


Canario: Beraiek ez dute esan, baina nik esango dut. Arkatza asko erabili dut nik Incansablesen, errepertorioa sortuz. Baina orain bi arkatz berri ditugu txarangan, Mirri eta Topi, eta ikaragarri idazten dute.

Topi: Nik uste dut bi aldetatik begiratu behar zaiola Incansablesen aritzeari. Musikaren ikuspegitik, aurrerapauso bat ematen duzu. Baina ikasteko lekua ere bada Incansables, eta ikasten duzu musikaz, eta ikasten duzu elkarbizitzaz, urte osoan zehar egun dezente pasatzen baititugu elkarrekin. Bizitzarako eta musikarako balio duen eskola da Incansables.

Txarangak zenbait belaunaldi aldaketa izan ditu. Nola bizi izan dituzue?

Canario: Hauek iritsi berriak dira [barreak]. Ni gazteena nintzen hasi nintzenean eta, 19 urterekin, hamahiru urte zaharragoa dena zure aitona iruditzen zaizu. Ondoren adintsukoekin aritu nintzen eta, gero, konturatu nintzen beste guztiak ni baino gazteagoak zirela. Gaur egun, txarangako mutil batek bere aita aurkeztu, eta aita ere ni baino gazteagoa dela ikusten dut. Gazteagoak etortzen dira, eta ideia berriak ekartzen dituzte, nahiz eta nik arkatzarekin jarraitu, eta beraiek ordenagailuz aritu. Jokora egokitzen joan beharra dago, baina niri jokoa gainezka egiten ari zait honezkero, eta aurrerantzean datorrena, ba, ez dakit... Baina, orain arte, ondo, oso ondo moldatu izan gara.

Termometrorik baduzue errepertorioa aukeratzeko?

Mirri: Giroaren arabera, momentuan erabakitzen dugu zer jo. Ez da gauza bera edozein larunbat eguerditan jotzea edo kuadrilla eguneko eguerdian jotzea, giroa animatuago dagoenean. Herri bakoitzean ez dugu errepertorio bera hurrenkera berean jotzen.

Josu Sanchez: Jende motari, adinari eta giroari begiratzen diogu.

Topi: Hainbeste urtetan herriz herri aritzeak ere ekartzen du horretan asmatzea. Gutako batzuk tolosarrak izanda, Tolosan jendea ezagutzen dugu, eta argiago izaten dugu guztia. Inguruan dantzariak ditugula ikusten badugu, Iruñean ez bezala, Tolosan fandangoa eta arin-arina joko ditugu, badakigulako pieza horiek arrakasta izango dutela.

Canario: Jendearekin harremanak egin behar dira herrietan, jende horrek esan baitiezazuke norbere herriko ohiturak zein diren. Pixkana, herri bakoitzari tamaina hartzen diozu.

Tolosan, zein dira arrakasta handiena duten kantuak?


Canario: Tolosak badu errepertorio finko bat: Diana; zazpigarrena deitzen zaiona edo Praxkuarena; hamalaugarrena edo Irureta; Inauterietako jota, nola ez; eta habanera ezagunenak, Galtzaundi eta horiek guztiak. Hori mantendu egiten da, beti. Gaueko emanaldiak bukatzerakoan, jarraian jotzen ditugu abesti horiek guztiak, Dianarekin amaituz. Zeren, Zaldunita egunean, banda Diana jotzen ateratzen denean, herri osoa han dago. Eta, bandako musikariei oiloipurdia jartzen zaie Dianarekin, eta korapilo bat eztarrian, tolosarrak horrelakoak baitira. Eta horrek jarraitu, eta jarraitu, eta jarraitu egiten du.

Josu Sanchez: Azken aldian, Baila Negrarekin gertatzen dena ere aipatzekoa da, oso-oso ezaguna egin baita. Eta Kabilako kantua ere leku guztietan dabil.

Topi: Nik esango nuke, Baila Negra dela gehien eskatzen dutenetakoa. Ez dakit lehen horrela ote zen.

Canario: Beti jo izan da, baina, Tolosan, ez dakit zein arrazoirengatik, izugarrizko indarra hartu du urte gutxian. Nahitaez jo beharrekoa da, ia-ia, eta ez baduzu jotzen...

Mirri: Ez baduzu jotzen, kantatzen hasten zaizkizu, jotzen has zaitezen.

Jendea oso gogaikarria al da zentzu horretan?

Josu Sanchez: Eramaten jakin behar da. Gainera etortzen baldin bazaizkigu, txantxa giroan aritzen saiatu eta horrekin jolastu behar izaten dugu. Baina, bai, «jo kantu hau, jo, jo» esaten digutenean, azkenean jo egin behar izaten dugu askotan.


Topi: Txarrerako eta onerako, herri batzuetan lagunak ditugu, eta zenbaitetan gu zirikatzeko egoten diren arren, beste batzuetan lagundu egiten gaituzte. Badakigu herri guztietan tokatuko dela horrelako zerbait.

Iaz, Asteartita gauean, momentu magiko bat sortu zen inauteriak agurtzeko: hiruzpalau orduz jotzen aritu eta gero, etxerako bidea hartu zenuten, eta Aroztegieta kale osoa txaloka hasi zitzaizuen. Askotan gertatzen al zaizkizue horrelakoak?

Canario: Ez da ohikoena izaten, baina, herri batzuetan, festa amaierak izugarriak izaten dira. Tolosa da horietako bat, eta Hernani, Iruñea eta Valtierra ere bai. Gogoan dut, hemen, Tolosan, Astelenita batean, bukatu eta gero, gizon bat gerturatu zitzaigula, eta esan zigula: «Gaur, behintzat, soldata irabazia duzue». Tira, gustura entzuten diren gauzak dira, egia esan.

Topi: Guk ez dugu bizi izan, baina lehen, Shanti tabernan amaitzen zituzten inauteriak. Gaurkotik oso desberdina izango zen, Rondilla kale osoa jendez beteta.

Canario: Bai, ibilbidea egiten genuen, eta norbaiti bururatu zitzaion Shanti tabernako atean amaitzea, giro ona egoten zelako. Rondilla lepo egoten zen. Arazo berriak sortzen dira, ordea, eta orain, Rondillan jotzen ari baldin bazara, bat-batean karroza bat azaltzen da. Guk ezin dugu, haizezko sei musika tresnarekin, haien aparatu eta bozgorailuen kontra aritu. Beharbada horregatik, Aroztegieta kale aldera joaten hasi ginen.

Josu Sanchez: Zaila da. Jende asko egoten da, eta askoz ere hobeto moldatzen gara Alde Zaharreko kale estuetan, taberna atarietan. Eta, amaierako txalotze horiek ondo egindako lanaren sentsazioa ematen digute. Iaz Tolosan txalo artean amaitu genuen bezala, leku askotan ez digute etxera bueltatzen utzi izan. Elizondon, behin, furgonetatik jotzen bukatu genuen. Horrelako gauzak oxigeno modukoa dira, aurrera jarraitzeko. Eskertzen dira.

Badira txarangari itsatsita egoten direnak, instrumentu bakoitzaren lana ondo begiratuz. Jendea zoriontsu egiten duzue.

Josu Sanchez: Askotan ardura sentiarazten dizu horrek, herri askotan musikariak izaten baitira gehien gerturatzen zaizkigunak; ondo edo gaizki ari zaren benetan estimatzen dakien jendea. Ezinbestean, horrek zuzenago mantenduarazten du bat, baina, aldi berean, eskertzekoa da gure lanari balioa ematea.

Canario: Batzuk dantzan aritzen dira, beste batzuek noizbehinka begiratzen dute eta, bat-batean, txoko batean hiru ikusten dituzu, eta beste batean bi, geldi-geldirik, txarangari begira. Segituan pentsatzen duzu, zure artean: «Hauek musikariak dira». Eta ez duzu hutsik egiten. Gazte asko egoten dira, baina, gero, ez dakit ikasten ote duten.

Inauteriak zer dira, lana ala plazera? Edo biak?

Denak: [Barreak]

Mirri: Biak, niretzat bai behintzat.

Josu Sanchez: Nahasketa bat da. Tolosar bezala, plazera da txarangarekin emanaldi horietan guztietan parte hartzea. Baina, aldi berean, lana da, eta zaindu egin beharra daukazu, hurrengo goizean ondo egon ahal izateko. Gaua korapilatzen baldin bada, goizak ere gogorrak izaten dira. Lanaren eta plazeraren batura dira inauteriak.

Mirri: Bai, beharbada egun batean euts diezaiokezu, baina sei egunetan ez. Hobe izaten da pixka bat zaintzea.

Denera, zenbat aldiz jotzen duzue Tolosako inauterietan?

Topi: Kalderero gauean hasten gara. Ostegun Gizenean, egunez Kabi Alai txarangarekin aritzen gara, eta iluntzean Aurrera elkartearen danborrada jotzen dugu. Gauez, Kabi Alai elkartearekin irteten gara, afalondoan. Ostiral Mehean, haurrentzako zezen festara joaten gara Kabi Alairekin, eta larunbatean ere Kabi Alairekin irteten gara egunez. Astelenitan gauez aritzen gara eta, azkenik, Asteartitan, Kabi Alairekin irteten gara egunez, eta gauez txarangako lehengo kideak irteten dira. Inauterien hasiera eta bukaera egitea dagokigu.

Incansables izena, beraz, nekaezinena, ondo aukeratu zenuten.

Canario: Izena ez genuen guk aukeratu! 1970ean, Leitzako festetan, senar-emazte batzuk zeuden taberna batean. Emakumea gerturatu, eta txarangak nola izena zuen galdetu zigun. Erantzun genion orduantxe hasi ginela bostok elkartzen, eta ez genuela izen ofizialik. Eta, emakumeak erantzun: «Ba, aurrera jarraitzekoak baldin bazarete, eta izen bat behar baldin baduzue, Incansables jarri behar diozue. Nik ez dut antzeko ezer ikusi». Hauei askotan esan izan diet, lehenengo hamar urte haietan, ez genituela herriak kalitateagatik irabazi, kantitateagatik baizik. Onenak ginen, besterik ez zegoelako.

 

Antolinatxo edo La Clandestina

«Elkarteetako txarangek, errepertorio ofiziala mantentzen dute, inauterietakoa, eta hori ez dago gaizki, bestela abesti asko galdu egingo lirateke. Baina, Tolosan oso itxiak izan dira zentzu horretan, azken aldian egoera aldatu den arren.

Udalak kontratatuta, Incansables moduan, Tolosan jotzen hasi ginenean, gure errepertorioa jotzen hasi ginen; inauterietako gauzak jotzen genituen, baina mexikarrak, kunbiak eta dena delakoak ere bai. Bada habanera oso polit bat, Kabi Alai elkarteko diskarako duela bi urte grabatu genuena. Kantua betidanik ezagutzen genuen, eta behin batez jotzen hasi ginen, Leidor aretoaren atzean. Norbait gerturatu zitzaigun, hori ezin genuela jo esanez; ez zela inauterietako kantua, eta debekatu egin behar zela. Horrelakoetan zer gertatzen da? Nahikoa dela «hori ez» esatea, zuk behin eta berriz hori jotzeko; orduz geroztik, beti jotzen hasi ginen. Kantua, nolabait, debekatuta zegoenez, La clandestina izena jarri nion nik eta, ia 48 urtera, Antolinatxo izena duela jakin dut. Eta, orain zer, eta Tolosako kantu kuttunenetako bat da».

 

Bost hamarkada liburu batean

Urtemuga biribila eta haraino iristeko historia liburu batean bilduko du Incansables txarangak. Arkatza eta orria hartu ditu Joaquin Ortega Canariok, eta memorian gordetako bizipen eta pasadizo guztiak idatzi ditu, argitalpenerako.

Kontuek kantuak ere izango dituzte lagun, ordea, liburuari atxikiko dioten disko-bilduma batean. Txarangak 50 urteotan grabatutako zenbait kantu aukeratu dituzte, Incansablesen izaera doinuz ere deskribatzeko, eta udaberri aldean kaleratuko dute lana, ospakizun txiki batzuk lagun dituztela.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!