Izenaren musikatik izana baletorkio bezala, Iribarrenek irribarrea du altxor bizi, eta baita oroitzapenen gordailua ere: liburu bat osatuko luke inauterietako bizipenekin, irakurleak hunkituz. Horixe baitira, beretzat, Tolosako inauteriak: sentimendua, kolore eta forma guztietan.
Hitzordurik jarri beharrik izan gabe zen lehen, eta hitzorduetan hitzorduenean aurten, zain izango du Plaza Zaharra, 2017ko inauterietako txupinazoa noiz piztuko.
Urte asko, eta guztiak Tolosan. Nola aldatu da?
Asko aldatu da herria, ikaragarri. Hazi egin da, baina, horrez gain, bizimodua aldatu da; oso bestelakoa zen. Gure artean loturak estuagoak ziren, batasun handiagoa zegoen. Gu, adibidez, Plaza Zaharrean bizi ginen, eta han denok familia bat ginen, ez orain bezala.
Denok ezagutzen zenuten elkar.
Bai, denok ezagutzen ginen eta, kalean topo egiten genuenean, besarkatu egiten ginen eta musu ematen genion elkarri, maitasunez. Orain ez da halakorik ikusten.
Nola gogoratzen dituzu haurtzaroko inauteriak? Ospatzen al zenituzten?
Bai, orain baino hobeto! Egia da askatasun gutxiago izaten genuela eta, adibidez, etxean ez zigutela mozorrotuta ateratzen uzten. Baina lagun taldean bagenuen trikimailu bat [barreak].
Zein trikimailu?
Igandetan paga ematen ziguten, eta guk gorde egiten genuen dirua, astero-astero. Inauteriak iristen zirenean, La Casa Azul dendara joaten ginen, eta mozorroak alokatzen genituen. Lagun baten etxera joan eta han aldatzen ginen eta, behin mozorrotuta, Gorriti zinemara joaten ginen, han dantzaldia izaten baitzen. Dantza izugarri egiten nuen nik, ez nuen pieza bakar bat ere uzten dantzatu gabe! Eta Larramendi kalean ere bazen El Olimpia izeneko lokal bat. Maskarak-eta janzten genituenez, gure gurasoek ez zuten ezer jakiten. Gure ama, gaixoa, ezer jakin gabe joan zen [barreak]. Gogoan dut nola esaten zidan, egin beharreko guztia egiten ez banuen, etxean geratuko nintzela. Gazteok lotuago bizi ginen orduan, baina, inauterietan uzten ziguten gauerdira bitarte kalean ibiltzen. Eta, gu, jarritako orduan, txintxo-txintxo, etxean izaten ginen.
Geroztik, betidanik mozorrotu izan al zara inauterietan?
Amarekin irteten nintzenean ez nintzen mozorrotzen, eta lagunekin ateratzen hasi ginenean mozorrotu nintzen estreinakoz. Orduz geroztik bai, orduz geroztik beti mozorrotu izan naiz inauterietan, nahiz eta orain ez naizen mozorrotzen.
Eta, karrozak-eta irteten al ziren gaztea zinenean?
Karroza ikaragarri politak egiten zituzten orduan.
Baten bat bereziki gogoan duzu?
Bai, El Harén zuen izena. Denak ziren gizonezkoak: batzuek xeke arabiarren papera zuten, eta beste batzuek neska dantzariena. Jende asko joaten zen karrozen atzetik, eta karroza asko izaten ziren orduan ere. Oso politak ziren! Kaldereroen karroza ere gogoan dut; nik hiruzpalau urte izango nituen kaldereroak lehen aldiz irten zirenean. Karroza oso-oso handia zen, eta txorizoa banatzen zieten herritarrei, karrozatik.
Kaldereroak ere kutunak dituzu?
Bai, oso, baina sekula ez dut kalderero mozorroa jantzi izan.
Aurten omenaldi berezia jasoko duzu Kabi Alai elkartearen eskutik, besteak beste, baliabide gutxirekin zure seme-alabei mozorroak artez egiteagatik. Nola moldatzen zinen?
Lehengo aldiz seme zaharrena mozorrotu nuen, bi urtetxo zituela eta, orduz geroztik, hazten joan diren heinean, eta nik nituen aukeren arabera mozorrotu izan ditut. Urte batean xentimorik ere ez genuen, ezer ez, baina nire artean pentsatzen nuen: «Mozorrotu gabe ezin ditut utzi». Banituen gortina zuri batzuk, tanto gorriekin, eta parpaila bat zuten goitik beheraino. Bada, zer egin nuen nik? Gortinak kendu eta soinekoak egin.
Sevillar soinekoak?
Bai, hori da. Argazkiak ere baditugu! Inauteriak amaitu zirenean, soinekoa desegin eta gortinak zintzilikatu nituen berriz [barreak]. Beste behin, uholdeak izan ziren, sekulako euritea, eta Kale Nagusiko liburu denda batean paper biribilkiak busti zitzaizkien. Nire semea eskolatik etxera bidean zihoan, eta paper bustia ekarri zidan, esanez, kalean zegoela eta inork ez zuela hartzen. Zera galdetu nion, ea dendariari baimenik eskatu ote zion; ezetz erantzun zidan. Dendara itzuli, eta arduradunak nahi adina paper eman zidan. Paper-oihala zen, oso-oso polita, eta hainbat biribilki eman zizkidan dendariak. Horrekin, printzesa mozorroa egin nion alabari, zoragarria, eta semeari printze mozorroa egin nion. Horrela moldatzen nintzen, ahal bezala, baina ondo.
Orduak eta orduak eskainiko zenizkion josteari, ezta?
Ikaragarri, gauak eta gauak pasatu izan ditut josten! Maitagarri mozorroa egin nion behin alabari, eta jantzi hura benetan ederra zen. Lentejuela asko jarri behar nizkion, baina ur pixka batekin busti eta itsasten ziren lentejuela batzuk lortu nituen; hala ere, banan-banan jarri nituen. Gogoan dut senarrak nola esaten zidan: «Baina, Mari, gaua badoa, eta zuk oraindik hemen jarraitzen duzu!». Eta, nik, uzteko esaten nion [barreak]. Jantzi zoragarriak egin izan ditut, egia esan.
Nondik hartzen zenituen ideiak?
Burutik! Aldizkariren batean edo zineman zerbait ikusten nuen, eta ikusitako horretatik zerbait geratzen zitzaidan buruan; dena ez, noski. Gero, buruan nuen horri zerbait gehitzen nion nire kabuz, eta horrela osatzen nituen mozorroak.
Oraindik ere jarraitzen duzu?
Seme-alabei eta bilobei alkandoraren bat edo galtzaren bat egin izan diet, baina ezer gutxi. «Orain, zer egingo dut?» pentsatzen nuen nire artean, eta aurkitu nuen konponbidea: bi panpina handi ditut, oso altuak, eta horientzako mozorroak egiten hastea erabaki nuen; gozatu egiten dut. Balkoian jartzen ditut urtero, eta inauteriz inauteri mozorro desberdin bat egiten diet, gainera.
A bai?
Bai. Bi panpinetako bat beltzarana da, eta buru handi samarra du [barreak]. Behin toreroz jantzi nuen, eta beste panpina manolaz. Tolosako elkarte batzuetako jantziak ere egin nizkien: Aiz-Orratzekoa, sukaldariarena,... Asko ditut, eta aurten ere jantziko ditut.
Pentsatu al duzu mozorroa?
Bai, mexikarrez mozorrotuko ditut. Proba egin beharra daukat, ikusteko, ea panpina bakoitzari txapela nola geratzen zaion; txapel mexikarra oso handia da eta, horrela, euria egiten badu estali egingo dira [barreak].
Aipatu dituzun mozorro horiek gordeta al dituzu?
Ez, seme-alabei egindako mozorroak ez, pena da, baina... Bilobek badituzte batzuk. Kontua da, mozorroen oihalak berrerabili egin izan ditudala, kuxinak eta halakoak egiteko; oso oihal onak erabiltzen nituen.
Non erosten zenituen?
Cea izeneko denda bat zegoen Kale Nagusian, gaur egun La Vasconia dagoen pare horretan, eta hari erosten nizkion oihalak.
Inauterizale amorratua izan zara, eta oraindik ere bizi-bizirik duzu grina. Ba al duzu inauteri egun kuttunik?
Astelehena, orduan ibiltzen baita ondoen! Inauteriak oso politak dira, baina jada ez dira lehengoak, ez dut poztasun hori ikusten. Izugarri gozatzen genuen, zezen plazatik behera elkarri helduta jaitsiz, saltoka, Corazonistetaraino. Hemen, berriz, Plaza Berrian, dantza egiten genuen.
Salto egiteko ohitura hori galtzen ari da?
Bai, zertxobait galdu da; txarangek dantzarako jotzen dute, eta jendeak ez du hainbeste dantza egiten. Hala ere, oraindik jendea ikusten da.
Txarangak gustuko al dituzu?
Bai, bizitza osoan gustatu izan zaizkit, eta inauterietako kantu guzti-guztiak dira politak niretzat.
Aurten, inauteri bereziak ospatuko dituzu, besteak beste, txupinazoa zuk botako duzulako.
Ai ama! Ez dakit suziria zein aldetara joango den! [barreak].
Pozez hartu al duzu albistea?
Bai, noski, pozez; asko gustatu zait. Oraingoz ez nago urduri, baina hunkitu egiten naiz.
Garrantzitsua da, ezta?
Bai. Falta diren senitartekoak eta lagunak egongo balira... Baina horrelakoa da bizitza.
Memorian dituzu haiekin pasatutako inauteriak.
Bai, nire bizitzako inauteri guztiak memorian ditut, liburu bat balitz bezala. Askotan esaten didate, nolatan gogoratzen ote naizen guztiaz, baina halaxe da.
Eta, hain urte berezia izanda, pentsatu al duzu festak nola ospatuko dituzun?
Ez, oraindik ez dut pentsatu. Badakit dantzarik ezingo dudala egin, baina, jendeari begira ere oso ondo pasatzen dut! [barreak]. Ez dut inbidiarik sentitzen, baina oroitzapenak etortzen zaizkit eta hunkitu egiten naiz, jada ezin baititut inauteriak horrela ospatu. Jarriko banintz, dantza pixka bat egingo nuke oraindik ere, eh! [barreak].
Izan ere, leku pribilegiatuan bizi zara inauteriei begira egoteko ere.
Bai, Plaza Berria alde batean eta, bestean, Rondilla kalea. Seme-alabek esaten didate prestatu eta kalera jaisteko, baina, zertarako? Kalean bultzada hemen eta bultzada han ibili behar izaten da inauterietan, eta balkoian inork ez nau bultzatzen! Ederki egoten naiz nire panpinekin eta nire serpentinekin! [barreak]. Argazkiak ere baditut balkoian, pentsa!
Ederki atontzen duzu-eta.
Bai, panpinekin batera oihal koloreduna jartzen dut, eta batzuetan maskarak ere jartzen ditut gainean. Seme-alabek banku luze bat egin zidaten, eta han gainean zutik jartzen ditut panpinak, kaletik ikus daitezen. Balkoira ondo lotzen dizkidate, eta nik jantzi egiten ditut.
Zure seme-alabetan, denak al dira zu bezain inauterizaleak?
Den-denak. Asko musikariak dira eta txarangetan parte hartzen dute eta, gainerakoak, inauterizaleak dira.
Ondare hori utzi diezu, beraz.
Polit askoa, gainera. Poz handia sentitzen dut jotzen ari direla ikusten dudanean, asko gustatzen zait.
Inbidiagarria da zure umorea, jarraitu inauteriak horrela ospatzen.
Noski, oraindik ere izugarri gustatzen zaizkit. Balkoira irten, eta oinak dantzan hasten zaizkit, benetan! Lau ahizparen artean inauterizale bakarra naiz, eta ez dakit nondik datorkidan festarako grina hori, baina oso umoretsua izan naiz beti.