«Urte guztian maskara jarrita ibiltzen gara, eta inauterietan kendu egiten dugu»

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 28a, 08:59

Beraiek izango dute suziria airera jaurti eta inauteriei hasiera emateko ardura. Festak aldatu direla dakiten arren, osasuntsu heltzea da helburu bakarra. Azken hamarkadetako inauteriak errepasatu dituzte.

Zaldunita taldea, urte luzez inauterietan izandako parte hartzeagatik, eta euskararen erabilera bultzatzeagatik, omenaldia jasoko duen kuadrilla izango da. Gaur, 12:00etan, inauterien hasiera iragarriko duen txupinazoa jaurtitzeko ardura izango dute. Juan Luis Garikano, Xabier Garikano eta Txepe Agirrezabala taldeko kideak dira. Egungo inauterietan, jendeari antzerki bat egiteko grina falta zaiola uste dute hirurek; lehen ilusio eta gogo berezia izaten zela, eta lan handia hartzen zutela.

Kabi Alaikoek diotenagatik, miresgarria da inauteriak bizitzeko duzuen modua; festaz gozatzeko grina odolean daramazue.

Txepe Agirrezabala: Asko esatea da hori.

Ikaragarria izango da udaletxeko balkoian jarri eta festei hasiera ematea.

Xabier Garikano: Bai, bai.

Nola hartu duzue hau guztia?

Juan Luis Garikano: Poz handiz. Ez genuen espero. Talde inauterizalea izan gara beti, sarien bila inoiz joan ez dena, eta beti festa giroan murgilduta egon dena, jendea animatu eta zirikatu nahian. Aurreko urteetan zein inauterizale izendatu dituzten ikusita, beti egon naiz zain ea osabari (Xabierrri) noiz egokituko zitzaion, benetan merezi duelako, eta aurten izan da.

X. G.: Duela urte batzuk, ordea, Galtzaundi taldeak saritu gintuen, jaietako taldeen artean euskara egokien erabiltzeagatik.

J. L. G.: Udalak ere eman zigun bat, euskaltzaleak izateagatik eta euskara bultzatzeagatik.

Zuentzat betidanik izan baita garrantzitsua euskara.

T. A. : Inauterietan euskararekiko hutsune handia egon izan da beti. Konpartsarekin hasi ginen garaian, txarangetako abesti guztiak gazteleraz kantatzen ziren; gerora, poliki-poliki buelta eman zaio horri. Guk, ordea, saioak beti egin izan ditugu euskaraz, eta festa betidanik lotu izan dugu euskararekin.

Noiz hasi zineten talde bezala inauterietan?

T. A.: Norberaren ibilbidea oso desberdina da, baina talde modura, lehen aldiz, duela 40 urte inguru irten ginen.

Orduan nolakoak ziren jaiak?

T. A.: Oso desberdinak.

X. G.: Eta duela 60 urte zeharo bestelakoak. Orain jendea ez da banaka edo binaka irteten, txoko batean jarri, eta lehen egiten zituzten parodiak egiteko. Lehen, emakumeak ez ziren kalera irteten. Zezen plazara saltoka sartu ziren lehen emakumeak gurekin sartu ziren.

Nik lauzpabost inauteri klase ezagutu ditut urte hauetan guztietan. Gerra garaian gosea nagusi zen, ez zegoen beste kezkarik. Gerora, inauteriak ere kendu nahi izan zituzten, baina ez zuten lortu.

J. L. G.: Musikak ere aldatu ditu. Orain zarata da nagusi.

T. A.: Gogoan dut Ostegun Gizen batez, txarangei isunak jarriko zizkietela-eta, guztiak izen berarekin irten zirenekoa: isun bakarra jarri behar izan zuten. Pentsa, txarangak kalera irtetetik noraino heldu garen.

X. G.: Musika behar-beharrezkoa da inauterietan, baina ez hori bakarrik. Inauterietan, urte guztian egiten ez den zerbait egin behar da, barrutik ateratzen zaizuna. Norbera gustura sentitu dadila, eta inguruko guztiak horrela sentiarazi ditzala.

T. A.: Ondo pasatzea eta pasaraztea izan da beti gure helburua.

J. L. G.: Jendea festan sartzeko eta ikuskizunaren parte sentitzeko zerbait bilatzen genuen beti.

Eta nola hasi zineten?

X. G.: Besterik gabe.

J. L. G.: Irten ginen lehen aldia 1979an izan zen. Orduan, armiarma sare erraldoi bat osatu genuen, eta Gaztelako atean jarri ginen. Egun hartan, trafikoa bertatik pasatzen zen, eta izugarria izan zen. Ondoren heldu ziren Zoologikoa, Furra-furra, bankuak, jatetxeak, aduana... Iparragirre zinema aretoan gauzak uzten hasi ginen gero.

T. A.: Baskularena ere ederra izan zen. Nire lantoki inguruan, izorratutako 200 baskula zeuden. Gehienez 30 kilo hartzen zituzten eta, inauterietan, jendea pisarazten hasi ginen, txantxa modura.

X. G.: Orain, ordea, bestelako egoera bat bizi dugu. Tolosarrok oraindik badugu gogo hori, urte guztian egiten ez dugun zerbait egitekoa. Gu ere arrazoi horri tiraka hasi ginen. Urte guztian, norbera den bezalakoa da, maskara jarrita ibiltzen gara eta, inauterietan kendu egiten dugu, eta norberak bestelako izaera bat hartzen du.

T. A.: Tolosarrok inauteri grina barruan daramagu, eta edozein festatan nabaritzen da hori. Txarangen kasua da nabarmenena.

X. G.: Txarangak saltoka ibili, abestu eta dantzatzeko dira. Orain, horrenbesteko zaratarekin, alferrik aritzen dira musikariak inauterietan.

T. A.: Duela gutxi, gazte batzuei entzun nien, euren ikuskizuna eta festa Alde Zaharrean egingo dituztela. Hori da bultzatu behar dena, hilda geratzen ari den toki zoragarria baita.

Inauterietan, beraz, ez dago lotsarik...

T. A.: Lotsa duenak ez du posible inauteriez gozatzea. Gainera, zer da lotsa? Nik inauterietan ez dut horrelakorik ezagutzen. Gauzak naturalki ateratzen direla ikusten dut. Lotsa izanez gero, onena etxean geratzea da.

Astebetez, kezkak ahazteko aukera ematen dute.

T. A.: Dudarik gabe. Nik gogoan dut, lantokian, ostegunetik ostegunera jai egiten nuela. Bezeroek sekulako potroak nituela esaten zidaten. Festa egin eta biharamunean lanera joatea ezinezkoa da.

X. G.: Guk egiten genuen, bada! Hausterre egunean, lanera joaten ginen.

Orduan ere inauteriak egunez eta gauez bizitzen ziren?

X. G.: Guk gaueko inauteriak ez ditugu ezagutu. Goiz-goizetik irteten ginen eta, Zaldunita egunean, zazpietarako elizara joaten ginen, mezatara. Handik Txaparro sagardotegira, bertan mozorroa jantzi, eta Dianara joateko. Gauean, berriz, afalondoan, etxera.

T. A.: Azken urteetan, ordea, ez dugu hori egin. Gauean beranduago erretiratu izan gara, baina gaupasarik inoiz ez dugu egin izan. 02:00etan etxera joan izan gara, 05:00etan jaiki eta alboradara joateko.

Egun, inauterizaleak segidan joaten dira alboradara...

X. G.: Orain zeharo aldatu da. Inauteria, baina, ez da zurruta soilik. Horrek atsekabetzen nau gehien.

Izango duzue mozorro edo ideiaren oso kuttunen bat.

J. L. G.: Bakoitzak berea du.

T. A.: Mozarten heriotzaren bigarren mendeurrenean, omenaldia egin genion, opera moduko batekin. Ikaragarri gozatu nuen.

X. G.: Orkestra eta guzti irten, eta koadro handi bat jarri genuen. Txepek eta biok abesten genuen.

T. A.: Abestu baino gehiago, itxura egiten genuen. Iparragirre aretoa ere hustu genuen, eserleku guztiak aterata. Kalera begira zinema areto moduko bat jarri genuen, desfilea ikusteko.

J. L. G.: Inparra Zinea izena jarri genion.

T. A.: Nik, baina, musika genuenean gozatzen nuen gehien. Mozorrotzerakoan, berriz, oso gustuko nuen emakumez janztea.

Inauterietan oso ondo pasa duzue, beraz.

Hirurak: Erabat!

T. A.: Topera gozatu izan dugu eta pribilegiatu batzuk izan gara.

X. G.: Nik, ordea, badut arantza bat. Urtero zezen plazara joatea , eta bertan txarangarekin jauzika ibiltzea ikaragarri gustatzen zaigu. Baina, duela 8-10 urte, gerra garaian baino polizi, gehiago zegoen zezen plaza atarian, eta ez ziguten txarangaren atzetik sartzen utzi. Nire bizitzako egunik tristeena izan zen.

Zenbat denbora behar izaten zenuten guztia prestatzeko?

X. G.: Ideia desberdinak izaten genituen, eta denok biltzen ginenean adosten genituen gauzak. Ondoren, guztia nola egin antolatzen genuen.

J. L. G.: Oso demokratikoak izan gara beti.

X. G.: Diktadura ere izaten zen.

T. A.: Baina hori behar genuen.

J. L. G.: Urte batzuetan bi egun lehenago hasten ginen prestatzen. Beste batzuetan, berriz, hiru hilabete lehenago.

Ez baita erraza zerbait originala egitea.

X. G.: Ez, baina ondo ezagutzen dugu elkar, eta guztiok gustuko izaten genituen ideia asko.

T. A.: Musikarekin ere zortea genuen, inguruan musikari oso onak genituelako. Hori izaten zen oinarria. Gero, antzerki txiki bat besterik ez genuen behar, jendeari barre eginarazteko.

Inauterietako egun guztiak desberdinak dira, baina zein une aukeratuko zenukete?

Hirurak: Txarangarekin zezen plazara egiten den igoera.

Diana ere jendetsua izaten da.

X. G.: Bai, baina baditut argazkiak, 6-7 lagun soilik joaten zirenekoak, eta jantzita inor ez da ageri. Behin, euria egin zuen eta, kenduko zutela esanez, herriko musikari batzuk atera ziren kalera, Diana ez kentzeko eskatuz.

T. A.: Guri askotan lan egitea tokatu izan zaigu eta, beraz, gutxitan joan izan gara salto egitera.

Inoiz ez zaizue burutik pasatu inauterietan kanpora joatea?

X. G.: Ni egun guztian kalean ibiltzen nintzen. Andrea, semearekin batera, Kanarietara joaten zen. Hausterre egunean, berriz, ni joaten nintzen hara, eta semea itzuli egiten zen. Behin, bertan ere inauteriak ospatzen zirela eta, hotelean mozorrotu egin behar izan nuen. Hanka tartean fardel bat jarri, eta sabela aurpegi bat balitz bezala margotu nuen, zilborrean zigarroa jarrita. Mundiala izan zen hura.

J. L. G.: Duela urte batzuk, Et Incarnatus taldeak Leidorren eskaini zuen kontzertuan, mozorro hura errepikatu zenuen.

Aurten nola biziko dituzue?

X. G.: Niretzat triste samarrak izango dira inauteriak. Gauza asko egingo nituzke, baina osasunez iristea ezinbestekoa izango da. Musika entzunez konformatu beharko dugu.

J. L. G.: Besteok zerbait asmatuko dugu.

Zertaz mozorrotuko zarete?

J. L. G.: Inoiz ez dugu esan zertaz mozorrotuko ginen.

T. A.: Sekretua izan da beti.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!