Organo administratiboak arrazoia emanda, Molaturentzat izango da Leidor aretoko esleipena

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 3a, 16:44
Argazkia: Peña Ganchegui y asociados arkitektura estudioa.

Tolosako Udaleko lehiaketa publikoan ustez gertaturiko irregulartasunak salatuz, enpresak epaitegietara jo zuen urte amaieran; Hirutek enpresa lehiaketatik kanporatu du ebazpenak.

Soka luzea ekarri du Leidor aretoa kudeatzeko lehiaketa publikoak, baina auzia amaierara iristen ari da: Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak arrazoia eman dio Molatu Produkzioak enpresari, eta baliogabetu egin dute Tolosako Udalak lehiaketa bertan behera uzteko harturiko erabakia, Hirutek enpresa lehiaketatik kanporatuz.

Gauzak horrela, Tolosako Udalak puntuazioak berriro hartu, eta proposamen berri bat egin beharko du esleipenerako, organoaren aginduz. Hirutek enpresa kanporatuta, ordea, jakintzat har daiteke jada, Leidor aretoko esleipena Molaturentzat izango dela, puntuaziorik altuena eskuratu baitzuten Hiruteken atzetik.

Albistearen aurrean "oso pozik" azaldu dira Molatu Produkzioak enpresako kideak: "Batez ere, arrazoia eman digutelako. Honek esan nahi du zentzuzkoa zela egoera hau salatzea, eta merezi zuela gure ustez bidegabekeria zen hori zuzentzeko borroka egitea. Ez da erraza izan administrazioaren isiltasuna eramatea, eta sentitzea eskatzen genuena ez zela kontuan hartzen. Horregatik, ebazpenak lasaitasun handia ematen digu", azaldu dute.

Legearen ikuspegitik, organo eskudun batek berretsi egin du esleipenean irregulartasun bat eman dela, eta oso pozik gaude horregatik".

Bestalde, ebazpenak ez du ezer zehazten Leidorreko auzian inplikatutako udal teknikariari buruz, afera hori beste bide batetik jorratu beharrekoa baita.

Gogoratzekoa da joan den ekainean Tolosako Udalak plazaratutako lehiaketa publikotik sortu da ika-mika hori guztia. Leidor aretoa kudeatzeko deialdiak ohiko bidea zeraman, Molatu Produkzioak enpresa hautagaiak udalari bilera bat eskatu zion arte: manipulazioa eta prebarikazioa salatu nahi izan zuten, udal teknikari baten eskutik. Besteak beste, teknikariak Hirutek enpresa hautagaiari idatzitako zenbait mezu elektroniko zituzten frogatzat. Udalak lehiaketa bertan behar utzi zuenez, salaketa publiko egin eta epaitegietara jo zuen enpresak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!