Tolosako Udalaren adierazpena, Leidor aretoko konkurtso prozeduraz

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 25a, 17:40

Tolosako Udalaren jarduera soziokulturaletarako laguntzaileen zerbitzua kontratatzeko lehiaketari buruz honako hau adierazi nahi du Tolosako udalak:

Tolosako Udaleko Gobernu Batzarrak, aurtengo ekainaren 13an egindako bileran, onartu zituen Tolosako udalaren jarduera soziokulturaletarako laguntzaileen zerbitzua kontratatzeko espedientea eta baldintzen pleguak, hain zuzen ere, aipameneko zerbitzuaren egoera erregularizatuz.

Irailaren 28an, kontratazio mahaia ondorio honetara heldu zen: egokiena Hirutek enpresak aurkeztutako proposamena zela, berak lortu baitzuen puntuaziorik handiena. Hiruteki esleipen formala egin baino lehen, Molatu Produkzioak enpresak Alkatetzari prozesuan izandako ustezko irregulartasunak jakinarazi zizkion.

Urrian, Molatu Produkzioak enpresak idatzi bat erregistratu zuen Udaletxean, kontratazio lehiaketan aurkeztutako enpresetako batek udal teknikari batengandik informazio pribilegiatua lortu zuela adieraziz.

Salaketa horien aurrean, udal gobernuak diziplina-espediente bat ireki zion udal teknikari horri konkurtso prozeduraren objektibotasuna egiaztatzeko. Bide batez, Udalak txosten juridiko bat egiteko eskatu zuen, salaketa horiek lehiaketaren adjudikazioan zer nolako ondorioak izan zitzaketen erabakitzeko.

Azaroaren 9an, Tolosako Udaleko zerbitzu juridikoek txosten bat egin zuten Kontratuen Legeko 155 artikulua oinarritzat hartuta. Txosten horretan kontratu prozedura bertan behera uztearen alde egin zen.

Bi enpresek, Molatu Produkzioak eta Hirutek-ek, prozedura honetan Udalak erabakitzen zuenaren berri izan dute, batera eta uneoro.

Tolosako Udalak lan egin du eta egiten jarraituko du tolosarren interesen alde. Horrexegatik ez da onargarria Udalak emandako urratsen inguruko oinarririk gabeko akusazio faltsuak gizarteratzea; are eta gutxiago Tolosako Udaleko zerbitzu juridikoek adierazitako pausuak berme osoarekin eta era arduratsuan garatzen ari denean. Era berean, udal gobernuak udalerriaren gestio ona egiteko duen konpromezua berresten du, legalitatea eta gardentasuna oinarritzat dituela azpimarratuz.

Tolosako Udala

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!