Ustezko irregulartasunen salaketak medio, udalak bertan behera utzi du Leidor kudeatzeko lehiaketa publikoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko aza. 24a, 17:38
Argazkia: Peña Ganchegui y asociados arkitektura estudioa.

Proposamena aurkeztu zuten lau enpresen artetik, batek abantailazko informazioa jaso zuela salatu du Molatu Produkzioak enpresak

Joan den ekainaren 13an, Tolosako Leidor aretoa kudeatzeko zerbitzua lehiaketa publiko bidez kontratatzea erabaki zuen udal gobernuak, horretarako baldintza pleguak onartuz. Lau enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, tartean ordura arte zerbitzuaren ardura izan zuena; udaleko kontratazio mahaiak irailaren 28an erdietsi zuen, horrela, enpresa horri –Hirutek– puntuaziorik altuena ematea.

Molatu Produkzioak enpresak bigarren postua eskuratu zuen lehiaketa publikoan, baina alkatearekin eta kultura zinegotziarekin bilerarako hitzordua eskatu zuten, Iñigo Asensiok azaldu duenez: «Irailaren 29an alkate eta zinegotziari hainbat froga aurkeztu genizkien, prozesuan prebarikazioa eta manipulazioa gertatu zela erakusteko. Zehazki Hirutek enpresaren eta udal teknikariaren arteko bi mezu elektroniko erakutsi genizkien, eta, horietako batean, teknikariak gure enpresaren inguruko informazioa pasatu zien Hirutek-eko kideei, proposamenaren prezioa jaistea iradokiz».

Egun gutxi barru, urrian, Molatuko kideek bileran aurkeztutako dokumentazioa udalean erregistratzea erabaki zuten, testu juridiko batekin, argudiatuz, lehiaketako enpresetako batek, informazio pribilegiatua eskuratu zuela udal teknikari baten eskutik.

Tolosako Udalak ohar bidez azaldu duenez, udal gobernuak teknikariari diziplinazko espedientea zabaltzea erabaki zuen orduan, «kontratazio prozesuaren objektibotasuna berresteko». Era berean, informe juridiko bat ere eskatu zuten, akusazioak lehiaketako esleipenean izan zitzakeen ondorioen berri izateko. Horren harira, akusazioa egin duten Molatu Produkzioak enpresako kideek «kontraesan nabarmena» ikusten dute bi neurri horietan: «Teknikariaren akatsa onartzen dute, baina, aldi berean, esleipenarekin aurrera jarraitu nahi dute».

Izan ere, «egoera asko gaiztotu» dela nabarmendu dute: «Guk gure dokumentazioa aurkeztu eta ia hilabetera, urriaren 26an, bilera bat izan genuen udal arduradunekin, eta egun horretan jakinarazi ziguten, lehiaketak aurrera jarraituko zuela bere horretan. Udalaren aldetik ez zaigu ardurazko jarrera iruditzen, frogak eskura nahiz erregistro bidez aurkeztuta ere, beste aldera begiratzea».

Lehiaketa, bertan behera

Auziak ekarritako soka luzearen ondorioz, Tolosako Udaleko legelariek kontratu legeetan oinarritutako informe bat osatu zuten, eta neurri egokiena Leidor aretoa kudeatzeko lehiaketa publikoa bertan behera uztea dela erdietsi.

Bide horretan, udalak, komunikabideei bidalitako oharrean dio, nola Hirutek enpresak, hala Molatu Produkzioak enpresak «uneoro udalaren erabakien berri» izan duela. Molatuko kideek, ordea, guztiz ukatu dute baieztapena: «Filtrazioen bitartez ezagutu behar izan ditugu udalaren erabakiak eta, orain, komunikabideen bitartez jakin dugu kontratazioa bertan behera utziko dutela», dio Asensiok. Lehiaketa publikoak sortutako iritzi eta akusazio trukea medio, udalak azaldu du «ez dela onargarria Tolosako Udalaren aurkako susmo txarrak sortzea (...)», eta udal gobernuak «legea eta gardentasuna defendatzen jarraituko duela».

Molatuko kideek, ordea, beren helburua zein den azpimarratu dute: «Gure borroka ez da, inondik inora, udalaren edo teknikariaren aurka joatea. Guk justizia nahi dugu, lehiaketa batean berdintasunez aritu ahal izatea. Kaltetuak izan gara, ekonomikoki nahiz pertsonalki, eta badakigu hilabeteotan guztiotan gure inguruan gaizki esaka ere aritu direla. Inork epaitu nahi baldin bagaitu, argi esango dugu: bi hilabeteren ondoren, ez digute auzia publiko egitea beste biderik eman, eta Tolosako herritar nahiz kultur eragile gisa, errespetu falta bat iruditu zaigu, egia esan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!