Hirutek enpresaren adierazpena Leidorreko auziaz

Tolosaldeko Ataria 2016ko abe. 1a, 14:52
Argazkia: Peña Ganchegui y asociados arkitektura estudioa.

HTK Film S.L. (Hirutek) enpresak azalpenak eman nahi ditu, Tolosako Udalak aurkeztutako ekintza soziokulturaletan laguntza zerbitzua eskaintzeko esleipenari buruz komunikabideetan publikatu diren berrien inguruan.

HTK Film S.L. (Hirutek) enpresak ez du inongo informazio eta tratu pribilegiaturik jaso udaleko edozein langileren partetik.


Informazio pribilegiatua jaso duen enpresa bakarra Molatu Produkzioak S.L. izan da, zilegi ez diren moduak erabiliz Hirutek-eko bazkide baten email kontu «pribatu» batean sartu baitira, «titular eta erabiltzaile bakarra» bazkidea bera izanez. Horrez gain, legez kontra lortutako informazio hori modu manipulatu eta okerrean zabaltzen ari dira, testuingurutik kanpo gaizki ulertuak sortzeko aukerarekin.


Email horietan, informazio pribatuaz, jarduera ekonomikoez nahiz egindako ekintzez gain, HTK Film S.L.-k prestatutako tekniko eta ekonomikoak zeuden, lehiaketan aurkezteko izateko prest. Beraz, Molatu Produkzioak S.L.-k zuzen-zuzenean ezagutzen zuen lehiaketan parte hartzera zihoan enpresa baten proposamena –Hirutek-ena–. Eta hori, Hirutek enpresak inondik inora jaso ez duen informazioa da.


Hori guztia tarteko, entrega epea baino lehen idatzitako proposamen tekniko eta ekonomiko hori ondo ezagutzen zutela uste zuten arren, ezustekoa jaso zuten, proposamenak irekitzeko orduan: ikusi duten Hirutek-en proposamena Molatu Produkzioak S.L.-rena eta gainerako lehiakideena baino hobea zela, Hirutek-en azken proposamena ez baitzen Molatu Produkzioak S.L.-k eskuratutako e-mailetan agertzen.


Prozesuan izandako informazio pribilegiatu bakarra lehendik aipatutako hori besterik ez da izan, hain zuzen, lege eta etikaren kontrako jarrerei esker Molatu Produkzioak S.L.-k eskuratutakoa.


HTK Film S.L. enpresak badu posta elektroniko kontu horretara sartzeko erabilitako bidearen susmoa, eta legezko bideak hartuko ditu. Era berean, Tolosako Udalari beharrezko alegazio guztiak egingo dizkio lehiaketa bertan behera uzteko erabakia deusezta dezan.


Hirutek enpresak urte asko daramatza era zintzo eta onean lanean, profesionaltasuna eta konpromisoa berrets dezaketen udalerri eta erakunde askori bere zerbitzu tekniko eta zinematografikoa eskainiz.

HTK Film S.L. (Hirutek)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!