Tolosako EH Bilduren udal taldearen oharra, Leidor aretoaren lehiaketaren inguruan

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 30a, 11:47
Argazkia: Peña Ganchegui y asociados arkitektura estudioa.

Azken astean Leidor aretoaren kudeaketaren inguruko lehiaketa publikoaren gaiak izan duen bilakaera ikusita, bere ikuspegia azaldu nahi du EH Bilduko udal taldeak.

Tolosako EH Bildu irailetik da aipatutako egoeraren jakitun. Ez udaleko inork ezer aipatu digulako, arazoaren parte ziren alde desberdinak EH Bilduko hautetsiekin harremanetan jarri direlako baizik. Hasiera-hasieratik, gaiak duen sakontasuna eta garrantzia ikusita, EH Bilduko udal taldeak gaiari eutsi eta berehala irtenbide bat emateko gomendioa egin genien, udal gobernuko alorreko zinegotziari, zein alkateari. Udalak publiko egindako oharra irakurrita, ordea, gai horren kudeaketan erantzukizunak gainetik kendu nahian ari da udal gobernua.

Tolosako EH Bilduk uste du, gaia oso gaizki kudeatu dutela, udalak ez baitu erabakirik hartu, esleipenean gertatzen ari ziren irregulartasunen berri hasieratik izan arren. Iraila bukaeran, orain publiko egin den informazio guztia zuen alkateak, eta hori guztia kontuan hartu gabe, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Behin lehiaketan parte hartu duen enpresetako batek aipatutako froga dokumentalei ofizialki sarrera ofiziala emandakoan, eta, ondorioz, espediente administratiboan sartu zirenean, orduan hasi ziren, alkatea eta udal gobernua, gaiaz arduratzen. Orduan eskatu zuten txosten juridikoa, konturatu baitziren ez zela udal kontratazio mahaia izango azken erabakia hartuko zuena; udaletik kanpoko auzitegiak baizik. Ordurako jada, pasata zen hilabete baino gehiago. Azken erabakia udalaren esku ez zegoela konturatu zirenean eskatu zuen, alkateak, txosten juridikoa; ez dakigu zer gertatuko zatekeen auziarekin, azken erabakia udaleko kontratazio mahaiaren esku egon izan balitz.

Tolosako EH Bilduren ustez, udal gobernuak bere egiteko estiloa erakutsi du egoera honen aurrean, arazoari bizkar eman eta bakarrik konponduko zela pentsatuz. Behin egoera eta arazoa puztuta eta irtenbide gabe geratu direnean, udalaren erantzukizun ezaren, gardentasunaren eta legalitatearen aldeko mezuak zabaldu dituzte.

EH Bilduren udal taldean ustez, erantzukizun guztiak argitu behar dira. Baina horiek ez dira soilik udal teknikari baten hanka-sartzera mugatzen, nahiz eta erantzukizun osoa teknikariaren gainera eroriko dela pentsatzeak kezkatzen gaituen. Gaia zeharo lohituta dago gaur egun eta, egoera horrek, zuzenean eragingo dio Leidor aretoa kudeatzeko egingo den hurrengo lehiaketa publikoari.

Tolosako EH Bilduren udal taldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!