Molatu Produkzioak enpresak Tolosako Udalaren adierazpenen harira eginiko deklarazioa

Tolosaldeko Ataria 2016ko aza. 25a, 17:45

Atzo Tolosako Udalak Leidor Antzokiaren kudeaketarako lehiaketaren inguruan egin zituen adierazpenen harira, Molatu Produkzioak enpresak honakoak esan nahi ditu:

Alkatetzak esan du «arazoa bi enpresaren arteko gatazkaren ondorioz sortu dela» eta «Udalak arazoaren erdian aurkitu duela bere burua». Molatuk salatu nahi du informazio hori ez dela zuzena.

Ez da bi enpresaren arteko gatazka bat. Inondik inora. Udaletxeko teknikari batek lehiaketan parte hartu duen enpresa bati buruzko informazioa eman dio partaideetako beste bati, eta prezioa jaisteko proposamena egin. «Molatu enpresako arduradua galdezka aritu da ea prezio temerariorik badagoen. Uste dut honek ematen digula prezioa jaisteko asmoa dutelako pentsatzeko pista». Egoera horretan hiru aktore daude. Legez kanpo ari den udal teknikaria, egoera horrekin bidegabeko abantaila duen enpresa eta egoera horrekin kaltetu duen enpresa. Azken horrek, kaltetuak alegia, bere herriko alkatearen aurrean salatu zuen egoera hori irailaren 29an eta urriaren 26an erantzuna jaso: «lehiaketak bere horretan jarraituko du aurrera». Ezin onar dezakegu «enpresen arteko gatazkaz» aritzea, izatez, gertatu dena udalaren barruan gertatutako irregulartasuna delako. Ez dugu onartzen gauzak «berme osoarekin» egin direnik, hasteko, ez baita bermatu enpresa batek Kontratazio Mahaiari eginiko kontsulta espero daitekeen pribatutasunaren barruan egitea. Are gehiago, ez da lehiaketaren inpartzialtasuna bermatzerik izan.

Ezin uler dezakegu udal kultura teknikariak, lehenengo pertsona plurala erabiliz, prezioa jaisteko proposamena luzatu izana lehiaketan parte hartu duen enpresa bati, eta Gobernu Organoak erabaki izana, hala ere, lehiaketarekin aurrera egitea. Bestalde ez dugu ulertzen froga horiek ikusi ondoren -zuzenean alkatetzari entregatuak izan ziren irailaren 29an-, lehenbizi teknikari horri diziplina espediente bat zabaltzea -urriaren 25ean- eta, aldi berean «arazoa bi enpresen arteko gatazkaren ondorioz sortu dela» eta «Udalak arazoaren erdian aurkitu duela bere burua». Ezin dugu ulertu, halaber, instituzio berberak honako bi erabakiak hartzea: batetik kultura teknikariaren inpartzialtasuna berretsi eta lehiaketarekin aurrera egitea, eta bestetik zigor espedientea irekitzea. Maila horretako inkongruentzia ulertezina zaigu.

Aipatu eta salatu behar dugu arazoa udalaren barnean sortu dela, Kultura Saileko arduradun nagusiak legala ez den informazioa helarazi diolako lehiaketan parte hartu duten enpresetako bati. Horregatik, harriduraz irakurri ditugu Udalaren azalpenak. Gainera, ez dugu ulertzen alkatetzari entregatutako frogen ondorioz teknikariari diziplina espedientea irekitzea, baina froga horiek espedientean ez atxikitzea. Horixe baieztatu dugu, gaur bertan, espediente hori ikusteko aukera izan dugunean. Gure bigarren erreklamazio baten ostean irekitako bigarren espedientean gehitu ziren froga horiek.

Teknikariak bere email kontu pribatutik idatzi izanak ez dio ardurarik kentzen. Horrek ez ditu baliogabetzen ez bere legez kanpoko jokaera ez eta udalak duen zeharkako erantzukizuna. Horrek eragin du, beste hainbaten artean, gure babes falta sentsazioa.

Udalaren adierazpenak dio «ez dela onargarria Udalak emandako urratsen inguruko oinarririk gabeko akusazio faltsuak gizarteratzea». Gorago ere aipatu ditugu gure ustez onartezinak diren hainbat jokaera. Irailaren 29an alkatetzarekin izan genuen lehen bileran, non lehen froga horiek entregatu baikenituen aurrez aurre, Udalari jakinarazi genion Molatu Produkzioak enpresaren helburua dela ahalik eta kalte gutxien sortzea; bai Udalari, bai Kultura Sailari eta baita kultur eragile ere bagaren neurrian, Tolosako kulturari. Zoritxarrez, ia bi hilabete beranduago eta gure salaketak aintzat hartu ez diren sentsazioarekin, publikoki salatu behar izan dugu arazo honen kudeaketarekin dugun desadostasuna. Azken erabakia duela hainbat egun filtratu zen, eta hedabideek ere Molatu Produkzioak enpresak baino hainbat ordu lehenago jakin zuten Udalaren erabakiaren berri. Azken adibide bat baino ez da. Erakusten du, hain zuzen ere, ez dela asmatu arazoa neurtzen eta bidezko soluzio bat ematen.

Molatu Produkzioak SL

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!