45. Abesbatza lehiaketa

Suediarren magiak liluratuta

Itzea Urkizu Arsuaga 2013ko aza. 3a, 12:07
St. Jacobs abesbatzak irabaz zezakeen guztia irabazi du, eta Tolosa ordezkatuko dute Debrecen-eko (Hungaria) Europako Sari Nagusian

Aurtengo Abesbatza Lehiaketako kalitatea izugarrizkotzat jo dute adituek, krisiak ekarritako murrizketen gainetik. Eta ez da gutxiagorako, epaimahaiaren emaitzak ikusiz gero: Stockholm-eko St Jacobs abesbatzak irabaz zezakeen guztia irabazi du, bost garaikur eskuratuz. Gainera, %92,40ko bataz bestekoa eskuratu du epaimahaiaren puntuazio osoa kontuan hartuta. Azken urteotako abesbatza onenetarikoa da, beraz, talde gaztea.
Mikael Wedar-ek zuzendutako abesbatza ikuslegoaren gustokoena izan da, eta horrez gain, folklorean eta polifonian, nahiz euskaraz abesturiko obraren sarian ere garaikurra eskuratu dute. Saririk potoloena, ordea, Tolosako Abesbatza Lehiaketako Sari Nagusia izan da suediarrentzat: lehiaketako puntuazio gorena jaso zutela esan nahi du, eta honekin batera, 2014ko martxoan Debrecen-en (Hungaria) ospatuko den Europako Sari Nagusian, Tolosa ordezkatzeko txartela ere irabazi dute.
Suediarrekin batera, AEBetako ECU Chamber SIngers eta Saarbrücken-eko (Alemania) Kammerchor abesbatzak izan dira onenak. Aurten berriro entzuteko aukera berreskuratuta, haurren sailean, berriz, Prague Philharmonic Children’s Choir-k jaso zuen lehen saria.  
1990eko hamarkada gogora
1991 eta 1993. urteetan Saint Jacobs abesbatza garaile suertatu zen Tolosan, eta askoren ustetan, sekula lehiaketan parte hartu duen abesbatzarik onenetakoa da.
Mikael Wedar zuzendaria tartean zen orduan, abeslari gisa, azaldu duenez: «Hogei urte nituen orduan, oso gaztea nintzen». Aurten, ordea, 20 eta 29 urte arteko gazteak zuzenduz iritsi da Tolosara. Lehiaketa ondo prestatu zuten arren, bost sari irabazita, ezin sinetsirik zebilen, oraindik, amaiera ekitaldiaren ondoren. Modu honetara, gainontzeko abesbatzen kalitatea nabarmendu du Wedar-ek: «Bagenekien gurekin lehian arituko zirenak oso ondo prestatuta etorriko zirela, eta halaxe izan da. Guretzat sekulakoa da hau, munduko lehiaketarik garrantzitsuena baita Tolosakoa».
Stockholm-eko katedralak St. Jacobs izenpean hainbat talde ditu, eta 2007an hartu zuen, Wedar-ek, gazte hauek zuzentzeko proposamena, bere zuzendaria zen Gary Graden-en eskutik. Kalitatezko emanaldiak eskaini dituzte lehiaketak iraun duen hiru egunetan, eta musikalitatearekin batera, entzuleak hunkitzeko gaitasuna izan dute. Honekin batera, euskaraz hobekien abestu dutenak izan dira, eta zenbait hitz ere ikasi dituzte egonaldian, amaiera ekitaldian «Gora!» eta «Bost!» oihukatzen aritu baitziren, garaipenari erreferentzia eginez.
Suediako abesbatza askoren kalitate gorenaz galdetuta, Wedar-ek hizkuntzarekin lotu du lorpena: «Gure hizkuntzak hamar bokaletik gora ditugu, eta hainbat modutara ahoskatzen ditugu, kokalekuaren arabera. Horrek musikalitatea ematen dio suediarrari, eta abesterakoan ahotsa kolokatzeko erraztasunak ere bai. Beraz, horregatik izan litekela uste dut».
St. Jacobs abesbatza gaztearen zuzendariak, azkenik, Tolosako Abesbatza Lehiaketaren antolakuntza goraipatu nahi izan du, kalitatearekin batera: «Oso ondo portatu dira gurekin, eta antolakuntza ere paregabea izan da».

Emaitzak

Ikus-entzuleen saria. St. Jacobs gazte abesbatza (Suedia).
Euskal abesti baten interpretazio onena. St. Jacobs gazte abesbatza (Suedia).
Haur abesbatzak
1. Prague Philharmonic Children’s Choir (Txekiar Errepublika).
2. Vesnianka (Errusia).
3. Cor Vivaldi (Herrialde Katalanak).
Polifonia
1. St. Jacobs gazte abesbatza (Suedia).
2. Kammerchor Saarbrücken (Alemania).
3. ECU Chamber Singers (AEB).
Folklorea
1. St. Jacobs gazte abesbatza (Suedia).
2. ECU Chamber Singers (AEB).
3. Kammerchor Saarbrücken (Alemania).
Tolosako Sari Nagusia eta Europako Sari Nagurirako txartela. St. Jacobs gazte abesbatza (Suedia).


Tolosa, topagune, hutsune batzurekin

David Azurza · Abesbatza zuzendaria
Beste behin, Tolosak berritu du, urtetan irabazitako abesbatzen hiriaren titulua. Europa, Amerika eta Asiatik etorritako ospe eta maila handienetako taldeek bisitatu gaituzte, eta beren kantu zirraragarrienak oparitu dizkigute. Tolosak esfortzua eskertu die, eta trukean, antolakuntza txukun baino txukunagoa, zaindua eta maitasunez beterikoa, eskaini die. Boluntario pila bat aritu da elkarlanean, makrojaialdi hau egin ahal izateko. Hemendik nire txalorik beroena, guztientzat.
Ez da kasualitatea, aurten etorritako koruen artean, asko, aurreko urteetan ere etorritakoak izatea. Tolosak asko ematen die, eta denek bueltatu nahi izaten dute: esperientzia aberasgarria izaten da.
Abesbatza guztiak euskaraz aritu dira, gure hizkuntza eta kultura ezagutuz, eta gure musika zabalduz. Pasaporte ederragorik ez dago gure euskararentzat. Aurten, haur abesbatzen lehiaketa berreskuratu dute (luxuzko saioa, alajaina), baina ezin izan da ganberako taldeen saila egin: ekonomiak dixit. Saio gutxiago, baina kalitate handikoak.
Nazioarteko epaimahai batek aukeratu ditu onenak. publikoaren sariarekin bat eginez, (bravisimo!) hori da sintonia! Duela 20 urte sari guztiak irabazi zituenak, aurten, berriro, lehenengo sariak eraman ditu. Talde zoragarria!
Detaile bat: Alemaniatik, hango talde onenetariko bat urtero etortzen zaigu, bertako erakundeen laguntzari esker. Hemen, ordea, erakundeak atzera pausoak emanez… Aurten Kutxak, beste urteetan laguntzaile pribatu handiena izanik, ez du hankatxoa ere erakutsi…Lotsagarria!  
Publikoa, ordea, beti fidel. Euskal Herriko eta Espainiako bazter guztietatik etorritako ikus-entzuleek saioak bete egin dituzte. Mila esker!
Suediako zuzendaria, bere taldearekin, agertokian publikoaren kantua jasotzen; Agur jaunak, alegia. Hunkituta zegoen, «Zein ondo abesten duten!», esaten zidan. «Noski, publiko hau oso berezia baita», esaten nion nik. Publikoak ematen dio, lehiaketari, bizirauteko arrazoia. Eskerrik asko.
Tamalez, aurten Iñakik, Joxeluk, eta duela egun batzuk Miguelek, utzi egin gaituzte. Ziur naiz, nonbaitetik haien irrifar onenetako bat bidali digutela egun hauetan.

Erlazionatuak

45. Abesbatza Lehiaketa, amaiera ekitaldia

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 aza 04 Tolosa

Haur abesbatzak kantuan

Tolosaldeko Ataria 2013 aza 02 Tolosa

Parte hartuko duten abesbatzak

Iñigo Terradillos 2013 aza 01 Tolosa

Arretxeren omenez, 45. Abesbatza Lehiaketa

Itzea Urkizu Arsuaga 2013 urr 17 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!